Sarrera

Esteve Materraren Do(c)trina Christiana: edizioa eta azterketa


Honako hau Aziti Bihia elkartearen proiektu bat duzu.

Esteve Materraren Do(c)trina Christiana XVII. mendean euskara lapurtar klasikoan idatzitako lehen liburua da eta testuaren edizio kritikoa eta azterketa prestatzen ari gara.

Obra hau 1617an argitaratu zen lehen aldiz eta 1623an berreginik eta zabaldurik berrargitaratu, gerora berrargitalpen gehiago izan baditu ere, 1648, 1693 eta 1704 urteetan. 1617ko lehen edizioa galdurik egon da hainbat mendez eta guztiz ezezaguna izan da irakurle eta ikertzaileentzat, Aziti Bihiako lan-talde honek Copenhageko Errege Bibliotekan ale bat topatu duen arte. Bestalde, 1623ko bigarren edizioaren ale bakarra gordetzen da Oxfordeko Bodleian Libraryn eta originaletik aldentzen diren kopia eta transkripzio akastunak dira ikertzaileen eskuartean ibili izan direnak. Testuaren transmisioak eta ikerketak mendeetan zehar izan dituen gabezia eta arazo horiei aurre egitera dator hemen aurkezten dugun edizioa.

Helburu horren mesedetan zeinahi iruzkin edo ohar egin nahi badiguzu zinez estimatuko dugu.





   Hartutako lanak

  • 1617ko lehen edizio desagertua aurkitu da. Webgune honetan ezagutzera eman da lehen aldikoz.
  • Kopenhagera eta Oxfordera bidaia bana egin dugu, hurrenez hurren 1617ko eta 1623ko ale bakarren irudi onen eta oharren bila, traskribapen eta edizio fidagarria eskaintzeko.
  • Gainerako aleen faksimileak eskuratu ditugu eta digitalizazio hobeak eginarazi, beharrezkoa izan den kasuetan.
  • Ondoko edizioekin eta elkarren artean alderatu dira lehen bi edizioak.
  • Liburuaz orain arte esandakoak berrirakurri, iruzkindu eta osatu ahal izan dira aurkikuntzari esker.
  • Egilearen inguruko bibliografia batu eta osatu da.
  • Materraren testuinguru soziokulturala, haren euskararen hiztegi, adizkitegi eta gramatika, eta Wikipediako sarrera prestatzen ari gara.