SIOP 1. ATALA: UNITATE PRESTAKETA

Atal honetan unitatea prestatzeko prozesua aztertzen da, eduki-helburuak eta hizkuntza-helburuak unitatearen barne sartzearen beharra azpimarratzen da, baita materialen erabilera eta ekintza esanguratsuak proposatzearen garrantzia ere aipatzen da.

1. Eduki-helburuak eta hizkuntza-helburuak unitatean argi zehaztuko dira bai idatziz bai ahoz.

Hizkuntza-helburuak mota askotakoak izan daitezke. Kasu batzuetan ikasleen hiztegia garatzeko bideratu daitezke. Bestetan irakurmena edo idazmenarekin zerikusia izan dezakete. Beste aukera bat da hizkuntza-helburuak hizkuntza funtzioekin lotzea (nola eskatu informazioa, ondorioak atera...) edo gramatika eta ortografia aspektu zehatz batzuk (adibidez, pertsona edo gertaera historikoak ikastean letra larriei buruz ikas daiteke).

Helburu hauek ikasgaiaren hasieran ikasleekin aztertzen dira, bukaeran ikasleek adierazten dute zer helburu bete diren. Komenigarria izan daiteke soilik eduki-helburu bat edo bi sartzea saio bakoitzean.

3. Eduki egokiak bai adinerako bai ikasleak duen ezagutzarako planteatu.

4. Edukiak ikasle guztien mailara egokitu (testuak, atazak...).

Unitatea prestatzean, edukiei dagokienez, ondoko puntu hartuko dira kontuan:

(1) ikasleek L1ean duten irakurketa eta idazketa maila

(2) hizkuntza berrian duten maila

(3) L2ko materialen kultura eta adinaren egokitasuna

(4) materialak erabiltzeko behar den irakurketa maila.

Bestalde, unitate horretan irakatsiko dena ulertu ahal izateko ikasleek behar duten ezagutza arretaz aztertuko da. Tarte handia badago ikasle batek dakien artean eta ikasi behar duen artean ikasgaian elementu prestatzaile gehiago sartu behar dira edo ikasgaia aurretik mini-unitate bat sartu. Irakasleak klaseko egoerarako bietako zein den aukerarik egokiena aztertuko du.

Testu liburuak zailak izaten dira hizkuntza berri bat ikasten ari diren ikasleentzat baina testuak egokitzen direnean arrisku handia dago testua deskafeinatzeko eta edukiak galtzeko. Bestalde, ezin da espero ikasle bat entzunez bakarrik edukiak ikastea. Hori dela eta, bideak aurkitu behar dira testuak eta beste materiala batzuk ulergarriak egiteko ikasle guztientzat, materialak egokitu behar dira baina edukiak aldatu gabe. Modu asko gomendatu dira irakurtzeko arazoak dituzten ikasleentzat eta erabilgarrriak dira hizkuntza berriaren ikasleekin ere. Teknika hauek unitate osoan zehar erabil daitezke hainbat eratan: aurre-irakurketa estrategia moduan, irakurketa bitartean laguntza moduan edo irakurketa egin ondoren ikasitako informazio berria antolatzeko.

Edukiak egokitzeko proposamenak honako hauek izan daitezke: grafiko antolatzaileak, eskemak, marrazkien etiketatzea, ikasketa-gida, testu egokituak edota markatuak.

· Grafikoak:

Grafiko antolatzaileak erabili ikasleei edukien osotasuna edota edukien zatiak ulertarazteko. Grafikoak hitz idatzien edota ahozko hitzen osagarri bezala erabili. Grafikoak ere ikasleekin egin daitezke hiztegi berriaren esanahiaz mintzatzen garenean.

Aurretiko,bitarteko eta ondoko irakurketa eta idazketa ekintzetan erabili daitezke.

o Aurretiko irakurketa eta idazketa ekintzetan: Grafikoak erabili aurretiko ezagupenari eragiteko, pentsatzea gidatzeko, eta hiztegia lantzeko.

o Bitarteko irakurketa eta idazketa ekintzetan: Grafikoak erabili ikasleei informazioa antolatzen laguntzeko eta gaian zentratuta egoteko.

o Ondoko irakurketa eta idazmena ekintzetan: Grafikoek ikasleei aukera ematen diete aurretiko ezagupena egiaztatzeko eta informazioa erregistratzeko. Bestalde, birpasorako ere baliogarriak dira.

Iradokizun: Hizkuntza berria ikasten ari diren ikasleekin lagungarria da haien aurrean grafikoa gardenki batean egitea hobeto uler dezaten.

· Testuen gidoia/eskemak:

Irakasleek eskemak prestatu ahal dituzte ikasleek oharrak hartzeko modu antolatu batean testu bat irakurtzen duten bitartean eta aldi berean gaia jarraitzen laguntzeko.

Iradokizun: Ikasle batzuek irudien laguntza edota eskema beteta erabiliko dute irakurketa-gida moduan.

· Errotuladore fosforeszentez markatutako testuak:

Helduberrientzat: Errotuladorez nabarmendu oinarrizko edukiak, hiztegia, eta laburpen-esaldiak ikasleen testu liburuetan. Helduberriek bakarrik nabarmendutako esaldiak irakurriko dituzte. Honek eskaera gutxituko du baina edukirik garrantzitsuenak mantenduko dira

· Testuen ezkerraldeko oharrak:

Errotuladorez markatutako testuekin bezala liburu batzuk oharrekin gorde daitezke hizkuntza berriaren ikasleentzat edo irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat. Irakasleak marjinean jarritako oharrek laguntzen dute ideia eta hitz garrantzitsuei atentzioa bideratzen (lan hau egiteko gurasoen edo beste pertsonen laguntza eskatu dezakegu). Oharrek zerikusia izan dezakete edukiekin edo paragrafo bat irakurtzeko aholkuak eskaini ditzakete.

Bestela ohar itsaskorrak edo alboan jartzeko orriak ere erabil daitezke.

· Grabatutako testuak:

Irakasleek edo ikasle nagusiagoek liburuaren testu batzuk grabatu ditzakete ikasle berrientzat. Honek irakurtzen eta ulertzen laguntzen du. Ikasleek testua eta zinta etxera eraman ditzakete.

· Testu egokituak:

Batzuetan beharrezkoa da testu trinkoak berridaztea ikasle berriek eduki bat uler dezaten. Kontua ez da irakatsi behar diren edukien maila jaistea, baizik eta kontzeptu bat irakastean hizkuntza erraztea.

Esaldi motz eta bakunak errazago ulertu ditzakete. Testuaren egiturak funtsezko esaldi bat izango du xehetasun-esaldi batzuen lagunduta.

Esaldi guztiak egokiak izango dira testu horretarako. Egitura logiko bat mantentzeak irakurketa errazten du eta baita aurretiko ezagupenekin loturak egiten ere. Hizkuntza berriaren ikasle asko badaude gelan testu egokituak lagungarriak izan daitezke. Ziurtatu behar dugu egokitutako testuak edukiak argitzen dituela eta ez gehiago nahastu.

· Puzzle erako irakurketa:

Elkarlan taldeak osatu ondoren desegiten dira eta “adituen taldeak” osatzen dira . “Adituen talde” bakoitza testuaren atal batetaz arduratzen da. Ozenki irakurtzen dute testu atal hori, aztertzen dute oinarrizko hiztegia eta bilatzen dute informaziorik garrantzitsuena. Dena argi dagoenean kide bakoitza badoa bere elkarlan taldera eta bere kideei adituen taldean ateratako ideiak azaltzen dizkie . Modu honetan hizkuntza ikasten ari diren ikasleak beste kideengandik ikasten dute, testu luzeegiak irakurtzeko beharrik izan gabe. Hizkuntza berria ikasten ari diren ikasleak adituen taldera joan daitezke bakarrik edo beste ikaskide batekin.

· Mailakatutako ikas-gidak:

Irakasleek ikas-gidak osatzen dituzte testuliburuen osagarri moduan. Gida hauek testuen laburpenak, galderak. eta atazak izan ditzakete. Irakasleek mailakatutako galderak planteatu ditzakete:

§ * (errezenak) Ikasle guztiek erantzun ditzakete

§ ** (erdiko mailakoak)

§ ***(zailagoak).

· Testuak L1ean:

L1eko testuak edota web guneak erabili daitezke kontzeptu batzuk argitzeko edo osagarri moduan.

5.- Material anitzak erabiltzeak aukera ematen du informazioa eta edukiak era ezberdinetan aurkezteko eta lantzeko.

· Material praktikoak eta manipulatzeko materialak erabili

Ikasleek edukiarekin zerikusia duten objektuekin lan egiten dute, adibidez, mikroskopioa zientzietan, munduko globoa gizarte zientzietan etab.

· Realia: errealitatearen objektuak erabiltzeak aukera ematen du bizitzarekin loturak zabaltzeko, adibidez , nutrizio etiketak edo erakusketa baten liburuxka zientzia-unitate batean erabili daitezke.

· Irudiak,argazkiak, irudi bidezko materialak: irudi bidezko baliabideak eskaini kontzeptuak zailak direnean. Lagungarriak dira aurretiko ezagupenekin loturak egiteko eta baita ahozko aurkezpenetan ere. Edukien aurkezpenetan ereduak, taulak, gardenki-proiektagailua, mapa eta denbora-grafikoak sartu.

· Multimedia: bideoek, DVDek, CD-ROMek, kontzeptu garrantzitsuenak mamitzen laguntzen dute.

· Erakustaldiak: erakutsi eredu gisan nola osatu atazak pausoz pauso edo adibidez, hizkuntzari buruz erakuspenak egin (nola egin ahozko aurkezpenak...)

· Lotutako literatura: fikzio eta ez-fikzio liburuak erabili daitezke edukiak lantzeko. Gai batean sakontzeko aukera ematen dute modu lasaigarrian.

· Testu egokituak: esaldi konplikatuak berridatzirik agertzen dira eta hiztegi zailaren definizioak eskaintzen dira.

6.- Ekintza esanguratsuak:

Klaseko ekintza esanguratsuetan unitatearen edukiak ( ikerketak, praktikak...) hizkuntzaren praktikarekin integratu, hau da, entzumenarekin, irakurmenarekin,idazmenarekin eta ahozkoarekin. Ekintzak esanguratsuak izango dira eta ikasleen munduarekin eta errealitatearekin izango dute lotura. Hizkuntza ikasten egoteagatik ez ditugu proposatuko edukiekin zerikusia ez duten ekintzak edo esanguratsuak ez direnak.