EDUKIAK ULERGARRIAGOAK EGITEN

Oharra: SITE honetan aurkezten diren testuak Berriztatze Zuzendaritzako Kultur Arteko Hezkuntza proiektuarentzat Blanka Olaldek ekoiztu eta moldatu zituen.

1. ZER DA SIOP EREDUA?

CREDE Zentroak (Center for Research on Education, Diversity and Excelence) 1996 urtean hasiera eman zion zazpi urteko irakaskuntza ikerketa proiektu bati Estatu Batuetan. Ikerketa horren ondorioz SIOP eredua (sheltered instruction observation protocol) garatu zen. Hasiera batean eredua behaketa tresna bezala sortu zen eta protokolo izena zuen. Echevarriak, Vogt-ek eta Short-ek sortu zuten zehazteko irakasleek “irakaskuntza babestua” (sheltered instruction) sartzen zuten haien klaseetan. “Irakaskuntza babestua” erabiltzeak esan nahi du ikasleek laguntza jasotzen dutela hizkuntza akademikoa garatzeko curriculumeko arloko gaiak garatzen duten bitartean. Ikasleei euskarria eskaintzen zaie irakaskuntza-teknika egokien bidez gaiak ulergarriago bihurtzeko.

SIOP ereduak edukiak eta hizkuntza irakasteko balio du eta bigarren hizkuntza edo irakas-hizkuntza ikasleak dauden edozein arlotako klaseetan erabili daiteke. Nahiz eta SIOP eredua ikasle hedu berriei (English Language Learners) kalitatezko hezkuntza ziurtatzeko garatua izan, ikasle guztien beharretara heltzeko eraginkorra izan daitekeela frogatu egin da. Eredu hau irakaskuntza hobetzeko beste programa batzuekin batera edo H2 ikasteko beste plangintza batzuekin batera ezartzea gomendatzen da (Harrera plana, hizkuntza indartzeko planak...). Batzuetan irakaskuntzan planteamendu,erreforma edo praktika berri askorekin bonbardatuak izaten gara. Claude Goldenberg-ek aipatzen duen bezala askotan falta dena koherentzia da edo plan orokor bat praktika on guztiak konbinatzeko eta eredu hau bat dator praktika onak bultzatu nahi dituen beste modeluekin.

Izan ere, SIOP planarekin estrategia zehatz batzuk erabiltzen dira edozein arlotako edukiak ikasleei modu ulergarri batean irakasteko eta aldi berean bigarren hizkuntzaren garapena bultzatzeko. Oinarritzat hartzen dira zenbait teoria ( Vygotsky, Krashen...) eta beste eredu pedagogiko batzuetan aurkitu ahal diren estrategiak erabiltzen dira (lankidetza, bigarren hizkuntzen metodologiak, instruzio psikologia...), baina arreta berezia jartzen da ikasleen bigarren hizkuntzaren garapen-beharretan eta haien beharra akademikoetan. Helburu hau lortzeko, besteak beste, SIOP ereduak arloko eduki-helburuak hizkuntza-helburuekin uztartzea gomendatzen du. Hizkuntza-helburuak sartzeak irakasleei aukera ematen die pentsatzeko nola nahi duten ikasleek unitatean zehar hizkuntza erabiltzea eta zeintzuk izango diren ikasleen hizkuntza beharrak unitatean zehar. Irakasleek hizkuntza ikuspuntutik aztertuko dute gaia.

Hala ere, SIOP eredua ez da ulertu behar soilik irakaskuntza-teknika gehigarri multzo bat bezala. Izan ere, eredu honek bai bigarren hizkuntza klaseei bai arloko klaseei zuzenduta dauden metodo eta estrategiak oinarritzat hartzen ditu eta aldi berean estrategia hauek osatzen ditu.

Irakas-hizkuntzaren ikasleek ez dute bakarrik euskeraz/gaztelaniaz hiztegia edo gramatika ikasi behar baizik eta hizkuntza hori ere nola erabiltzen den irakasgaietan. “Hizkuntza akademiko” horren barruan ikasleek gauza izan behar dute testuak irakurtzeko eta ulertzeko, hipotesiak planteatzeko, ikuspuntuak argudiatzeko, oharrak hartzeko, besteak beste. Horregatik, ikasleek bai hizkuntza ezagupena eta bai eduki ezagupena batera erabili behar dituzte arloko atazak betetzeko. Ikasleek eredu honen barruan aukera anitzak dituzte hizkuntza trebetasun guztien integrazioaren bidez (mintzamena, irakurmena, idazmena, entzumena) ikasten ari direna aplikatzeko.

Kontuan hartzeko beste aspektu bat da kulturen eta pertsonen arabera hainbat ikasteko era, klaseko-jarrerrak eta hizkuntza erabiltzeko hainbat era daudela.

Hizkuntza eta edukiak uztartzen duen klasea eta kontzientzia soziokulturala sartzen duena oso leku ona da irakas-hizkuntza ikasleei aldamio-egitura eskaintzeko. Vygotsky eta beste autore batzuk (Tharp et al., 2000; Vygotsky, 1978; Wertsch,1991) esaten duten bezala, ikasleen irakas-hizkuntza sozio-elkareraginaren bidez eta testuinguruko komunikazioaren bidez bultzatzen da eta hori irakasgai guztietan sortarazi daiteke. Vygotsky-k bai garapen kognitiborako bai hizkuntza garapenerako elkarreraginaren garrantzia azpimarratu zuen eta baieztatu zuen ikaskuntza gertatzen dela ikasleei aldamio-egitura eskaintzen zaienean ezagutza berria bereganatzeko.

Aldamio-egitura eskaintzean, irakasleek ikasleen hizkuntza berriaren mailan arreta jartzen dute, irakaskuntza hasten da ikaslearen uneko ulermen-mailan eta ikasleari ulermen maila altuetara heltzen laguntzen zaio egokitutako euskarriaz. Hori lortzeko irakasleek erabiltzen duten modu bat hizkera moldatzea da (parafraseatzea, adibideak ematea, analogiak ematea, ikasleen erantzunak lantzea, jarraibideak bai idatziz bai ahoz ematea ...), horrela ikaslearen ulermena eta solasaldietako parte hartzea errazten da. Bestela baliteke diskurtsoa ikaslearen hizkuntza-mailatik gora izatea (Bruner, 1978). Irakasleek modulatzen dute ikasleekiko eta ikasleen arteko hizkuntza maila eta edukiak ulergarriago egiten dituzte zenbait teknika erabiliz, besteak beste, irudi bidezko laguntza, modelatzea, ereduen erakuspenak, grafiko antolatzaileak, hiztegiaren aurrebista, egokitutako testuak, kideen arteko tutoretza, kulturarteko edukiak, eta ikasleen lehen hizkuntzaren laguntza. Irakasleak saiatzen dira konfiantzako eta errespetuzko giroa sortzen ikasleak hizkuntzarekin arriskatzen eroso sentitzeko. Eredu honetan irakasleek ere lotura zehatzak zabaltzen dituzte lehenago irakatsitako eduki eta eduki berrien artean, ikasleen esperientziak eta aurretiko ezagupena ezinbestekoak dira abiapuntu bezala, are gehiago kultura eta hizkuntza anitzeko ikasleak badaude klasean. Alde batetik laguntzen diegu ikasleei daukaten ezagutza (edukiena, hizkuntzarena...) eta esperientziak aktibatzen eta bestalde oinarrizko ezagutza horrek balio behar du kontzeptu berriekin loturak egin ahal izateko eta gaian motibatzeko.

Ondo planteatutako SIOP klaseetan badago irakaslearekiko, ikasleekiko eta testuarekiko konpromezu eta elkarreragin maila altua. Ikasleei esplizituki irakasten zaie hizkuntza funtzionala (nola negoziatu esanahia, nola konbentzitu, nola azaldu desadostasuna...). Taldekatze malguak erabiliz eta solasaldiaren bidez eta ataza esanguratsuen bidez ikasleek praktikatzen dute eta aplikatzen dute hizkuntza berria (hizkuntza trebetasun guztien integrazioaren bidez) eta eduki ezagupena. Aldi berean, indarra jartzen da gaiaren ulermenerako garrantzitsua den hiztegian. Ikasleei bai gaiaren gako-hitzak bai hiztegi akademikoa irakasten zaie. Saville-Troike hizkuntzalariak aipatzen duen moduan, “Hiztegiaren garapena ezinbestekoa da, badakigu lotura estua dagoela hiztegi ezagutza eta lorpen akademikoaren artean” (Echeverria, Vogt, eta Short-en Making Content Comprehensible for English Learners: The SIOP Model. 2004, orr.49). Hiztegi ikasketa honetan ikasleen partaidetza, hiztegiaren ikasketa pertsonalizatua eta hitzak ikasteko zenbait modu erabiltzen dira.

Adierazpen-ezagutza eskaintzeaz gain ( egitate-informazioa...), irakasleek ikasteko estrategiak (metakognitiboak, kognitiboak, sozio-afektiboak) eta prozedura-ezagutza ere indartzen dute eta modelatzen dute (nola burutu daiteke ataza bat, adib nola antolatu zientzia-laborategiko ikerketa bat...). Ikasleei esplizituki irakasten zaizkie estrategiak ( iragarpenak, informazioa antolatzen...) eta irakaslearen eta ikaskideen laguntzaz estrategia horiek praktikatzeko aukera anitzak ematen zaizkie era autonomo batean erabiltzeko gauza izan arte. O'Malley eta Chamot-ek (1990), eta Oxford-ek (1990a) ondorioztatu zuten ikasteko estrategien erabilera klaseko irakaskuntzan ezinbestekoa dela ikaste-arrakastarako eta saiatu ziren eredu bat aurkezten estrategien irakastean irakasleek jarraitu behar zituzten pausoekin.

SIOP ereduaren beste ezaugarri aipagarri bat da edukiak egokitzen direla, bideak bilatzen dira testuak ulergarriagoak izateko. Unitatean zehar erabiltzeko proposatzen diren teknikak anitzak dira: testuen gidoiak eta eskemak, grafiko antolatzaileak, mailakatutako ikas-gidak, errotuladorez markatutako testuak, testuen ezkerraldeko oharrak, grabatutako testuak, testu egokituak, puzzle erako irakurketa, lehen hizkuntzako testuak.

Testu akademikoez gain beste material osagarri batzuen erabilera bultzatzen da. Material honen barruan sartuta daude gaiarekin lotuta dauden beste testu batzuk, diagramak, beste ilustrazio batzuk, ereduak, realia, ikus-entzunezko eta ordenagailu baliabideak, egokitutako testuak eta abar. Material hauen helburua da gai nagusien ulermena hobetzea irakaslearen hitzaldi luzeak eta testuliburuen prosa trinkoa ordezkatzeko asmoz. Material osagarri hauek ere irakasleei lagundu ahal diete hizkuntza maila anitzeko ikasleei informazioa ematen.

Halaber, aldizkako hiztegi eta eduki berrien birpasoa egingo da ikasleei informaziorik garrantzitsuena antolatzen laguntzeko. Ez dugu ahaztu behar irakas-hizkuntza ikasleentzat nekagarria izan daitekeela ordu asko ematea hizkuntza berri bat erabiltzen, horregatik oso lagungarria da birpasoak egitea eta feedbacka jasotzea. Horrela, ikasleek aurrerapenen oharmena jasotzen dute eta gaizki ulertuak zuzendu eta argitu ditzakete. Ondo planteatutako feedbacka motibagarria da ikasleentzat eta ikaste-prozesuan laguntzen du.

Bestalde, ikasleen maila kontuan izanik, ikasleei bide anitzak eskaintzen zaizkie edukien ulermena erakusteko eta ebaluatzeko. Egokitzapen batzuk lagundu ahal dizkiete iraskas- hizkuntza ikasten ari diren ikasleei dakitena adierazten. Esate baterako, hainbat ikasle berrientzat planifikatu daitezke irudi bidezko frogak, froga praktikoak..., halaber, talde-lanak edo atazak, klaseko-solasaldi informalak, ahozko azalpenak, idatzizko atazak, portafolioak, edo testak eta galdetegiak ere erabil daitezke gaiaren ulermena eta hizkuntzaren garapena erakusteko.

Aipatzekoa da SIOP eredua erabiltzeak ez duela esan nahi irakasleek beren teknikarik gustukoenak ahaztu behar dituztenik edo gaietan elementu berri ugariak sartu behar dituztenik. Eredu honek, berriz, biltzen du zer irakatsi “nola irakatsi” planteamendu bat eskainiz. Ereduak teknikak eta estrategiak aukeratzeko eta antolatzeko esparru bat eskaintzen du. Azken finean, programa hau oso malgua da eta bilatzen dena da irakasleek praktika onen errepertorioa izatea eta egoeren arabera komenigarria dena erabiltzea ikasleen beharretara heltzeko. Ikerketetan frogatu den bezala, ez dago estrategia bakar bat beti arrakastatsua dena, berriz, estrategia anitzen erabilera aniztasunari aurre egiteko eraginkorragoa da.

Eredua hau xede anitzeko erabili daiteke, unitate didaktikoen prestakuntzarako, irakasleen prestakuntzarako edo irakaslearen unitateen autoebaluaziorako. Espero bada arloko irakasleek irakas-hizkuntza berriaren ikasleei hizkuntza akademikoarekin laguntzea edukiak ikasten duten bitartean, SIOP ereduaren ezarpena kontuan hartzekoa da.

Egileentzat eredu honen garapena prozesu bat da horregatik gomendatzen dute atal batekin edo elementu batekin hastea eta pixkanaka beste elementuak sartzea. Bestalde, irakasle taldeetan lan egitea proposatzen dute, irakasleen arteko lankidetzak hobetu eta aberastu dezakeelako SIOP ereduaren ezarpena.

Gaur egun eredua zortzi ataletan antolatuta dago eta laguntzen du unitate didaktikoak prestatzen eta burutzen. Zortzi atal hauek honakoak dira: Prestakuntza, Oinarriaren garapena, Input ulergarria, Estrategiak, Elkarreragina, Praktika eta Aplikazioa, Prozesuaren kontrola eta azkenik Birpasoa eta Ebaluazioa. Atal bakoitzean saio eraginkor batek izan behar dituen zenbait ezaugarri sartzen dira.

Irakasgai berri bat ikastean ez da soilik gai horren kontzeptuak ikasi behar, baizik eta gai horren hizkuntza eta bere erabilera ere ikasi behar dira. Horregatik, edukiak irakasten ditugunean denok gara hizkuntza irakasleak ikasleen jatorriari erreparatu gabe. Hala ere, hizkuntza berria ikasten ari diren ikasleek estrategia batzuk beharko dituzte hizkuntza garatzeko eta edukiak ulertu ahal izateko. Jong eta Harperrek komentatu duten bezala: “ Irakasle guztiok egon behar dugu trebatuta eta prest hizkuntza berria ikasten ari diren ikasleen hizkuntza eta edukien garapena bultzatzeko.”

Hizkuntza eta edukiak integratzen dituzten klaseak eta kontzientzia sozio-kulturala sartzen direnak egokienak dira ikasleentzat.