Orain arte sarritan entzungo zenutenaren arabera 1914-1918ko Lehen Mundu Gudak ez zuen izan eragin handirik Espainian, herrialde neutrala izan baitzen. Baina berriki Fernando García Sanz historialariak argitaratu duen España en la Gran Guerra (Galaxia Gutenberg) saiakera lanak behera bota du historialari askok azpimarratutako iritzia, bere ikerketa eta ondorioen arabera gudan zeuden herrialdeen izkutuko eta inteligentzia zerbitzuek politika, ekonomia eta gizarte alor guztiak zulatu baitzituzten erabaki ofizialak makurrarazi arte.
Bestalde kostaldeetan ezeri ez inori errespeturik izan ez zion urpeko guda hedatu zen. Alemanek 12'5 milioi tona merkatal itsasontzi hondoratu zituzten munduko itsasoetan zehar, horietako asko espainiarrak. Hondoratutako itsasontzi espainiarren artean %80 euskaldunak ziren, 96 bizkaitarrak eta haien artean 50 Bilbokoak. Hondoratutakoetatik 61 urpekari alemanek torpedoz zulatu zituzten, eta besteak minak jota hondoratu ziren; 68 marinel hil ziren.
Hau ez da harritzekoa, Bilboko itsasontziak ugari izanaz gainera gelditu barik ibili baitziren edonora alemaniak ezarritako blokeoa apurtuz zein inguruan zeuden arrantzalekuetan arrantzatuz.
Beste alde batetik, estatu borrokalariek Guda Handia, gudatxo bat bestetik izango ez zela uste zuten artean, ea inork ez zion Espainiari begiratu. Usteak ustel, gatazka luzea igarri zenean, herri neutralak ezinbesteko egin ziren gudarako, hala lehengaiengatik, nola kokapen geografikoagatik.
Euskal Herrian ordea, neutraltasuna ez zen inolaz ere halako izan. Ezin dugu ahaztu gure lurraldeko Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoa Frantziarrak izaki, bertako gazteak, eta ez hain gazteak, gudako lehen egunetatik joan zirela gudari. 6.000 hildako eta milaka zaurituren arrastoa utzi zuen gatazkak. 45.000 gudari abiatu omen ziren Pirinio beheretik eta 25.000 Baionatik hiru egunetan. Euskal idazleak ere izan ziren tartean: J. Elissalde gudariak zenbait kronika bidali zituen Lapurdin argitaratzen zen "Eskualduna" egunkarira, eta J. Etcheparek ere beste horrenbeste egin zuen aireko armadan sendagile aritu zen bitartean. Beste alde batetik J. Hiriart- Urrutik, P. Lafittek, J. Barbierrek, E. Decrept-ek... artikuluak, antzezlanak, opera liburuxkak idatzi zituzten gudalekuetatik at ziren herrietan.
Gudarako deiak, gudan sartzeak eta bertan bizi izandako esperientziek indartu egin zuten Iparraldeko euskal herritarren Frantziaganako lotura, ez dugu ahaztu behar gudako lehen egunetan "Eskualduna" egunkarian argitaratu zen "Biba Frantzia" artikulu sorta.
Hegoaldean bestalde "Euzkadi" egunkarian Ebaristo Bustinza "Kirikiño"-k ea egunero argitaratuko ditu gudari buruzko kronika, albiste eta iritziak. Batzutan beste egunkarietan agertutakoei buruzko iritziak dira, edo, atzerriko agentzien albisteak; beste batzutan aurrerago aipaturiko iparraldeko idazleek bidalitako artikuluak. Kirikiñok idatzitakoaren arabera, badirudi Hego Euskal Herrian, Herri Elkartuen aldeko joera zela nagusi, nahiz eta aipatzen duen egunkari karlista baten alemanen aldeko jarrera.
Gogoratu behar da, hondoratutako itsasontzietatik Bilboko portutik ateratakoak zirela gehienak, baita ere Ingalaterrarekiko lotura eta merkatal harremanak ugaritu egin zirela lehengai eta armen salmentaz. Eibarko ekonomiak bere urrezko aroa bizi izan zuen garai honetan. Guda Handiak egin zuen ospetsu nazioartean armagintza lanean. Gerraren bizkar, euskal ontzi konpainien goraldia ikaragarria izan zen Gipuzkoan eta Bizkaian itsas merkataritzan. Horren ildotik ekonomiak gora egin zuen, Banca Urquijo eta Banco Central sortu ziren, eta Bizkaiko Labe Garaien produkzioa izugarri indartu zen, baita ontziola enpresena ere. Gipuzkoako konpainia metalurgikoak eta paperaren industria ere orduan indartu ziren.
Ekonomiaren goraldiak euskal abertzaletasunaren, EAJren, goraldi politikoa eragin zuen Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Iparraldeko euskaldunekiko anaitasun bizia ere. Kirikiñoren artikuluetan sarritan aipatzen dira iparraledeko anai euskaldunen oinazeak.
Gai honen inguruan lan egingo duzue Mungia BHI-ko 4.DBHko ikasleok, informazio eta ikerketetan sakondu eta iritzi eta kronikak arakatuz, garai hartan Euskadin bizi zen giroa eta izan ziren ondorioak, guri, lurralde honetako neutralitate jarreraz gain ezer gutxi dakigunoi azaltzeko.
Gaztelaniako orrialdean duzuen gidoi eta informazio helbide zein fotokopietan emaniko argibideak
lagungarri ekingo diozue erronka honi.