PROIEKTUAREN ARDATZA

PROZEDURA

1. MOTIBAZIOA

1.1. Lehendabizi, haurrek ezagutzen dituzten jolasei buruz mintzatuko gara korroan. Horretarako, honako galdera hauek erabiliko ditugu:

            • Zertan jolastu zarete gaurko jolas-orduan?
            • Zertan jolasten zarete normalean kalean?
            • Zein dira zuen gustuko jolasak?
            • Konta dezakezue nola jolasten den jolas horietara?
            • Norekin jolasten zarete?
            • Zertan jolasten ziren txikitan zuen gurasoak eta etxekoak?

Ideia horiek guztiak arbelean idatziko ditugu eta proiektua aurrera doan heinean, ideia berriak gehitzen joango gara.

Ondoren, guztion artean, ohar bat prestatuko dugu etxera eramateko. Oharraren testua denon artean adostuko dugu honako galdera hauen bitartez:

  • Zer jakin nahi dugu?
  • Nola egingo dugu esaldia?

Jasotako erantzunekin oharra idatziko dugu arbelean eta ahal duenak kopiatu egingo du etxera eramateko.

1.2. Hurrengo saioan, etxetik ekarritako materialak bildu eta aztertu egingo ditugu.

Ume bakoitzak bere jolasa azaltzen duen bitartean, irakaslea jolas-zerrenda osatzen hasiko da.

Behin zerrenda osatuta, zortzi jolas aukeratuko ditugu guztion artean. Proiektu honetan horietariko bat erabiliko dugu eredu gisa (Zubiri-Zubiri).

1.3. Saio honetan, zotz egiteko kanta batzuk erabiliko ditugu taldeak osatzeko, haurrak kantuok pixkanaka-pixkanaka barneratzen has daitezen.

Kontuan izanda gure gelan hogei ume daudela, lau talde osatuko ditugu eta talde bakoitzari bi jolas egokituko dizkiogu.

2. GAUZATZEA

Hemendik aurrera txoko berria egongo da gelan, jolas-txokoa hain zuzen. Txoko horretatik bitan pasatuko da talde bakoitza,

eta honako material hau izango dute ikasleek eskura:

  • Etxetik ekarritakoa: jolasen inguruko argazkiak, inprimakiak, liburuak eta aldizkariak.
  • Landuko ditugun jolasen irudiak.
  • Plastikako materiala: arkatzak, margoak, artaziak, kartoi meheak (kartulinak), pegamentua …
  • Ordenagailua
  • Jolas bakoitzerako behar duten materiala: soka, baloia …

2.1. Txoko horretan, egokitu zaizkion jolasak landu beharko ditu talde bakoitzak irakaslearen laguntzarekin; honako pauso hauei jarraituko diete taldekideek:

  • Lehenengo, jolasaren bideoa ikusiko dute ordenagailuan.
  • Behin bideoa ikusita, jolasen prozedura eta arauak landuko dituzte, eta umeek jolasari dagozkion hizkuntza-baliabideak erabiliko dituzte irakaslearen laguntzaz:
            • Lokailuak, ordena adieraztekoak
            • Aditz-formak (geroaldia)
            • Lexiko eta esamolde espezifikoak

Hori guztia jolasten ari diren bitartean egingo dute.

  • Horren ostean, jolasari dagozkion irudiak aukeratu eta ordenatu beharko dituzte sekuentzia osatzeko (informazioa manipulatu). Horrela irakasleok jakingo dugu umeek jolasaren prozedura ulertu duten ala ez (1. kontrol-orria).

Bi saio erabiliko ditugu prozedura hori betetzeko.

2.2. Ordenan jarritako marrazkiak kartoi mehe batean itsatsiko dituzte eta taldekide bakoitzak dagokion marrazkia azaldu beharko die besteei. Horrela, guztien azalpenekin jolasaren prozedura osatuko dute. Saio hau amaitu ondoren, bilduma osatuko dugu, denon artean, talde guztiek egindako kartulinekin, eta irakasleok umeen eskura ipiniko dugu gelako liburutegian.

3. APLIKATZEA

Behin umeek jolasa barneratuta, talde txikian, boskotean jolasten hasiko dira txokoan bertan. Ariketa hori erabiliko dugu irakasleok ebaluazioa egiteko. Horrela jakingo dugu jolasa barneratu duten eta hizkuntza-baliabideak erabiltzeko gai diren (2. kontrol-orria). Emaitzaren arabera, berriro landu beharko dugu prozeduraren atalen bat. Horretarako, saio bat erabiliko dugu.

4. ERABILTZEA

Jolastokira joateko unea heldu da. Bertan gaudela, bi multzotan banatuko ditugu haurrak; jolastokiko alde batean bi talde, eta bestean, beste biak.

Talde batek besteari jolasa azalduko dio eta denak batera jolastuko dira.