Metodologia

Etapa honetako proposamen pedagogikoak diseinatzean talde-lana sustatuko dugu, kontuan izanik, besteak beste, ikasle-aniztasuna eta ikasteko erritmo ezberdinak daudela gelan.

Justifikazioan aipatu dugun bezala, proiektua 4 urteko umeentzat da. Taldean hogei ume egongo dira eta 4 azpitalde egingo ditugu, baina talde handian ere lan egingo dugu.

Metodologiaren oinarriak:

    • Jolasa: Haur Hezkuntzako baliabide didaktikoetan garrantzitsuenetariko bat dugu jolasa. Bera izango da gure ardatza eta helburua, jolasaren bidez haurrek ingurunea ezagutzen dutelako, mintzamena garatzen dutelako eta elkar ezagutzeko aukera izaten dutelako.
    • Ikuspegi globala: haurrek norberaren bizipenekin lotuta dauden gaietan interes handiagoa izango dute eta haiekin gehiago gozatuko dute.
    • Ikaskuntza esanguratsua: horri esker posible izango da egoera batean ikasitakoa beste egoera eta inguru batzuetan aplikatzea; alegia, gelan ikasitako jolasak kalean erabiliko dituzte.
    • Aniztasunaren trataera: umeek aukera izango dute gelara ekartzeko eta besteekin konpartitzeko haien jatorrizko kulturan edo lurraldean ohiko diren jolasak.
    • Ikasleen jokabide aktiboa: ikasleek aztertzearen, manipulazioaren eta esperimentazioaren bidez ikasten dute; hiru ekintzok ezinbestekoak dira haurren garapenerako eta ikaste-prozesurako.