TXALAPARTA Gai zaharraren errotik kantu berriak...
Artze anaiak JosAnton olerkaria eta Jexux musikaria, iragan maiatzaren 1ean Usurbil bere sorterrian hil dena - azken berrogei urte hauetako txalapartaririk sortzaileenak izan dira, dudarik gabe. Eta txalapartari gazteentzat, maisu ukaezinak. 1960 hamarkadan abantxu desagertu zen tresnari hats berri bat eman zioten, kultura mugimendurik berritzaileenetan leku nagusi bat eskainiz. Hona JosAnton Artze olerkariak txalapartaz idatzi duena :
Txalaparta, isiltasun baten oihartzuna da, adierazkor bihurtu den isiltasuna : ibarraren bakartasuna bapatean zaldi bakartiaren lauhazkak zilatua, isiltasuna eta sosegua adierazkor bihurtzen dira. Zaldiak bere lau zangoz lurra jotzen, bi txalapartari bere lau makilez zura jotzen : lurra, zura ta piztia…Izadiaren hiru erreinuak txalaparta jotzen duen gizakian bilduak. Tresna emea da, bainan arra bere kantua : bertikaltasunak horizontalsuna jotzen ; higidurak gelditasuna igarotzen ; arra eta emea elkartzen ; euriak lur idorrari bizia ematen ; denborak lekua hartzen…: txalaparta. Ttukun, ttukun, ttukun kun, kun ttukun… tturrukuttun.
Bere erritmoa nagusiki zaldiaren lauhazkarena da, eta txalapartariak erritmo honen hastapeneko kadentzia bere bihotzaren taupadetatik ateratzen du.
Edozein zaldiren lauhazka baino, txalapartak “zaldia”-ren lauhazka ordezkatu nahi du - zaldi-ereduarena -, espazioaren jeinua ; aurrehistoriako tindatzailearen gaia den zaldia, Santimamiñen, Altamiran edo Ekainen ; dantzariaren gaia Zuberoan, Berrizen edo Iruñean : edo irrintzilariarena, irrintzia oihukatzen duenarena Txalapartak espazioan bizi den zaldi ibilkaria ordezkatzen du… Edo behar ba denboran bizi den zuhaitz geldia, zuhaitz hila, airean etzana, jokalarien kolpeek zuzpertarazi nahi dutena, adar berriak erantsiz ?
Enbor bat, lau makila, bi jokalari. Bat, lau, bi. Bainan badago beti hirugarren bat, mutua, soinu guziak zuzentzen dituena ; geldia, higidura osoa eragiten duena : “tturrukuttun”, txalaparta ohituraren oinarria. Tturrukuttun, horrek ezartzen du bi jokalarien arteko lotura ; horren bitartez elkar mintzo dira ; horren inguruan ari dira ; hortik joan eta horretarat itzultzen dira, tturrukuttun. Txalaparta, bat-batekotasuna da. Gai zaharraren errotik kantu berriak sortzen dira, beti berriak eta beti berdingabeak, jokalariek ezin baitute berriz eman.
“Gauza guziek mintzatzen zekiten denboran” (esaerak dion bezala), gizakiak gauza guzien hizkuntza ulertzen zuenean, ez zegoen txalaparta jo beharrik (ezta ere tindatu, dantzatu edo irrintziak bota beharrik), gauza guziekin bat egiten bait zuen, ez bait zegoen hutsunerik giza eta izadiaren artean. Orduan txalapartariak batasun galdu hau berriz bilatzen du zuhaitza jotzen duenean zaldia ordezkatuz, eta zaldia ordezkatzean nolazpait zaldia bihurtzen da… Gaur egun gauzek mintzatzen ez dakite… Edo beharba gauzek erraten dutena gizakiak ez du ulertzen ?
Juan Mari BELTRAN Musikaria, herri musika irakaslea
Zure garaian txalaparta ez zen hain ezaguna: nola hasi zinen txalaparta jotzen?
Bi bikote hasi ginen lanean, elkarrekin jotzen genuela : Artze anaiak, nire anaia Bixente eta lauok. Astean behin juntatzen ginen Usurbilen. Gero, bikote bakoitzak bere bidea jarraitu zuen : Artze anaiek Ez Dok Amairu taldean eta guk Donostiako Argia dantza taldean. Zorionez, ezagutu genituen Zuaznabartarrak, eta Goikoetxeatarrak, lehengo txalapartariak, eta haien eskutik bidea egiten hasi ginen. Herri musikan aurkitu ditudan maisu handi horiekin ikasi dut nire musika egiteko dakidan gehiena. Eta esango nuke gainera hor ikasi dudala ere gauza inportante bat, hau da, herri musika ez dela jende askok pentsatzen duena, geldi dagoen gauza bat, aldatzen ez den gauza bat…Herri musika bizia da, sormenaz betebetea. Herri musika bada Euskal Herrian, eta Euskal Herrian barne horrenbeste ezberdintasun bada, herri musikan interpretazio hutsa ez baita ematen. Interpretazioarekin beti sormena dihoa batera.
Nola sortu zen Hernaniko txalaparta eskola?
Musika kontserbatorioa zen eta udalak proposatu zuen herri musika barne izatea. Duela 17 urte hartu ninduten horretaz arduratzeko. Momentu honetan 30 bat ikasle dauzkagu: ezin da gehiago hartu eskolak bere mugak jartzen dituelako. Horregatik Hernaniko txalaparta eskolak adar asko dauzka : Ziburun, Iruñean, Urnietan, Goizueta eta Leiza inguru horretan, Bizkaian. Ikasle gehienak gazteak dira (20/30 urtekoak). Eta zorionez haurrak ere baditugu, 7 urtetik aurrera.
Txalaparta ezagutzen ez duen pertsona bati zer erranen zenioke ?
Musika erritmikoa egiten duen soinu tresna bat dela. Gertatzen da batzutan soinu tresna batzuek gorde dutela bere hotsetik aparte musika egiteko modu bat, eta hau da txalaparta : musika egiteko modu berezi bat. Alde horretatik, esango nuke hori dela txalapartak gaur egun musika munduan ekartzen duen gauza garrantzitsuena : bere musika ulertzeko eta egiteko era. Alde antropologikoa zer edo zer esan nahian, ezin bada esan ere nondik datorren, nik pentsatzen dut garbi samarra ikusten dela halako garapen bat lan erritmotatik musikara bidea egin duen tresna eta musika bat dela. Orai argitaratu dudan lan batean azaltzen ditut txalaparta inguruko aldaera asko Euskal Herrian : guzti horietan garbi agertzen da nola bi, hiru edo lau joleen artean nolako joko erritmikoak egiten zituzten, beraiek esaten zuten bezala nolako “musika” egiten zuten.
Textuaren jatorria:
“Leihotik” N° 25
2002ko EKAINA / JUIN 2002
Euskal kultur erakundearen berripapera
Bulletin d’information bimestriel de l’Institut culturel basque
I.S.S.N. : 1276 - 4779