Lehen aipaturiko txosten horretan, goran azaldutako datuez gain esaten da antzinagoko agiririk ez dagoela baina ziurrenik abizen hau Treviñoko Konterrikoa dela jatorriz, eta bertan izango zen herrixka edo auzotxoren baten izenetik etorriko dela. Ni ez nago oso ados herrixka baten izena dela esten duenean, DE LEXOSTE hitzaren esanahia kontuan izaten badugu.
Lehen begirada batean, ALIJOSTESi nabari ez nion bezela, DE LEXOSTE abizenari euskal kutsua hartzen diot. Niri behinik behin gazteleraz ez dit esanahirik iradoki, bai aldiz euskaraz.
Jakinik, abizenaren azken arrastoak XVII. mendekoak direla, jo dezagun gutxienez mende batzuk lehenagotik ingurumari horietan sortua dela. Euskarak historian zehar izan duen hedaketa aztertu duten adituek diote, X. mendean euskaraz hitzegiten zela Ebroren egoaldera arte, Burgos eta Errioxako lurralde horiek barne.
XVI. mendeko Arabako euskararen egoeraz iritzi ezberdinak daude. Batzuk, Gasteizen herri xeheak euskara eta goi mailakoek gaztelera erabiltzen zutela diote, eta hiri inguruko herrixketan elebakarrak zirela, euskaldunak hain zuzen ere. Beste ahots batzuk aldiz, nekazal eremuetan euskaraz hitzegiten bazen ere, Gasteizen gaztelera zela nagusi aldarrikatzen dute. Era guztietara, denak bat datoz herrixketan euskara erabiltzen zela baieztatzean, beraz Imiruri inguruko (Gasteiztik 12 bat Km-ra) biztanlegoa euskalduna izango zen.
1614. urteko (XVII) berririk ez dugu baina zentzuzkoa da pentsatzea gazteleraren presentzia gehituz joango zen arren, euskara desagertu gabe izango zela.
Beraz, garai hartako hizkuntz egoerak adierazten digunez, eta batez ere, DE LEXOSTE abizenak bapateko begirada batean iradoki digunaren arabera, esanahia euskaran oinarrituz atera behar dugu.
Bere osaketa piskatxo bat aztertu ezkero, hiru zatitan bana daiteke: DE + LEX + OSTE
DE : gaztelerazko preposizioa dugu, nongoa esan nahi digu (LEXOSTEkoa kasu honetan).
LEX: ez zaio esanahi garbirik ikusten.
OSTE: mendebaldeko euskalkian oso arrunta eta ezaguna, atze edo gibel beste euskalki batzutan.
KOLDO MITXELENA hizkuntzalariaren Apellido Vascos liburuan, ezagutzen den antzeko abizen bat ageri zaigu: ELEXOSTE. Bitan banatzen du berak: ELEX + OSTE. Azken zatiari lehen azaldutako esanahia ematen dio (atze) eta lehena, mendebaldeko euskalkian, eleiza esan nahi duela dio. Zuzena deritzot, KOLDO MITXELENAk biltzen duen abizen hori gurearen berdina dela pentsatzea, antzekotasuna nabaria baita. Lehenengo E letra horretan bakarrik ezberdintzen da.
Haserako E letra abizen askotan galdu da, eta kasu honetan fonetikoki oso erreza litzateke. DE ELEXOSTE esatean, hizketa azkarrean oso bilakaera normala da bi E horiek batean bihurtzea (E + E = E), eta honela, ahoskatzerakoan: DEELEXOSTE > DELEXOSTE .
Haserako E bokalaren galera beste euskal abizen askotan gertatu ohi da, hala nola: (E)LEIZALDE, (E)LIZABARRIA, (E)REKALDE, (E)REKARTE …
Beraz, esan daiteke abizenaren jatorrizko esanahia hau dela:
ELEX = ELEIZ / OSTE = ATZE, GIBEL
ELEXOSTE = ELEIZOSTE, ELEIZATZE
Garbi ikusten da mendebaldeko euskaraz (bizkaiera modukoa) hitzegiten zutela deitura hau sortu zuten euskaldunek. Arabako erdialdean hitzegiten zen euskara mendebaldekoaren antzekoa zela jakinik, baliteke Trebiñu aldean sortutako abizen bat izatea.