Unitate didaktikoaren eskema
Ikasgaia: Euskara eta literatura
Arlo hauek zeharka jorratzen dira: beste hizkuntzak (gaztelania eta atzerriko hizkuntza), informatika, plastika eta ikusizkoen hezkuntza.
Gaia: Atsotitzetako hizkuntza-baliabideak
Maila: DBH 3/ DBH4
Saio kopurua: 8 saio
Proposamen didaktikoaren testuingurua
Atsotitzak antzinako ohituren eta gure kulturaren eta adierazle dira eta, neurri handi batean, filosofia tratatu laburrak ere badirela esan daiteke.
Sekuentzia didaktiko honetan ikasleei atsotitzen eta euskal kulturaren munduan murgiltzeko eskatuko diegu baina ikuspegi ludikotik eta gaur eguneko ikuskeratik abiatuta. Helburu nagusia hizkuntzaren gaineko gogoeta egitea da esaera zaharretako hizkuntza-baliabideei erreparatuz; baliabide estilistikoak aztertu eta inguruko hizkuntzetan erabiltzen diren prozedurak konparatuko dituzte. Azkenik, atsotitzak komiki bihurtuko dituzte. Hala, euren errealitatea islatzen duten atsotitzak sortuko dituzte.
Gure ikastetxeetan, bestalde, Hizkuntzen Trataera Bateratua ezinbestekoa dela iritzita, honako unitatearekin batera gaztelania arloko beste unitate bat proposatzen da, Nuestro Refranero. Sekuentzia horretan, honetan legez, helburua errefrauak aztertzea eta hizkuntza baliabideen analisia egitea bada ere, gaiak emakumearen irudian eta gizarte presentzian du helburua. Batean eta bestean errefrauak jorratzen dira eta batean lantzen denak besteari laguntzen dio; horregatik egingo dira elkarrekiko 'zubiak'. Hala ere, biak unitate soil gisa landu daitezke.
Sekuentzia didaktiko honen bidez landuko diren Oinarrizko Gaitasunak
Sekuentzia didaktiko honetako jarduera guztietan Hizkuntza-Komunikaziorako gaitasuna lantzen da. Horrez gain, Gizarterako eta Herritartasunerako gaitasuna garatzen lagun dezakeen planteamendua egiten da; izan ere, jarduerek talde lana, gogoeta eta erabakiak hartzea dute oinarri.
Bestalde, KT baliabideak erabiltzeko eta informazioa tratatzeko gaitasuna lantzen da. Informazioa bilatu, aztertu eta moldatu egin behar baitute. Gainera, sekuentzia bera eta jarduerak formatu digitalean aurkezten dira; sarea dute euskarri.
Horiekin batera, Ikasten Ikasteko eta Norberaren Autonomia eta Ekimenerako gaitasunak ere garatzen dira, sekuentzian zehar gaitasun horiek garatzen laguntzen duten prozedurak eta horiek bideratzeko tresnak hala nola kontrol orriak, behaketa-orriak, autoebaluaio eta koebaluazio jarduerak baitaude.
Helburu didaktikoak
― Euskal atsotitzak ezagutzea.
― Atsotitzen hizkuntza-baliabideak aztertzea: baliabide estilistikoak...
― Atsotitzen esanahia ulertu eta narrazioak sortzea.
― Gogoeta egitea hizkuntzen artean egiten diren transferentziez.
― Ikasgelako kideekin lankidetzan aritzea norberaren iritziak adieraziz eta besteenak errespetatuz.
― Era guztietako bereizkeria adierazten duten esapideak saihestea.
Edukiak
― Euskal atsotitzak.
― Baliabide estilistikoak.
― Atsotitzak aztertzeko, balioesteko eta egokitzeko prozedurak.
― Narrazioak idazteko prozesua.
― Hizkuntzen arteko konparaketak egiteko prozedurak.
― Elkarrekiko errespetuzko mintzaira.
Ebaluazio irizpideak
― Ea atsotitzak aztertzen dituen eta esanahiaz jabetzen den.
― Ea hizkuntza bitartekoak aztertzen eta identifikatzen dituen.
― Ea atsotitzetatik abiatuta narrazioak/komikiak sortzen dituen.
― Ea hizkuntzaren gaineko gogoeta egiteko gauza den.
― Ea hizkuntzen arteko transferentziak aztertzen dituen eta gogoeta egiten duen.
― Ea talde lanean gogotsu parte hartzen duen eta besteekiko errespetuzko jarrera duen.
Jarduerak. Sekuentzia didaktikoko jardueren azalpena esteka honetan deskarga daiteke.