Ikusi duzuenez, elipsiak, metaforak, konparazioak... nagusi dira esaera zaharretan; oroimenari laguntzeko informazioa erabat sintetizaturik dago, askotan eliditurik, eta errima, hoskidetasuna, nagusi dira.
Atsotitzen inguruan asko dakizue dagoeneko. Oraingoan zeuon ohituretara eta usadioetara moldatzeko proposamena egiten dizuegu.
Ohiturak asko aldatu dira, bai: aurreko sasoietako ohiturak ez dira gaur egunekoak; naturarekin ere ez dugu geure arbasoek zuten erlazio bera, egia da. Hala ere, makina bat egoeratan erabil ditzakegu arrotzak egiten zaizkigun atsotitz horiek. Ekar ditzagun geure ohituretara, bada!
Hauxe egingo duzue:
- 1. jardueran aritu zareten bikoteak elkartuko zarete.
- Aukeratu jarduera horretan aukeratu dituzuen bi atsotitzetako bat.
- Komiki bihurtuko duzue. Hau da, kontakizun laburtxo bat egingo duzue atsotitza erabiltzeko edo beraren esanahia azaltzeko.
-Ondoan dituzue bi adibide. Arretaz irakurri.
Adibide horietan ikusten den bezala, testu horiek idatzi dituzten ikasleek istorio batean txertatu dituzte atsotitzak eta interpretatu egin dituzte.
Gauza bera egiteko eskatzen dizuegu. Hala ere, beste aukera batzuk ere egon litezke. Kontua da atsotitza erabiltzea. Zuek zarete hemen sortzaileak!
PROZEDURA
1.- ASMATU atsotitza ongi islatuko duen istorioa eta gero, istorioan agertuko diren pertsonaiak, tokiak, egoera pentsatu…. Idatzi erabakiak planifikazio orri honetan .
2.- ERABAKI komikiaren egitura, atalak eta testua (orri honetan zehaztu).
Istorioa antolatu eta banatu komikiak izango dituen bineten kopuruaren arabera.
Zehaztu atal bakoitzean zer marrazki erabiliko duzuen eta bertako ezaugarri nagusiak (nor agertuko den, zer egingo duen, zer esango duen…)
Erabaki zer idatziko duzuen bineta bakoitzean.
Pentsatu zer nolako burbuilak eta ikusizko metaforak erabiliko dituzuen ( zarata, harridura, haserrea, pentsamenduak...adierazteko).
3. SORTU komikia.
Interneteko aplikazio honetara jo: http://bitstrips.com (edo komikiak online sortzeko beste aplikazio batera).
4. BERRIKUSI egindakoa
Zer moduz? Adierazgarria da egin duzuen komikia? Ulertzen da esan nahi izan duzuena?
Komikiak beste bikote batekin trukatu eta eurena arretaz aztertu. Txantiloi hau erabili.
Kideen iradokizunak kontuan hartu eta komikia zuzendu edota moldatu .
5. ARGITARATU ... Erakutsi
Komikia pdf gisa edo irudi gisa deskargatu eta komiki guztiekin horma-irudi galanta egin ikasgelan edo ikastetxean ikusgai jartzeko. Sarean ere jar dezakezue. Gogoratu! eranskin gisa atsotitzen hizkuntza baliabideen inguruan egin duzuen analisia jarri.