Homeopatia. Pseudozientzia baten arriskuak
Gaur egun, munduko informazio guztia dugu eskura, eta horregatik harrigarria irudi dezake jendeak homeopatia bezalako pseudozientzietan sinesten jarraitzea. Baina informazioarekin batera, interneten desinformazio asko dago. Gainera, zoritxarrez, homeopatia farmazietan saltzen da, eta badaude botika bat balitz bezala saltzen duten medikuak. Espainian, homeopatia ekoizten duen enpresa esanguratsuena, Boiron da eta urtero 20 milioi euro fakturatzen ditu soilik gure estatuan. Beraz, esan dezakegu irabazi handiak dituztela. Datu hauek ikustean kezkatu egiten naiz, gizartearentzat arrisku larria dela iruditzen baitzait.
Botika miraritsu hauek zergatik ez duten funtzionatzen ulertzeko, Boiron bezalako enpresek hauek ekoizteko erabiltzen dituzten metodoak ulertu behar ditugu. Haien “botikak” egiteko, printzipioaren tanta bat hartzen dute eta behin eta berriz disolbatzen dute, azkenean disoluzioak printzipioaren molekula bat ere ez duen arte. Modu honetan haren efektua areagotzen dutela diote. Oinarrizko kimikan ezagutzak dituen edonork daki horrek ez duela zentzurik. Adibide bat jarriz, imajinatu kafe tanta bat 5 litro ur dituen lapiko batean sartzen dugula. Ondoren, prozesu hau errepikatzen dugu, eta homeopatiaren arabera emaitza, kafearen kontrako efektua duen botika bat da; hau da, lo hartzen laguntzen duen botika.
Bestalde, nire aburuz, garrantzitsua da jakitea farmazietan saltzen bada ere, Espainiako Osasun Ministerioak onartu egin zuela homeopatiak ez duela funtzionatzen. Eta gainera, zintzialariek urte asko daramatzatela demostratzen, behin eta berriz, ez direla benetako botikak. Ildo beretik, The Lancet medikuntza aldizkari ospetsuak onartu zuen homeopatia ez zela plazebo bat baino gehiago, 100 artikulu-zientifiko desberdin berrikusi ondoren.
Baina, zegatik pentsatzen dut pseudoterapia hau arrisku bat dela? Pseudozientzia honen arriskua da, jendeak sendagai gisa erabiltzen duela, eta askotan benetan funtzionatzen duten tratamenduak uzten dituela. Gaixo dagoen norbait, haren farmaziara doa, eta bertan jakigen du badaudela medikamentu miraritsuak haren gaixotasuna senda dezaketenak era “natural” eta “eraginkor” batean. Horrela, bere osasuna hobetuko dutela pentsatzen duenez haren tratamendua uzten du, eta horren ordez homeopatia hartzen hasten da.
Horrez gain, onartu behar dut, produktu hauek kontsumitzen dituen jende askok era osagarrian egiten duela eta adibidez, buruko min bat “tratatzeko” funtziona dezaketela plazebo efektua dela eta. Hala ere, nire aburuz, ez den gauza bat bezala saltzan denez niretzat iruzurra eta gizarterako arrisku bat da ez badiogu aurre egiten.
Laburbilduz, homeopatia arriskutsua da, jendeak tratamenduak uzten dituelako honekin sendatuko dela pentsatuz. Nire iritziz, hau eragozteko modu bakarra farmazietan haren salmenta debekatzea da, bertan egoteagatik botikekin nahasten baitira. Ezer egiten ez duenez, hain zuzen ere, kaltea eragiten du, ez delako gaixotasun bat tratatzeko eraginkorra. Eta hau pseudozientzia bakarra ez denez, uste dut haien kontsumoa ez gertatzeko txikitatik azaldu beharko lizkiguketela pseudoterapia hauen arriskuak, jendeak etorkizunean zentzuzko erabakiak hartzeko ahalmena izan dezan.
Maika Lamo Saenz de Ugarte