Ikastetxearentzat hasieratik beretik oso garrantzitsua izan da euskara: euskaltzaletasuna da gure ezaugarri sendo bat.
Gasteizko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, gure ikasle askok oso aukera gutxi dute euskaraz aritzeko ikastetxean ez bada. Hizkuntza ezinbesteko tresna da ikasi ahal izateko, baina batzuetan gure ikasleek oso maila apala dute.
Beraz, ezin dugu jokatu egoera normalizatuko hizkuntza batean arituko bagina bezala; ikasgai guztietan aukera guztiak baliatu behar ditugu hizkuntza ere lantzeko.
Hizkuntza erabilita, zera egiten dugu: hitz egin, entzun, idatzi eta irakurri. Klase barruan gaudenean gure ikasleek batez ere entzun egiten dute; horregatik ikasleek ahozko jarduerak egin beharko lituzkete gelan, posiblea bada ikasgai guztietan. Hitz egin gabe ezinezkoa da hitz egiten ikastea. Ahozkotasunari irakasleok zein ikasleon garrantzia eman diezaiogun, biderik onena ebaluazioan aintzat hartzea da, ebaluazioa egitean nahitaez ahozkoak ere baloratuz.
Ikasleek euren artean gehienetan erdaraz egiten dute, eta guztiz normala da, ikasle gehienon testuinguruan eta egoeran: gehienei euskaraz hitz egiteak ahalegina eskatzen die; erdaraz egitea, ordea, erraza zaie. Ekonomiaren legeari jarraitu baino ez dute egiten.
Guk geure esku dagoen guztia egin beharko genuke gelan euskaraz hitz egin dezaten, hainbatentzat euskaraz hitz egiteko esparru bakarra delako, eta, hori dela eta, espazio hori ziurtatu beharko genieke. Horregatik adierazpen publikoak gelan euskaraz izan behar direla erabaki genuen aspaldian. Gure arauetako bat da.
Ez hori bakarrik: hainbatentzat irakasleok gara euskaraz hitz egiteko duten pertsona bakarrak: ez diegu utzi behar erdaraz hitz egin diezaguten, ez gelan ez gelatik kanpo. Halakoetan, euskaraz errepikarazi beharko genieke. Ikasleekin beti eutsi behar diogu euskarari.
Gelatik kanpo ez diegu, hala ere, errietarik egingo haien artean erdaraz ari direlako. Euskaraz gehiago egiten animatzeko eta horren inguruan gogoeta pizteko jarduerak burutuko ditugu, baina beti ikuspegi positiboarekin, sarituz, baloratuz, baina ez zigortuz.
Ez ahaztu irakasleok garela gure ikasle askorentzat euskarazko eredu bakarra. Beraz, geure burua euskaraz jantzi egin behar dugu, bai ahoz bai idatziz hizkuntza egokia erabili dezagun. Gure ikasmaterialak eta dokumentazioa hizkuntza-kalitate onekoak izateak berebiziko garrantzia dauka.
Gure ahozko jarduna ere zaindua izan behar du gelan. Gelako jardun akademikoan euskara batua erabiliko dugu; gelatik kanpoko harremanetan eta testuinguru ez-formaletan egokia da nor bere euskalkian ere aritzea
LABURBILDUZ:
Hizkuntza-gaitasuna hobetzea guztion ardura da, eta ahozkoa bereziki zaintzekoa da
Gelako adierazpenak eta institutuko giro publikoa, euskaraz
Ikasleek gurekin beti euskaraz