Testuingurua

Ikastetxearen testuingurua

Intxaurrondo auzoan 1999.urtean, izena emateko garaian, haur talde bat eskaintza publikotik kanpo gelditu zen eskolaratzeko tokirik ez zegoelako. Hori zela eta, Hezkuntza Sailak 1999-2000 ikasturte horretan Egiako auzoan, Aitor ikastolako eraikuntzan hain zuzen ere, bi urteko gela ireki zuen eta Hego Intxaurrondon Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxerako eraikin berria egitea erabaki zuen. 2001-2002 ikasturtean behin betiko Baratzategi kaleko eraikinean kokatu zen CEP Intxaurrondo Hegoa IP izenarekin.

Nahiz eta eraikuntza lerro bateko ikasleak jasotzeko planifikatua izan, auzoaren hazkundearekin batera, laster bi lerroko ikastetxea bihurtu zen eta txiki gelditu zitzaigun. Eskolako handitze obrak egin bitartean (bi urte) prefabrikatu pare bat jarri zizkiguten patioan. Obra guztiak 2008ko uztailean bukatu ziren, prozesu luze baten ondoren, beraz 2008-2009 ikasturtean eskola osoa disfrutatzen hasi ginela esan dezakegu.

Gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntzako lerro bakarreko eskola da.

Gure eskola kokatua dagoen inguruko giza ezaugarriei dagokienez, familien giza eta kultur baliabideak, ISEK edota hizkuntza alderdiak aldatzen ari dira, eskola sortu zenetik bilakaera beherantz joan da. Datu adierazgarri bezala, Zonalde honetako ISEKa ertain-baxua eta baxua bitarte dago; azken ebaluazio diagnostikoko txostenen arabera beheraka egin du eta gure ikaslegoaren artean, Lehen Hezkuntzan ikasteko zailtasunak edo atzerapenak dituzten ikasleen bataz bestekoa altua da, are eta gehiago, pandemiaren ondorioz sortu diren gabeziak kontutan izanda. Gizarte-egoera desabantailatsua duten familiak nagusi dira. INE eskola gara: familia etorkinak, ikaslegoaren %38a etorkina izateaz gain, ikasleriaren %11a gutxiengo etnikokoa da. Ikasle bekadunak %69a dira

Hizkuntza alderdiari dagokionez, gure ikasle gehienen ama hizkuntza gaztelania da. Nahiz eta ikasle batzuen ama edo aita euskaldunak izan, beraien arteko harremanetan gaztelaniarako joera erabatekoa da. Auzoko kaleetan ere euskararen erabilera oso baxua da eta horrek erronka handia suposatzen du ikastetxe barruan hizkuntza helburuak gauzatzeko garaian: haurren gehiengo nabarmen batek euskara “hizkuntza akademiko” bezala erabiltzen du soilik. Harremanetan eta aisialdian, berriz, gaztelaniara jotzen dute.

· Gure ikasleen datuak hauek dira:

-- % 9ren bi gurasoek euskara dakite. Hala ere, normalean etxean ere euskara erabiltzen dutenak %4a dira

-- % 19ak ama edo aita euskalduna du. Kasu hauetan etxeko hizkuntza gaztelania ohi da.

-- % 72ak guraso erdaldunak ditu (gaztelaniaz mintzo direnak, galegoz, arabieraz, frantsesez, ukraineraz, arabieraz, urduz…). Urtetik urtera hauen presentzia aldatzen joaten da. Hauen artean badira zenbait guraso euskararen jakite maila txikia dutenak, eta seme-alabekin euskara erabiltzen dute esaldi arruntak esateko egoera konkretu batzuetan.

Gure ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan aipatzen dugun bezala, printzipio hauetan oinarritzen gara: Publikoa, euskalduna, eleanitza, inklusiboa, baloreak bultzatzen dituena, akonfesionala, norbanakoaren ikuspegi integral batetik ikaslea bere aprendizaiaren protagonista dela ulertzen duena eta berritzailea.