KURUTZIAGA IKASTOLA

KURUTZIAGA IKASTOLA

Kurutziaga ikastolan orain urte batzuk hasitako hausnarketatik, ikastolako kanpo espazioa eraldatzea lortu zuten iaz. Eraldaketa hau HEZKIDETZA ETA GENERO – INDARKERIAREN esparrutik azaltzen bada ere, hiru esparrutan oinarrituta landu zen: Parte hartze ikuspuntu batetik, naturarekin izan beharreko harremanetik eta Hezkidetzatik. Espazio zentralak jarduera anitzekin egituratuta dago, guztiek aukera berdintasunez eta askatasunez gozatzeko. Talde kirolek hartzen duten espazio zentrala beste eremutara bideratu da, honela hainbat jolaserako aukera eman da.

Lanketa hau ikastetxearen izaeratik abiatzen da, alegia, Hezkuntza Proiektutik:

“Kurutziaga ikastolak… emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun iraunkorra sustatzeko konpromisoa hartu du; horrenbestez, hezkuntza ez- sexistaren aldeko hautua egiten du, eta curriculum guztietan zein curriculumetik kanpoko arloetan genero-ikuspegia txertatzeko hautua egiten du”.

Aldaketa borondate hau eremu formala (ohiko hezkuntza jardunean) eta ez-formala (eskolaz kanpoko jardunean) aztertuz hasi zuten gaur egungo espazioa sortu arte.

Hauek dira Proiektuaren oinarri batzuk: gelako jarduera eta berdinen harremana kanpo espazioetara atera, kanpo espazioa gela bihurtu; jolas librea edo sinbolikoa ez bideratua; natura eta naturarekiko erlazioa; kirol aukeran aniztasun gehiago eman, naturarekin lotutako jarduera fisikoa eta trebatze guenak gorputz hezkuntzako jardueretan bermatu.

Hezkuntza proiektuan jasota daukaten moduan ikasleen arteko harremanak berdintasun iraunkorretik sustatzeko konpromisoa du ikastolak, hezkuntza ez sexistaren aldeko hautua egin du eta curriculum guztietan zein arlo ez kurrikularrean genero ikuspegia txertatzen dute.

Aipatzekoa da, antzinatik eta urtero, hezkidetza eta genero indarkeriari lotutako data esanguratsuenak sentsibilizazio ekintza sistematiko eta curriculum-proposamen zehatzen bidez ospatu egiten direla ikastolan, hala nola, azaroak 25, martxoak 8 eta maiatzak 17.