ONGI ETORRI! Sartu eta ezagutu gure ikastetxea!
NON GAUDE?
SARATXAGA
Eraikin txikia, Zientoetxe errepidean, Azkorri izeneko hondartzatik hurbil. Saratxaga deitzen da, eta ikasle txikienak ditugu bertan; 2 eta 3 urtekoak hain zuzen ere.
ANDRA MARI
Batzuek diote eskola oso urrun dagoela: Egia esan, Getxoko erdialdetik edo metroko geltokietatik distantzia handia dugu Andra Mariraino.
Baina, beste aldetik, itsasotik, baserrietatik, belardi eta zuhaitzetatik hurbil dago oso. Eta hori ere inportantea da, dudarik gabe!!
AURKEZPENA
Haur eta Lehen Hezkuntzako zortzi eskola publiko dago Getxoko herrian, horietako bat Andra Mari izanik. Udalerriaren iparraldean dago kokatuta, Getxoko Andra Mari delako auzoan.
Haren eragin eremua Sopela eta Berangoko herrien mugakidea da alde batean, eta Getxoko Bidezabal kaleak bereizten du, bestalde, gure eremua herriko beste eskolenetatik.
Gure ikaslegoaren gehiengoa Getxotik dator baina badaude inguruko herrietatik etortzen diren ikasleak ere.
Bi eraikin multzok osatzen dute eskola-azpiegitura: nagusiak, Punta Galearaino iristen den Santa Marina Haitza kalean kokatuta, Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko haurrak biltzen ditu; bai eta Lehen Hezkuntza osoa eta gune administratibo eta pedagogiko gehienak ere. Hala, ohiko ikasgelez gain liburutegiak, antzokia, musika, irratia, informatika eta psikomotrizitate gelak daude bertan. Eraikin hau behinolako “Miguel de Unamuno” ikastetxe pribatuaren osagarria da, berau 1981. urtean publiko bihurtu zena. Urte batzuk geroago, polikiroldegi bat egin zen hortik hurbil, beste eraikinaren aurre-aurre, eskola-kideek zein herriko kirol taldeek erabiltzeko.
Bigarrena, Saratxaga izenekoa, izen bereko auzoan dago, eskolaren eraikin nagusitik kilometro eskas batera eta Azkorri hondartzarako bidean. Aspaldiko auzo eskola batek, eta abaraska formako beste batek osatzen dute multzo hori. Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko haurrak biltzen dira bertan.
Bostehun bat ikasle ditu ikastetxeak, berrogeita hamar inguru irakasle eta hogeita hamar bat langile ez irakasle (atezain, autobus-zaindari, jantokiko arduradunak eta abar). Hiru lerrotan banatzen dira ikasleak, hots, hiru talde ikasmaila bakoitzean, salbuespenak salbuespen. Hirurak D eredukoak dira.
Getxoko hiri-eremu nagusietatik urruti samar kokatuta, beharrezko egiten da, gehien-gehienetan, zerbitzu osagarriak erabiltzea. Hau honela, ikasle gehienak (ehuneko 90tik gora) dira jantokiko erabiltzaile; eta antzeko kopurua garraioa dela eta. Lagungarri izanagatik ere, garraioak eta jantokiak konplexuago bihurtzen dute nabarmenki eskola-antolamendua; bai kudeaketan, bai zerbitzu horiei loturik suertatzen diren arazoak kontuan izanik.
Bulegaririk ez egonik, zuzendari-taldeak hartzen du bere gain kudeaketa-lan oro. Hala, aspaldian harturiko erabaki bati jarraiki talde horren hiru partaideek ez dute klaserik ematen. Honez gain, dena den, Klaustroak eta Eskola-Kontseiluak behar den beste maiztasunez biltzen dira, berez dagozkien zeregin eta eskumenen jabe eginik.
Guraso Elkarteak, “Gurasogune” izenez ezagunak, berrehun bat kide ditu ikasleen gurasoen artean. Besteak beste, ikasturte bukaerako jaiaren eta eskola-orduz kanpoko ekintzen antolaketaz arduratzen da, azken horietan handia izanik ikasleen partaidetza. Mendi Talde bat ere dago eskolan, irteeren antolatzaile.
Arlo pedagogikoko proiektu eta esperientzia askotan da gure eskola partaide, hala nola konstruktibismoa, Kalitatearen etengabeko hobekuntza, Hizkuntza-Normalkuntza, IKT eta abar.
Gure eremutik hurbil-hurbil egonik, Bigarren Hezkuntzako Aixerrota Institutura pasatzen dira gure ikasle gehienak Lehen Hezkuntza bukatutakoan, zona bereko beste zenbait eskoletakoekin batera.
Oro har, esan dezakegu azken urteotan aurrerapen handiak egin direla gure ikastetxean alderdi askotan, esate baterako azpiegituraren hobekuntzan, barne-antolaketan, pedagogia-proiektuen garapenean edota irakaskuntza-sisteman sortzen diren hobekuntzak egokitzeko lanetan. Era berean, eskola-komunitatea, neurri handi batean, gure funtzionamenduarekin pozik dagoela esan dezakegu, behin baino gehiagotan komunitateko partaide askok adierazi duten bezalaxe.
ANDRA MARIKO HISTORIA
Hiru elementu desberdin aipatu behar da, egun Andra Mari izenez ezagutzen den ikastetxearen sorrera nolakoa izan den jakiteko:
“Colegio Nacional Santa Maria de Getxo” izenekoa. Getxoko Maidagan kalean kokaturiko eraikin zaharrean zuen egoitza, gaur Geroa ikastolako osagarria dena.
Saratxagako auzo-eskola. Primo de Rivera jeneralaren diktadura garaian egina, Saratxagako auzoaren zerbitzurako eraiki zen, auzo hori nekazaria zen garaian, alegia. 1970ko “Ley General de Educación” delakoaren ondorioz heziketa sisteman izandako birmoldaketari loturik, Saratxagako eskola lehen aipaturiko “Santa Maria de Getxo” Kolegio Nazionalaren Haur Hezkuntzako osagarria izatera pasatu zen. Hala, lehengo auzo-eskola zenaren ondoan abaraska moduko beste eraikin bat egin zen, garai hartan Haur Hezkuntzarako modan ziren horietakoa.
“Colegio Miguel de Unamuno” zeritzan ikastetxe pribatua. 1975. urtean eraikia, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-etapa guztiak bilduko zituen, egungo beste ikastetxe pribatu handirekin suertatzen denaren antzera. Dena den, urte batzuk geroago izan zituzten arazo ekonomiko larriak direla eta, porrot egin zuen, eta, ondorioz, garaiko Hezkuntza-Ministeritza egin zen haren jabe salmenta baten bidez. Bukaturik zegoen eraikina, zaharrena beraz, oraingo Andra Mari Ikastetxeko eraikin nagusia izatera pasatu zen. Eraikuntza bukatu barik zegoen aldea, berriz, oraingo Aixerrota Institutu bihurtu zen urte batzuk geroago, Ministerioren ardurapean jadanik eraikuntza-lanak bukatu ondoren.
Hau guztia jakin ondoren, esan dezakegu, beraz, Andra Mari Ikastetxearen historia 1981. urtean hasi dela, aipatu elementu horien guztien batura egin eta gero. Eskolaren deskribapenean zehazten da, aurrekoari loturik, zen eremu betetzen duen gaur egun, bai azpiegituran, bai eragin-eremu geografikoan ere. Kepa Camiña irakaslea zen orduan eskolako zuzendaria, eta garai berean hartu zen, besteak beste, sortu berria zen hura “Andra Mari” izenez ezagutzeko erabakia; aurreko tradizioari muzin egin gabe izaera euskalduna nabarmentzeko asmoz.
Sobera ezagunak dira gure Hezkuntza-Sistema publikoak garai hartatik hona jasandako aldaketak eta bizi izandako gertaerak: heziketaren alorrean Eusko Jaurlaritzak bere gain harturiko eskumenak; euskalduntze-prozesua; pedagogian, metodologian eta teknologian izandako berrikuntzak; eskola eta hezkuntza-sistema osoaren barne-antolamenduri begira sorturiko legeak eta eragindako aldaketak... horiek guztiek, suposa daitekeenez, izan dute eraginik gure ikastetxearen gainean, beste askotan suertatu bezalaxe. Esan beharra dago, dena den, tradizioa izan dela gurean berrikuntzen aldeko jarrera erakustea, beroriek edozelakoak direlarik ere. Goian aipaturiko aldaketa horietan guztietan, beste askoren artetan, halaxe suertatu da; eta Andra Mari ikastetxeak egun duen nortasuna, neurri handi batean, horien ondorio zuzena dela esan daiteke.
Hala, honako gertaera hauek aipa ditzakegu aurrean esandako guztiari lotuta, Andra Mari Ikastetxearen azken urteotako historian bereziki esanguratsu:
1981-1995 urte artean: Hizkuntza-ereduen aldaketa progresiboa, beti ere euskalduntze-prozesuan aurrera pausuak ematearen alde.
1991. urtean: APYMA-Etorkizuna guraso elkartearen sorrera. Eskolan izandako bigarrena da; aurrean izandako beste baten ordezkapena era gradualean hartu duena. Horren ondorio zuzena izan da, esate baterako, eskola-orduz kanpo ekintzak euskaraz eskaintzen hastea.
1990-95 urteen bitartean: Barne-antolamenduan aldaketa esanguratsuak: AIA eta ICP osatu, zuzendari-taldea antolatu oraingo eran, ziklo-koordinatzaile zein beste irakasle batzuek osaturiko Pedagogia-Batzordea sortu eta eratu, eta abar.
1997. urtean: LOGSE-k zehazturiko Hizkuntza-sistemaren eraketa berriaren arabera, DBH sortzeak aldaketa nabariak eragin zituen gurean; bai pedagogia-proiektuaren aldetik (goiko bi ikasmailetako ikasle-multzoa gure eremutik kanpo geratuko zen, institutuen ardurapeko izatera pasatzeko), bai azpiegituraren alorrean ere (espazio libre gehiago izatea onuragarri suertatu zen oso artean antolatu ezineko zeregin askori ekiteko.
1997. urtetik hona: Proiektu, esperientzia eta zeregin askotan sartu da ikastetxea lanetan, besteak beste konstruktibismoa, eleaniztasuna, hizkuntza-normalkuntza, irratia, Socrates-Comenius, eta abar. Aipagarria da eskola Kalitate Sistema sartu zea eta "Kalitatea Hezkuntzan" agiria lortu zuela.
2001 urtean, antolakuntza arrazoiak zirela medio, 4 urteko ikasleak Saratxagatik Andra Marira pasatu ziren eta gaur egun, bertan jarraitzen dute.
2013/2014 ikasturtea: Hezkuntza Sailak Gela Egonkor bat zabaltzen du inguruko ikasleentzat.
2014/2015 ikasturtea: Ikasturte honetan Hezkuntza Sailak 2 urteko geletan B eredurik ez eskeintzea erabakitzen du eta ikasturte horretatik aurrea ez da berriro eskeini.
Azken urteotan eskola digitalizatzen aritu gara eta gaur egun "IKT Eredua" programan maila ertainean aurkitzen gara.
IKASTETXEKO ZEREGINA ETA NAHIA
Getxoko Andra Mari Ikastetxearen Zeregina pertsonak osotasunean hezitzea da, ikasleen berariazko konpetentziak garatzen eta baloreen bizipenean oinarrituz, elkarbizitzan, espiritu kritikoz, autoestimu sendoz eta ikasketa prestakuntza on batez.
Horretarako, ondorengo lan-ildo hauek jorratuko ditugu:
1.- Irakatsi eta ikasteko prozesuak hobetzea, bereziki hurrengo aspektu hauek kontuan hartuz:
Ikasleen konpetentziak.
Ikasleen bakarkako tratamendua.
Hizkuntzen tratamendu bateratua
Euskal kultura.
Adostutako irizpide pedagogikoak.
Teknologia berriak.
Ingurumenarekiko eta naturarekiko errespetua.
Ikasleen sormena.
2.- Balore eta jokabide egokiak sistematizatzea eta barneratzea, norberaren garapen emozionala eta elkarbizitzarako behar diren trebetasunak landuz.
3.- Ikastetxearen antolamendua hobetzea.
Eskolako beharrak kontuan hartuta, lehentasunak ezarri eta burutu behar diren eginkizunak zehaztuko dira.
Erabakiak elkarrekin hartuko dira, adostutako konpromisoak errespetatuz eta betez.
Konpromisoak zein neurritan bete diren ebaluatuko da.
Pertsona gehiagok bere gain hartuko du aitzindari izatearen erantzukizuna.
4.- Ikastetxearen bizitzan familien parte-hartzea sustatzea eta oro har estamentu guztien arteko komunikazioa hobetzea (irakasleak, familiak, ikasleak, lan-legepeko hezitzaileak eta irakasle ez diren langileak). Haien esperientziak eta ekarpenak aintzat hartu eta haien kezkak jasoko dira, elkarlana indartuz giro atsegin batean.
5.- Irakasleen jarduera profesionala hobetzea gizartetik datozkigun eskaerei aurre egiteko, ikastetxean zein sarean prestakuntza eta berrikuntza oinarritzat hartuta.
6.- Gure azpiegitura eta zerbitzu eskaintza hobetzea, praktikoak, erabilgarriak eta erakargarriak izan daitezen.
Etorkizunari begira eta, bereziki, hurrengo bost urteak gogoan izanik, Andra Mari ikastetxearen nahia da inguruan erreferente bat izatea, adostutako oinarri pedagogikoez baliatuz eta eskola-komunitatean etengabeko hobekuntza aurrera eramanez. Elkarrizketaren espiritua izango da gure ardatz nagusia, non eta partaideok gustura, lasai, integraturik eta errespetaturik sentituko garen.
HEZKUNTZA ESKAINTZA
Gure eskolak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa eskaintzen ditu. Ikasleek 2 urtetatik 12 urtera arte ikasten dute bertan.
D eredua eskaintzen dugu 2 urtetik gora.
Lehen Hezkuntza bukatzerakoan, ikasleek gure eskolaren alboan dagoen Aixerrota Institutoan ikasten jarraitzen dute Batxillergoa bukatu arte.
INSTALAZIOAK ETA BALIABIDEAK
Laborategia
Ordenagailu gela
Kiroldegia
Jantokia
Patio estalia
Psikogela
Antzerki gela
Liburutegi txikia
Liburutegi handia
Saratxagako psikogela
Saratxagako jantokia
Saratxagako patioa