Ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartu eta laguntzen du. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.
Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira:
Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
Kudeaketa arduratsu eta jasangarria sustatzen du.
Curriculum-berrikuntza eragiten du.
Bost fase nagusi ditu:
Antolamendua eta planifikazioa: antolamenduaren oinarriak (koordinatzailea, talde sustatzailea...) eta hasierako planifikazioa zehazten dira.
Sentsibilizazioa eta motibazioa: behar-beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearen partaidetza lortzeko.
Diagnostikoa: ikastetxearen hasierako argazkia edukitzeko balio du. Horretarako programaren hiru ardatzak hartzen dira kontuan. Bestalde, udalerriaren egoeraren azterketa egiteko une aproposa da.
Ekintza-plana: fase honetan definitzen eta planifikatzen da ikastetxea eta haren inguru hurbila jasangarriago egiteko ekintzen multzoa. Plana garatzeko hobekuntza-helburuak eta horiek lortzeko ekintzak zehazten dira; gainera, lorpenak neurtzeko adierazle batzuk azaltzen dira.
Komunikazioa eta Ebaluazioa: prozesu osoan egiten direnez, eta izaeraz eta ezaugarriz ezberdinak direnez, fase berezia osatzen dute.