2030eko Eskola Agenda ikerketa- eta ekintza-prozesu parte-hartzailea da, eta, horrenbestez, hurrengo faseetan garatzen da:
Antolaketa eta motibazioa: proiektuaren garapena bermatuko duen egitura bat jartzen da abian (koordinatzailea, talde gidaria, ostadar zirkulua...) eta motibazioa hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea lortzeko tresna gisa garatzen da.
Diagnostikoa: ikastetxearen eta hurbileko ingurunearen testuinguruan arazo-egoera ikertzean datza: informazioa biltzea, kausak eta ondorioak aztertzea, beste arazo batzuekin dituen harremanak, etab. Hala, hasierako egoeraren argazkia lortzen da, ondorio batzuk atera eta zenbait lehentasun ezartzen dira. Horretarako, programaren bi ardatzak hartzen dira kontuan. Era berean, une egokia da udalerriaren egoera aztertzeko.
Esku hartze plana: fase honetan, eta aurretik adierazitako lehentasunak kontuan hartuta, ikastetxea eta haren ingurune hurbila jasangarriago bilakatzeko burutu daitezkeen ekintzak ikertzen dira, haien bideragarritasuna, arduradunak, epeak, ebaluazioa, eragina eta abar. Eta esku-hartze plana diseinatu eta aurrera eramaten da.
Hezkuntza-komunikazioa eta ebaluazioa: prozesu osoan integratutako faseak dira, eta proiektuaren martxa garapena hezkuntza-komunitateari hezkuntza-ikuspegitik komunikatzen eta fase bakoitzaren garapena ebaluatzen laguntzen dute.
Udal-diagnostikoetatik abiatuta, ikasleek sarean egiten dute lan udalerriaren jasangarritasunaren alde. Fase honetan garrantzi berezia dute foroek:
Eskolarteko foroa: udalerriko edo eskualdeko ikastetxeetako ikasleen ordezkariek osatutako organoa da. Udaleko Eskola Foroak antolatzeko, esperientziak eta diagnostikoaren emaitzak elkarbanatzea du helburu.
Udalaren Eskola Foroa:, ikasleek egindako lanaren emaitzak, hartutako konpromisoak eta egindako proposamenak aurkeztuko dituzte tokiko agintarien aurrean. Agintariek, ikasleek egindako proposamenei erantzuna emango diete eta bideragarriak badira aurrera eramango dituzte.
Ebaluazioak hausnarketa kritikoa eskatzen du EA2030aren prozesua aztertu, baloratu eta hobetzeko. Ikasturtean zehar egiten da, baina ikasturte amaiera da une egokia egindakoa baloratzeko eta lortutako eragin ekosoziala ezagutzeko.
Ebaluazioak hiru une ditu:
Hasierako ebaluazioa, diagnostikoaren bidez.
Esku-hartze Planaren ebaluazioa, esleitutako tresnen bidez.
Amaierako ebaluazioa, ekainean aurkezten den memoriaren bidez. Honek, proiektua bere osotasunean baloratzen du: bai prozesua, baita lortutako helburuak ere.
Halaber, programa bera, Ingurugelaren bidez, aldian behin ebaluatzen da, gauzatzen diren dinamikak eta prozesuak hobetzeko helburuarekin