E S K O L A A L D I R I A K
LAUAIZETA IKASTOLA ESKOLA ALDIRIAK
2016/2017 ikasturtea
“Eskola aldiriak” hezkuntza komunitateari zuzenduriko deialdiaren barruan Lauaizeta Ikastolak aurkeztutako HilherriBizi proiektua hautatua izan da. Bertan eskolako, auzoko eta hiriko espazioetan arte eta hezkuntza komunitatea indartzen dituen ikaste prozesuak abian jartzeko aukerak aurkezten zaizkigu.
Lauaizeta Ikastola BHI, Donostiako Egia eta Intxaurrondo auzoen artean kokatzen den D ereduko institutu publikoa da. Ikastolaren kokapenaren berezitasun bat Polloe hilerriaren ondoan dagoela da eta bai ikasleek bai hiritar askok ere, Gabriel Aresti Pasealekua erabili ordez, hau zeharkatzea hautatzen dutela. Hilerria hiri bihurtzen da horrela, hiria hiriaren barruan.
Ikasleek azaletik jada ezaguna duten ingurune horren ezagutza kontzientea ahalbidetzea da proiektu honen helburua. Ikerketa kolektiboaren bidez, espazio hau sakonki ezagutu, eta beste norbanako edota elkarteekin bizikidetza eta lankidetza bultzatu. Honekin batera, proiektuaren garapenean ateratzen diren gaiak eskolako edukiekin lotzea ahalbidetuko da.
“Eskola aldiriak” deialdiaren ezaugarri garrantzitsu bat, arte hezkuntza txertatzean datza. Hau horrela izanik, proiektu osoan zehar praktika artistikoetatik datozen dinamikak eta lan moldeak landuko dira, eta momentu jakin batean artista batekin lan egiteko aukera sortuko da.
Bestetik, proiektu kolaboratiboa izatea ahalbidetzeko, lantalde motorea sortuko da, proiektuaren diseinua adostu eta garapenaren nondik norakoak erabakitzeko.
Ikasturte osoko egitasmo honetan 2016ko abendura arte lantaldea sortu eta proiektua ko-diseinatu genuen eta urtarriletik aurrera garapenean aritu gara. Proiektuaren aurkezpena eta sozializazioa ekainean izan da.