Nausikaa, Aurelia Arkotxa
Marmol xurizko zutabeen artean
nindagon aspaldi zure esperoan
mila urte honetan gaztelu xurian
nindagon zure begi ibaiak gogoan
Bide bazterreko mugarri gainean
nago egun bakarrik haize basa latzean
mila urte honetan bidegurutzean
egun nago zu gabe eremu hutsean
Zihoazen hedoiak
flamenko arrosak
pelikano argiak
ibis sakratuak
Zeramatzan urak
desira laranjak
lillura urdiñak
amets esmeraldak
Arrainak, Leire Bilbao
Zure esku ahurreko errekan
igerian aritu nintzen behin,
zure esku ahurreko arrainak bezala ur azalean
lotan zeundela izan zen.
Amu galderekin harrapatu nahi izan nituen
erreka azaleko arrainok,
itaun egin nien zure marinel garaiez,
baina ez zidaten ezkata laztanik egin nahi izan,
ihes egin zidaten zure kresal begiek bezala.
Zure esku ahurreko urpean
birikak estutu zitzaizkidanean baino
ez nintzen konturatu
meandro gehiegi dauzkala egiak
itsasoa deritzon ohe kulunkari horretara
ailegatu aurretik.
Idatzi nahi eta..., Itxaro Borda
Maikel Jacksonekilan trikitixalariak
trenbide bazterretan haur kalakariak.
Ogi puskak trenpatuz arno karatsetan
sentimendu garratza martxo arratsetan:
idatzi nahi eta ezin.
Ez dut nehoiz hartuko eskuan izarra
haizeak emetzen badaut ere lizarra.
Ilargitan, indarrez luma bera husten
zilo honen azkena nik ez dut ikusten:
idatzi nahi eta ezin.
Banituen denentzat hitz joko milaka
irri karkara zedin kantu bat bilaka.
Trebeak direnentzat utziko dut lana
ongi trata dezaten herritik ukana:
idatzi nahi eta ezin.
Zeru krudelegiek begiak nahasten
bihotza punpeka kaiolan da hasten.
Nere baitako lora hautsi du beroak
ez dakit zer dakartan harrien geroak:
idatzi nahi eta ezin.
Guk lurrean badugu bakoitzak gurea:
batzuentzak lohia, bestentzat urrea
zuentzat segurantza, neretzat zalantza
aldi hontan ni gabe egizue dantza:
idatzi nahi eta ezin.
Zure presentzia, Tere Irastortza
Bizitzako gaueko hamabietan
zeure presentzia zeure
ausentzia-
tik datorkidala sentitzen dudanean,
edaten zaitudanean usaina malkoen ondora oheratzetik
datorkidala sentitzen dudanean
ez zait nahikoa
ez zait nahikoa eta
zeure eskuak eskatzen ditut
ene, neure larrien artean,
ez zait nahikoa eta
zeure eskuak behar ditut
larrion lehertzeraino.
Bizitzako gaueko hamabietan
geure
bertsoa besarkatzerakoan
zeure ausentzia des-
egin nahi nuke
desegin nahi nuke
eta ez dakit nola
ez dakit nola eta
ilargia kareziatzen dut
falta zaizkidan eskuz,
ilargia kareziatzen dut
bizitzak gauean duen aterpean,
gaueko ordu guztietan
zure presentzia
zeure
ausentziari
balerio bezala
Ahaztura, Miren Agur Meabe
Negarrarekin joko dut ura.
Pausoarekin joko dut lurra.
Arnasarekin joko dut airea.
Trapu zahar bat legez,
hartuko dut zure izena,
ertz batetik,
eta betiko astinduko dut
memoriaren hautsa.
Gogo ituna, Sorne Unzueta
Oste artean
nagonean,
ingurutzen jat tamala,
mitxeletak
argiari
inguratzen jaken antzaz.
Neu bakarrik
nagonean,
bihotzean jarten jataz.
Kendu ezinak
gomutako
mitxeleta baltzak.
Neu-gogoan,
galdu jatan
maitearen irudiak.
Urratu bai!
Oi! sakondu,
bihotz barruko zauria.
Halan ta be,
nok sinestu?
Gomuta itunen tamala
da, neuretzat
gozo, maite,
atsegin garratz-bakana.
Boaz horreek
bizkor arin
ludi honetako alai bila.
Eurentzako
izan daitela
beheko guzur-atsegina.
Neu bakarrik,
neure gelan,
gurago dot egotea,
neure gelan,
barriztuten
neure gomuta saminak.
Kalean..., Maite Urkia
Taberna hartatik irten ziren
gauean,
euri egin berriak
bustia zuen kale heze haren bukaeran,
gaueko katuak bezala
ari zen
egunaren ondarretan bila
modak gaitzetsitaLo gizona,
egunaren hondarretan bila
gaueko katuen antzera
ezusteak eroandako
zorion jadetsi ezina.
Bakardadean, Mari Luz Esteban
Bakardadean gura nuke hil
bakardadea sortuz
idaztean bezala
euri tanten agurra leihoko kristaletan
semearen marrazkiak ispilu gainean
idazle mirestuen liburuak alboko aldaretxoan
lepokoen bilduma horman zintzilikatua
udazken bateko edozein ilunabarretan
zuri esan ondoren
tartetxo batean
bakarrik egon nahi dudala.
Garaia da, Karmele Igartua
Garaia da —adiskidetzeko—
naizena eta ni.
Errekasto guztietako urak deitu
eta ekarri hona ibaira,
itsasoetan lagatako aingurak bildu
eta batu hemen portuan.
Garaia da
naizena eta ni
hitz-ordu batean —bateratzeko—
ur azaletan itsaso barrenak arnastu
eta abiatu erraz
bilinbalaukan nahastuz
olatuetan
naizena eta ni —garenak garela—.
Garaia da —geratzeko—
—garena garenarekin—.
Azken egunetako atarian
naizena eta ni —garen garena—.