Gaba Beltza munduan zehar 

Halloween, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada

Diotenez, Estatu Batuetara migratu zutenean, Samhain festa eraman zuten eurekin irlandarrek. Denborarekin indarra hartuz joan zen Samhain festa Estatu Batuetan, eta 1920ko hamarkadaz geroztik euren kulturan txertatuta dute. 1970. hamarkadan, zineman eta telebistan agertzen hastearekin batera, are indar handiagoa hartu zuen ospakizunak, eta haren oihartzuna berriro iritsi zen Europara, pantailen bitartez, indar handiagoa hartuta. Urriaren 31n ospatzen dute Halloween, eta kalabazak hustea, mozorrotzea eta eskean ibiltzea izan ohi dira egun horretako ekintza ohikoenak.

Urri amaieratik azaroaren 2ra arte, Mexiko aldarez, catrinaz eta eskaintzaz betetzen da, eta hildakoak gurtzen dituzte. Hildakoen Eguna urteko jaiegun garrantzitsuenetako bat da Mexikon. Duela 500 urte ingurutik ospatzen dute, hispaniarren aurreko kulturak eta tradizio katolikoak bat egin zuten garaitik. Hildakoen Egunean, hildako senide edota pertsona maitatuen itzulera iragankorra ospatzen dute, sinistuta baitaude hildakoek Mictlan ibaia gurutzatzen dutela bizirik dauden senitartekoekin egoteko.


Irlandako muinoen goialdean, basoko eta herri-kulturako pertsonaien omenezko mozorrotan bilduta, su handiak pizten zituzten klan zeltek antzina.

Hildakoak erretzeko erabiltzen zituzten suek zeruertza argitzen zuten, negua - iluntasunaren urtaroa- iristearekin batera azaleratzen ziren izpiritu gaiztoak uxatzeko. Pixkanaka-pixkanaka, erritu zeremonial horiek ospea hartu zuten, eta gaur egun, antzinako tradizioa bizirik mantentzen duten benetako jaialdiak dira.

Marokon, urriaren 27an, Boujloud jaia ospatzen dute, Eid-Adha festaren ondoren. Egun hau iristen denean, musulmanek erritu exotiko bat prestatzen dute, eta egun osoa abesten eta dantzan ematen dute. Gazteek ardien edo hildako ahuntzen larruz osatutako maskarak eta mozorroak egin eta janzten dituzte. Mozorroak jantzita dantzatzen dute gero, hildako animalien gorputz-adarrak eskuetan dituztela. Emanaldi biziak eta armoniatsuak izaten dira kaleak egiten dituztenak.

Hilabete osoko ospakizuna da Hong Kongen eta Txina osoan. Ilargiaren egutegian zazpigarren hilabeteko zazpigarren egunetik hasita hasten dira ospatzen. Esaten dutenez, jendea gerra luze baten aurreko egunean hasi zen festa hau ospatzen, egun horretan etsaiek eraso ez ziezaieten. Zeremonia nagusia iluntzean egin ohi dute. Hildako senideen argazkiak eta erretratuak mahai batean jartzen dituzte, eta ondoren, intsentsua erretzen dute haien ondoan. Mamuentzako jakiak ere jartzen dituzte mahaian, eta belauniko jarrita, arbasoei aitorpenak egiten dizkiete, haien bedeinkazioa edo zigorra jasotzeko.