Gaba Beltza-testuingurua

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere.

Urte amaiera, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak jolasean aritzeko parada eman ohi digute, elkar beldurtuz.

Gurean ere badira kontakizun batzuk kalabazak edo arbiak hustu, haiei aurpegi itxura eman, barruan kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zituztenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jartzen zituzten hustutako kalabaza eta arbiak, kale kantoietan.

Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, gaur egun ez ezagutzeraino. Horietako ohitura batzuk berreskuratzeko eta berriak sortzeko ahaleginean, berriro hasi dira han-hemen udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen: kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, ingurukoak beldurtu...

Elgoibarren ez ditugu testigantza asko jaso, baina gure inguruan ere bazen Animen Gaua ospatzeko ohiturarik.

Beraz, ohitura hura hartu eta berrasmatu egin nahi izan dugu, jabetuta gure arbasoen ohitura galtzen ari zen hein berean indar handia hartzen ari zela Halloween jaia. Guk bageneukan gure jaia Halloween iristerako eta hura eguneratu nahi izan dugu, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean.