Aurkezpena

Proiektu honek hutsune bikoitza betetzea du xede. Alde batetik, Euskal Herriko Historiari lotutako baliabide didaktiko gutxi daudela kontuan hartuta, gabezia hori betetzen lagundu nahiko luke. Bestetik, forma aldetik, arazo-egoeren arabera egituratutako unitate didaktikoak garatu nahi ditu egitasmo honek.

Edukien ikuspegitik, DBHko 4. mailan Geografia eta Historia ikasgaian jorratzen den marko kronologikoaren baitako edukiak landu ditu site honek. Zehazki, Aro Modernoan eta Garaikidean Euskal Herrian jazotako zenbait gatazka jorratu dira, horietako bakoitza unitate didaktiko espezifiko baten bidez. Horrela, erabiltzaileak 1718ko matxinadari, Karlistaldiei eta Gerra Zibilari buruzko unitateak aurkituko ditu hemen; gatazka horiek bere marko historiko orokorrean kokatzeaz gain, unitateok tokian tokiko errealitateari erreparatu diote. Alabaina, landu den esparru geografiko zehatzaren −Ezkerraldearen− gainetik, edozein eskualdetara egokitzeko moduko proposamen didaktikoa ondu nahi izan da; alegia, edukiak tokiko errealitatera egokituta, edozein eremutan erabiltzeko moduko markoa eskaini nahi izan zaie irakasleei.

Bestalde, proiektu honek lehen eta bigarren mailako iturriak erabiltzeko oinarrizko trebakuntza eskaini nahi izan die ikasleei, eta helburu horri lotutako ariketak txertatu dira hiru unitateotan.

Azkenik, lau hitz baino ez formatuaz. Izan ere, ikasgelan erabiltzeko materiala eta irakasleek kontsultatzeko eranskinak bereizita daude: lehenengo blokean, arazo-egoeren fase eta ariketa guztiak modu sinplean azaldu dira; bigarrenean, berriz, helburu didaktikoak (Heziberri (545.-546. or.)), ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak zehaztu dira.