3. ZINTA-ERRUGBIARI BURUZKO INFORMAZIOA

  1. Helburua. Puntuak lortzea du helburu. Entseguen bidez lortzen dira puntuak. Aurkariaren zelaiaren entsegu-marraren atzean (hau da, entsegu-eremuan) baloia uzteari deritzo entsegua. Entseguan, jokalariak ezin du bere burua lurrera bota, eta baloia eskuarekin utzi behar du lurrean.

  1. Jokoaren azalpena.

    • Erasoan: baloiaren jabe den taldea, paseen edo lasterketen bitartez, baloia entsegu-eremu barruan ipintzen ahaleginduko da.
    • Defentsan: baloia eskuratuz edo baloia duenari zinta kenduz, aurkako taldearen erasoa geldiarazten saiatuko da taldea.

  1. Jokalekua. Hainbat jokalekutan ari gaitezke: belartzan, egur gainean, hareatzan, asfaltoan… Zelaiak 40-50 metro luze eta 20-30 metro zabal izan behar du.

  1. Jokalari-kopurua. Talde bakoitza 12 jokalariz osatuta dago, baina zelaian 7 baino ezin dira aritu jokoan. Nahi beste aldaketa egin daitezke. Ohikoa da neskak eta mutilak elkarrekin aritzea talde berean.

  1. Zintak. Jokalariek zinta bina eraman behar ditu kirol-praken alboetatik zintzilik. Nahitaezkoa da zintak beti zintzilik eramatea, eta ezin dira zintak ezkutatu edo eskuarekin estali. Gainera, jokalariak ezingo du bere burua lurrera bota edo lurrean etzanda egon.

  1. Iraupena.

    • Eskolaz kanpoko ekintzetarako proposamena. 45 minutuko partidak izango dira, 15 minutuko hiru zatitan banaturik. Jokalari guztiek lehenengo edo bigarren zatia jokatu behar dute oso-osorik. Atsedenaldiak 3-5 minutu bitartekoak izango dira.
    • Gorputz-hezkuntzako saioetarako proposamena. Partidek 10 minutuko bi zati eta 3 minutuko atsedena izango dute.

  1. Puntuazioa:

    • Talde bietan sexu bereko jokalariak direnean: entsegu bakoitzak, puntu bat.
    • Talde bietan neska-mutilak dabiltzanean:

i. mutilek lortzen duten entsegu bakoitzak, puntu bat.

ii. neskek lortzen duten entsegu bakoitzak, hiru puntu.

  1. Jokoaren hasiera. Zelai-erdiko sakearen bidez hasiko da jokoa. Sakea egiteko, baloia atera behar duen taldea zelai-erdian kokatuko da. Jokalari baloiduna zertxobait aurreratuago egongo da. Aurkako taldea sakea duen taldetik 5 metrora kokatuko da. Baloia duen jokalariak ukitu bat emango dio baloiari oinarekin, eta, ondoren, taldekide bati pasatuko dio atzerantz, edo lasterrean joango da.

  1. Jokoan. Jokalaria aurkakoen entsegu-eremura iristen saiatuko da, baloia eskuetan daramala. Baten batek baloia duen jokalariari zintaren bat kentzen badio, gelditu egin beharko da jokoa.