“TXAPELA BURUAN ETA IBILI MUNDUAN”
Gure ingurua etengabe ari da aldatzen, eta haurrak prestatu behar ditugu etorkizuneko erronkei aurre egin diezaieten. Bizipenen bitartez ikasteko aukera eman behar diegu ikasleei, eguneroko bizitzan sortuko diren erronkei aurre egiteko. Proiektu honen bitartez, bost urteko umeek duten jakin-mina pizten eta asetzen saiatuko gara.
Garraiobideak da aukeratu dugun gaia, hain zuzen ere. Umeen eguneroko bizitzan daude, eta behin eta berriro aldatzen eta berriztatzen dira. Horregatik, hausnartzeko aukera emango diegu eta gai horri buruzko zalantzak eta galderak erantzuten saiatuko gara.
Hirugarren hiruhilekoan landuko dugu aipatutako gaia, umeen garapen erritmoa errespetatuz eta prestatu diren jarduerak haien adinera egokituz.
Gai horrek aukera emango digu Haur Hezkuntzako eremu hauek lantzeko:
· Norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala.
· Ingurunearen ezaguera.
· Hizkuntza: komunikazioa eta adierazpena.
Hori dena gauzatzeko, gure ikasleek garraiobideei buruzko erakusketa bat antolatuko dute. Ikaslea bihurtzen da protagonista. Haren parte hartzea ezinbestekoa da irakaskuntza prozesuan, ingurua behatuz eta esperimentatuz.
Erakusketa horretan, ikasleek haiek birziklatutako —Agenda 21 proiektua— materialarekin egindako artelanak ikusgai egongo dira, eta gurasoak eta eskolako kide guztiak bertara etor daitezen gonbidapena eurek sortuko dute.
Azkenik, azpimarratu nahi dugu hizkuntza dela proiektuaren bizkarrezurra eta oinarria: euskara eta ingelesa arloetan idazmena eta mintzamena indartuko ditugu.
Euskara eta ingeleseko idatzizko eta ahozko gaitasuna indartzeko asmoa dugu.