EBALUAZIOA

Jarduera guztietan hasierako ebaluazioa egingo dugu, umeen aurrezagutza zein den jakiteko, eta, horretarako, elkarrizketak sortuko ditugu gaiaren inguruan.

Saio bakoitzean, behaketaren bidez, ebaluazio jarraia ere egingo dugu, eta beharrezko ikusten badugu, jarduera moldatu edo egokitu egingo dugu.

Proiektua amaitutakoan, ondorioak aterako ditugu, eta horrek bidea emango digu bukaerako ebaluazioa egiteko.

Bukatzeko, ume bakoitzari autoebaluazio orriak emango dizkiogu betetzeko. Orri horietan, proiektuan egindako jardueren irudia agertuko da eta umeek jarduerok baloratuko dituzte.

AUTOEBALUAZIO ORRIAK:

Proiektuaren bukaeran, honako hauek ebaluatuko ditugu behaketaren bidez jasotako informazioa baliatuz:

NORTASUNAREN ERAIKUNTZAREN ETA INGURUNE FISIKO ETA SOZIALAREN EZAGUERAREN EREMUA

- Arian-arian, bere eta gainerako pertsonen gorputzaren atalak ezagutzen, izendatzen eta kokatzen ditu.

- Pertsonen arteko diferentziak eta antzekotasunak ezagutzen eta azaltzen ditu, gorputzaren ezaugarri eta bereizgarri batzuei erreparatuta.

- Giza irudia irudikatzen du eta gizakien ezaugarri fisiko batzuk ikusten dira irudi horietan.

- Espazioak, materialak eta tresnak, teknologikoak barne, koordinazio eta kontrol egokiz erabiltzen ditu, eguneroko bizitzako lanak egiteko.

- Pertsona helduen laguntzarekin, lan errazen sekuentziak planifikatzen ditu, sortzen zaizkion arazo-egoera errazak ebazteko.

- Jolasetan eta taldearen proposamenetan gogoz parte hartzen eta laguntzen du.

- Jolas sinple batzuen arauak onartzen eta betetzen ditu.

- Nolabaiteko autonomiaz egiten ditu ibilbideak eta jarduerak, horiek maiz egiten dituen lekuetan.

- Espazio-nozioak erabiltzen ditu bere burua eta objektuak kokatzeko.

- Oinarrizko denbora-nozioak erabiltzen ditu bere egitekoak antolatzeko eta gertakarien segida adierazteko.

- Kide den gizarte taldeen ezaugarriak ezagutzen ditu.

- Gizarteko hartu-emanetan parte hartzen du, kortesiazko arau batzuk (agurtzea, hitz egiten duenari begiratzea, txandari itxarotea, etab.) beteta.

- Laguntzeko eta elkarlanerako jarrerak ditu.

- Taldeko jardueretan laguntzen du.

NORTASUNAREN ERAIKUNTZAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN ETA ADIERAZPENAREN EREMUA

- Askotariko komunikazio-estrategiak erabiltzen ditu (hitzezkoak, gorputzaren erabilera, musika, etab.) bere beharrizanak, emozioak, bizipenak, sentsazioak eta gogoak adierazteko.

- Ahozko hizkuntza erabiltzen du egoera askotan eta solaskide ugarirekin komunikatzeko, gizarte-arau batzuk betez (besteari entzunez, solaskideari begiratuz, hitz egiteko txanda betez, etab.).

- Gogoz entzuten ahozko testu askotarikoak (mezuak, kontakizunak, literatura-ekoizpenak, deskribapenak, azalpenak, informazioak, etab.), eta ulertu egiten ditu.

- Ahozko hizkuntza darabilten jardueretan parte hartzen du: asmakizunak asmatzen, olerkiak ozen irakurtzen, hitz-segidak errepikatzen, ipuinen amaierak aurreratzen, eta antzekoak egiten.

- Galderak egiten ditu gauzak hobetzeko ulertzeko.

- Eguneroko bizitzako gertakariak eta bizipenak gero eta ordena egokiagoan azaltzen ditu.

- Gero eta denbora-epe luzeagoetan eusten dio arretari komunikazio-egoeretan.

- Gero eta adierazpen agerikoagoak eta egokiagoak egiten ditu hartu-emaneko komunikazio-egoeretan.

- Jolasetan, pertsona helduen eta/edo kideen komunikazio-xedeak ulertzen ditu.

- Ikasgelan irakurtzeko eta idazteko egiten diren proposamenetan parte hartzen du eta horiekiko interesik adierazten du.

- Arian-arian, idatzizko hizkuntzaren euskarriak erabiltzen ditu (liburuak, aldizkariak, egunkariak, ordenagailuak, kartelak, etab.), komunikatzeko, informatzeko eta gozatzeko.

- Idatziak eta adierazpen grafikoari dagozkion bestelako adierazpen-formak (sinboloak, irudiak, zenbakiak, etab.) bereizten ditu.

- Zenbakien segida erabiltzen du elementuak zenbatzeko.

- Zenbakien segidako grafia modu funtzionalean erabiltzen du.

- Musikako, gorputz-adierazpeneko eta/edo adierazpen plastikoko jardueretan parte hartzen du, banaka nahiz taldean..

- Gogoz eta arretaz begiratzen ditu askotariko kultura-adierazpenak eta gainerako pertsonek egindako kultura-ekoizpenak..