Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun. Beloaga gazteluaren historia.

Beloaga gazteluaren garrantzia

Beloaga gaztelua bailararen ikur bihurtu zen, zutik iraun zuen bost mende luzeetan, Beloaga baita Oiartzungo armarrian agertzen den gaztelua. Gainera, gazteluaren historiak gogora ekartzen digu galduta genuen gure nafar kontzientzia, hau da, agerian uzten digu Nafarroako Erresumaren parte izan ginela, gazteluaren esentzia nafarra baita. Izan ere, batetik, Beloaga Nafarroako erresumaren barruan eraiki zuten. Bestetik, Gaztelak 1200ean Nafarroaren mendebaldea konkistatu zuenean konkistatu zuten Beloaga ere. Gero, handik mende eta erdira, 1366an, agertuko zaigu gaztelua, Nafarroarekin berriro batu ginenean. Eta bota ere Nafarroako gazteluekin batera bota zuten Beloaga handik beste mende eta erdira. Horrez gain, Beloaga Erdi Aroko dokumentazio askotan ikusiko dugu, garai hartako gatazka dezentetan hartu baitzuen parte. Eta bukatzeko, esan behar da Beloagaren hondarrak, gaur egun, Oiartzunen kontserbatzen diren eraikin baten arrastorik zaharrenak direla, herriko elizaren azpian dagoen eliza erromanikoaren arrastoak hobeto aztertu arte, behinik behin.

Beloaga gazteluaren kokapena eta etimologia

Beloaga gazteluaren hondarrak Oiartzungo bailaran daude, Gurutze auzoko Arkale harkaitzetan, hain zuzen ere. Gaztelua dorre batek eta bost metro beherago zegoen gotorleku nagusiak osatzen zuten eta, nahiz eta batzuen ustez bigarren esparru hori karlistaldietakoa izan, eraikinaren egiturari erreparatzen badiogu, dorrearen garai berekoa dela ikus daiteke. Beste aditu batzuen ustez, litekeena da erromatarren garaitik eraikinen bat egotea harkaitz horietan, talaia hobeezina baitzen Arditurritik Irungo hiri erromatarrera, Oiassora, egiten zen mineral garraioa zaintzeko. Eta 2022ko abenduan aurkitu zen II. mendeko Faustina Zaharraren txanpon erromatarrak, nolabait ere, konfirmatu egiten du hipotesi hori.

Koldo Mitxelenak esaten zuen, Anderregiko hilarri erromatarraren hurbiltasunaren eraginez, behar bada, Beloaga izena latinetik etor zitekeela, hau da, Belonatik, gerrako erromatar jainkosaren izenetik. Baina Orotariko Euskal Hiztegian begiratzen badugu, peloa/pelua hitza aurkituko dugu. Izan ere, abereen behatz muturrari herri askotan azazkala esaten badiogu ere, herri batzuetan behi, ardi edo ahuntzen bi azazkaleko hanka muturrari apatxa esaten diote oraindik, eta Euskal Herriko txoko batzuetan peloa da zaldi, behor, asto edo mandoen azazkal bakarra. Beraz, pelodunak, eta hedaduraz peloak, azazkal bakarreko animaliak lirateke, eta Pelo-aga behor leku edo zaldi leku izango litzateke, behar bada, gazteluaren azpiko bailaratxoaren izena.  Eta hortik hartuko zuten izena gazteluak eta bailaratxo hori inguratzen duten baserri askok: Pelugain, Peloaga, Peluzar, Pelutxiki, Peluberri eta Pellibar. Izenak ere nolabaiteko bilakaera izan du, Erdi Aroan Beloaga/Veloaga, XVIII eta XIX. mendeetan Feloaga eta, gaur egun, baserrien izenak P letrarekin ahoskatzen dira.

Lehenengo aipamenaren aurretik gertatutakoak

Beloagaz egiten den lehenengo aipamena 1200. urtekoa da, baina ikus ditzagun, azaletik bada ere, aurreko gertakizun historiko batzuk. 476. urtean, erromatarren inperioaren gainbeherarekin, etengabeko gerrateak piztu ziren godo, franko eta musulmanen kontra, haien kronikek adierazten duten moduan. Eta, azkenik, 824an, frankoen kontrako bigarren garaipenaren ondorioz, Iruñeko Erresuma sortu zen. 

Beloaga X edo XI. mendekoa izan litekeela uste dugu. Izan ere, Hondarribiko gazteluaren aztarna zaharrenak Antso Abarkaren garaian daude dokumentatuak, 950ekoak gutxi gorabehera, eta Donostiakoak Antso III.aren garaian, 1000. urte aldera; beraz, Oiartzungoa ere  garai hartakoa izan liteke, bi gaztelu horiek bisualki lotzen baitzituen seinaleen bitartez.

1035. urtetik aurrera Aragoiko Erresuma sortu zen eta gero Gaztela; eta erresuma horiek zenbat eta indar gehiago eskuratu, orduan eta arriskutsuagoak bilakatu ziren Nafarroarentzat. XII. mendean bi erresuma horiek etengabe eraso zieten nafarrei, eta zenbaitetan Errioxa eta Bureba zatiak bereganatzen zituzten, nahiz eta nafarrek beste hainbestetan berreskuratu.

Egoera eramanezina bihurtu zen, eta auzia Ingalaterrako Enrike II.aren esku utzi zuten. Errege hori Normandia, Anjou, Akitania eta Guyenako jauna ere bazenez, Bordelen bolada luzeak ematen zituen, eta 1179. urtean sinatu zuten bake hitzarmenarekin Nafarroak Errioxa, Bureba eta Bizkaia zati bat galdu zituen. Antso VI.ak, ikusirik gaztelarren helburua Nafarroa osoa eskuratzea izan zitekeela, defentsarako gotorleku politika jarri zuen martxan Burandon, Toloño, Trebiño, Zabalate, Argantzun, Aitzorrotz, Marañon, Antoñana eta beste zenbait gaztelu berrituz edo eraikiz, eta Donostia (1180), Gasteiz (1181) edo Durango (1182) bezalako hiribilduak sortuz.

Enrike II.a Akitaniako Leonorrekin zegoen ezkonduta eta Gaztelako Alfontso VIII.aren aitaginarreba zen, baina 1192. urtean Nafarroako Antso VI.ak bere alaba Berengela Ingalaterrako Rikardo printzearekin ezkondu zuen; beraz, Galesko printzea eta Akitaniako dukea zena, Rikardo Lehoi Bihotza, Alfontso VIII.aren eta Nafarroako erregea izango zen Antso VII.aren koinatua zen aldi berean. Hala ere, begikotasun handiagoa zuen Antso VII.arekiko, nafarrak asko lagundu baitzion Frantziako erregearen kontrako guduetan, eta ordainetan Nafarroa Behera berreskuratu zuen.

De Rebus Hispaniae, Ximenez de Rada.

Gasteiz, 1200 urtea

Beloagaz egiten den lehenengo aipamena

Gaztelako erregeak eta Aragoikoak 1179ko bake hitzarmena hautsi, eta Calatayuden bildu ziren Nafarroa  konkistatu eta banatzeko plana osatzeko, baina Antso VII.ak, arreba ezkontzan eskainiz, tregua bat lortu zuen Aragoiko erregearekin. Errege nafarra gaztelarren erasoaldiaren beldurrez almohadeen lurretara joan zen laguntza eske, Rikardo koinatua orduantxe hil baitzen Chalus gazteluaren setioan, Frantziako erregearen kontrako borroka batean, baina kalifa berriak Antso VII.a gerarazi egin zuen, han zuten gatazka batean parte hartzeko. Orduan, Alfontso VIII.ak egoera hori aprobetxatuz, Nafarroari eraso egin zion 1199an. Trebiñuk, Zabalatek eta Gasteizek eutsi zioten erasoari, baina gasteiztarrek, ia urtebeteko setioa zeramatenean, gosez akabatuko zituztela ikusita, errenditu egin ziren.

Gasteiz menderatu ondoren, Durango aldea eta Ipuzkoako lurretan zeuden gaztelu txikiak erraz samar hartuko zituzten. Rodrigo Ximenez de Radak idatzi zituen kroniketan, konkistatutako guztia aipatzen ez badu ere, esaten du gerra horretan Gasteiz, Marañon, Arluzea, Ataun, Zaitegi, Aitzorrotz, Ausa, Donostia, Beloaga eta Hondarribiko gazteluak eskuratu zituztela. Eta aipatzen du errege nafarrak Trebiñu eta Zabalate Izura eta Argako Mirandaren ordez trukatu zituela, azken gotorleku horiek Iruñetik gertuegi baitzeuden. 

Hau da, bada, Beloagaz egiten den lehenengo aipamena eta erakusten digu Gaztelako ejertzitoa lur hauetan sartu arte, behinik behin, Beloaga eta beste gazteluak gaztelu nafarrak zirela eta bertako biztanleak nafarrak zirela. Antso VII.a 1201ean itzuli zen eta saiatu zen Aragoiko erregearekin hitzarmen bat lortzen galdutakoa berreskuratzeko, baina ez zuen lortu. Gero, Ingalaterrako Juan erregearekin hitzarmen bat sinatu zuen gaztelarren eta frantsesen aurka eta, ondorioz, 1204an Baionako lurrak bere babespean geratu ziren, itsasalderako irteera ziurtatuz. Urte horretan Gaztelako erregea gaixotu egin zen eta hil zorian zegoela testamentu egin zuen, aginduz sendatzen bazen Nafarroari kendu zizkion lur guztiak itzuliko zizkiola. Alfontso sendatu sendatu zen, baina lurrak ez itzultzeaz gain, armaz sartu zen Lapurdin eta Gaskonian, nahiz eta gero erretiratu, ezin baitzituen ejertzitoak lur haietan mantendu. 

Konkistatu berri zituzten Ipuzkoa eta Arabako lurretan ez zegoen muga garbirik Nafarroa izaten jarraitzen zuen erresumarekin bereizteko; beraz, Alfontso VIII.a eta hurrengo errege gaztelarrak, muga berria sendotzeko asmoarekin, inguruko herriak harresitzen hasi ziren. Horrela, Alfontso VIII.ak hiri gutuna eman zion Hondarribiari 1203an, eta mugak ezarri zizkion. Handik urte batzuetara, 1209an segur aski, Pribilegio gutuna eman zion Oiartzun bailarari, eta, dokumentua desagertua badago ere, Fernando III.ak 1237an bere aitonak emandako gutuna berretsi zuen. 1256an, muga politikarekin jarraituz, Tolosa, Segura, Agurain, kontrasta eta beste herri batzuk harresitu zituzten.

Garai hartan, herri berekoak izandako biztanleen artean istiluak sortzen hasi ziren. Erresuma berriak ematen zien legedi berriaren babesarekin azienda lapurretak eta gaizkile taldeen arteko istiluak ugaritu ziren, eta muga berriak gaizkileen muga izena hartu zuen. Dena dela, istiluak laster konpondu ziren, Nafarroako Karlos II.ak bere ejertzitoan erabili baitzituen Ipuzkoa eta Arabako ahaide nagusiak Normandian zituen lurrak defendatzeko. 

Nafarroako Karloa II.a

 Ingalaterrako Eduardo 

Gaztelako Pedro I.a

Bigarren aipamena

Ehun Urteko Gerra (1337-1453) piztu zen Ingelesen eta frantsesen artean, eta Nafarroako Karlos II.a buru belarri ibili zen ingelesen alde, Normandian lur asko baitzituen. Gainera, hango kaietan familia euskaldun franko finkatu ziren, bertan nahitaezko geldialdia egin behar baitzen Flandeserako bidaian. Garai hartan bailarako boteretsuenak Altzibarko Huartetarrak ziren, Oiartzungo ahaide nagusiak, eta gerra hori hasi zenean Huartetarren banderapean konpainia bat bidali zuten bertara Oiartzungo portutik (Pasaia). 1355ean Huarteko Beltran, oinetxeko burua, urtero 20 libra jasotzen hasi zen Normandian egindako zerbitzuengatik; eta ondoren Ayero Huarte izan zen Nafarroako erregearen zerbitzari fidela. 1356an Karlos II.a Roueneko gazteluan zegoela, eskolta eta guzti atxilotu zuten eta hurrengo egunean epaiketarik gabe bere laguntzaileetako lau lagun hil zituzten. Gertakizun hori zela eta, nafar guztiak ingelesen alde jarri ziren eta Lancasterreko dukearen eta Galesko printzearen artean Paris hartu eta preso eraman zuten Frantziako erregea.

1365ean Ehun Urteko Gerra Gaztelako Erresuman zegoen istilu batekin nahastu zen. Izan ere, Enrike II.a Usurpatzaileak, erregetza kendu zion bere anaiordea zen Gaztelako Pedro I.ari. Orduan Pedro I.a Bordelera joan zen ihesi eta1366an Libourneko hitzarmena sinatu zuen Galesko Eduardo printzearekin eta Nafarroako Karlos II.arekin. Hitzarmen horretan Galesko printzea eta Akitaniako dukea zenari 500.000 florin eta Bilbo, Bermeo eta Lekeitioko kaiak eskaini zizkion, eta Karlos II.ak Gipuzkoa Araba eta Errioxa, bere hiri eta gazteluekin, berreskuratuko zituen. 1367an, bada, Eduardoren tropak hegoaldera abiatu ziren nafarrekin batera, Enrike II.a Naiaran menperatu zuten, eta Usurpatzaileak Avignonera ihesi egin behar izan zuen.

Libourneko hitzarmenean Nafarroa barruan geratuko ziren gazteluak aipatzen dira eta hor agertzen da Oiartzungo gazteluaz egiten den bigarren aipamena. Aipamen horrek erakusten digu mende eta erdi Gaztelaren menpe egon arren, jende asko nafar sentitzen zela oraindik. Eta ez da harritzekoa, Nafarroako erregearen ezkutari baitziren Gipuzkoa eta Arabako ahaide nagusi asko, baita Bizkaiako batzuk ere, eta nafarrekin joaten ziren gerrara. Huartetarrek, esate baterako, soldadu konpainiak zituzten muga zaintzeko eta dokumentazio asko dago beren tropen gainekoa. Egin zituzten bilerei esker, batez ere Oinaztar bandokoekin, adostasun handia lortu zen berriro Nafarroako Erresuman sartzeko. Batasunaren eragileak Lesakako Zabaletarrak, Berako Altzatetarrak eta Oiartzungo Huartetarrak izan ziren.

1368an Carlos II.ak Amezketako Pedro Lopez Gipuzkoako merino eta kapitain izendatu zuen, eta  Oiartzungo Ayero Huarte, berriz, Urumeatik Bidasorainoko eremuko kapitain. Beraz, Huartetarrak Beloagarekin lotzen duen dokumenturik ez badago ere, garai hartan Ayero Huarte izango zen gazteluko jauna, boteretsuagorik ez baitzegoen herrian.

Baina Pedro I.ak ez zuen hitza bete, ez zion Eduardori ordaintzen eta Araba aldean ere zergak kobratzen jarraitzen zuen; beraz, Karlos II.ak eta Galesko printzeak eten egin zuten harremana. Egoera hori aprobetxatuz, Enrike II.ak Frantziarekin hitzarmen bat sinatu zuen, eta Du Guesclinen tropekin sartu zen Gaztelan 1369ko martxoan, Pedro I.a menpean hartzeko. Pedro I.a, eraso zalapartatsuan, babes bila sartu zen frantsesaren kanpalekura, baina anaiordea topatu zuen eta hark sastakada batez hil zuen Du Guesclinen laguntzarekin.

1372n Ayero Huarte eta beste jauntxo batzuk Karlos II.arekin bildu ziren, baina argi zegoen ingelesen laguntzarik gabe eta Frantziak Gaztelaren ondoan jarraitzen zuen bitartean ez zegoela ezer egiterik. Horrela, 1373an Guy de Boulogne kardinalaren epaiak Gaztelari itzuli zizkion Errioxa, Araba eta Gipuzkoa. Enrike II.ak, berriz, agindu gogorrak ezarri zizkion bailarari Oreretarekiko menpekotasun handiagoa izateko. Ofizialak izendatzea debekatu zion eta hiriaren legedipean jarri zuen. 1376an, 1381ean eta 1384an ere errege epaiak izan ziren bailararen kontra; merkatuan ogia, haragia, ardoa edo sagardoa saltzea debekatu zieten, eta, ondorioz, hirira joan beharra zuten produktu horiek saltzera. 

Huartetarren dorretxea (Altzibar, Oiartzun)

Hirugarren aipamena

Lehen aipatu dugun muga politikarekin jarrituz, 1320an Villanueva de Oyarço hiri harresitua sortu zuten Oiartzun bailarako Orereta auzoan. Oiartzungo kontzejua eta boterea bertara pasa zutenean, bailarako biztanleak hiri berrian bizitzera eta harresien gastuak ordaintzera behartu nahi izan zituzten. Ondorioz hainbat istilu sortu ziren hiriaren eta bailararen artean. Dena dela, bailarakoak bizimodu independentea egiten saiatu ziren. Ofizialak izendatzen zituzten eta batzarrak egiten zituzten, baina ez ziren Oreretako batzarretara azaltzen eta ez zituzten hango epaiak betetzen.

1453an Gaztelako Juan II.ak, ordura arteko politika aldatu, eta Oiartzungo bailarari hiri gutuna eman zion, Villanueva de Oyarçunetik bereizteko eskubidea onartuz, baina hiribildua auzoko lurretara mugatua geratzen zela eta, aurka jarri zen eta istiluak areagotu egin ziren. Gainera, Juan II.a hil eta semeak, Enrike IV.ak, atzera bota zuen bailarari emandako Pribilegioa. Probintziak ordezkariak bidali zituen, baina sortu zen istiluan ordezkariren bat hil eta beste batzuk zauritu egin zituzten. Gehiegikeria horien aurrean, Probintzia armez sartu zen bailaran, oinetxe eta beste etxe apalagoak erreaz edo eraitsiz, errotak eta olak suntsituz eta hainbat bizilagun hil edo zaurituz. Eta hemen dugu hirugarren aipamena, zeharkakoa baldin bada ere, bailara eta Oreretaren arteko bereizketa gatazkatsua gogora ekartzen diguna. 1455ean Enrike IV.ak Arevalon agindu zuen inor gehiago ez atxikitzeko Oiartzungo dorreetan gotortu ziren 60 gizonei. Plurala erabili arren, pentsatzen dugu Beloagaz ari direla, bailara Anaidiaren menpe zegoen eta. Aginduan esaten du bazekiela erresumako zein kanpoko jende gehiago espero zutela Probintziari kalte egiteko eta armak uzten zutenei barkamena agintzen zien, baina matxinatuta jarraitzen zutenei ondasun guztiak konfiskatzeko mehatxua. Uztailean Ganboako Martin eta Lazkaoko Martin Lope epaile izendatu zituzten, alegia, ganboa eta oinaztarren buruak. Gerra itxurako gatazka hura konpontzeko kapitulazio moduko dokumentu bat sinatu zuten Gipuzkoako Anaidiak eta Oiartzungo kontzejuak, eta auzia Errege Epaitegiaren esku geratu zen. Azkenean, 1491ko Errege Katolikoen erabakiarekin iritsi zen bereizpena eta Oiartzuni lurren bi heren egokitu zitzaizkion eta Oreretari heren bat.

Sinesgarria da garai hartan oraindik Huartetarrak Beloagan Probintziari eta Gaztelako erregeari aurre egiten ibili izana. Izan ere, kapitulazioetan Huarte bat da Oiartzungo kontzejuaren aldetik sinatzen duen lehena. Dena dela, 1448an Arrasate erre zutenetik, egoera zeharo aldatzen hasi zen. Gipuzkoako Anaidia bandoen aurka agertu zen, eta nahiz eta 1456an Oinaztarrrak eta Ganboatarrak Anaidiari aurre egiteko elkartu, Gaztelako erregearen boterea eta Anaidiarena areagotu egin ziren, leinuen boterearen kaltetan. Enrike IV.ak 1457an Donostia bisitatu zuenean, leinuen buruak erbesteratu zituen; kanpoan zeuden bitartean haien dorretxeak botatzeko aprobetxatu zuen, eta atzerritik itzuli zirenean, Anaidiaren menpe jarri zituen. Huartetarren dorretxea ere orduan bota zuten, Juan Huarte, erbesteratuta, Granadako erresumaren kontra borrokan ari zen bitartean. Burgo eta hiribilduetako eliteak irabazen ari ziren eta Erdi Aroko jauntxoen eredu feudala galtzen.

1453ko bereizpen pribilegioa

Laugarren eta bosgarren aipamenak

1463an Enrike IV.a Hendaiara etorri zen Frantziako Luis XI.arekin, elkarrizketatzera, eta bailararen eta Oreretaren arteko gatazka ezagutzen zuenez, Oiartzun bisitatzeko aprobetxatu zuen. Ikusi zuenean bailarako bizilagun kopurua hirikoa baino handiagoa zela eta biztanleak Nafarroa eta Frantziaren mugen aurrean barreiatuak bizi zirela, bere aitak eman zion bereizpen pribilegioa betetzeko agindu zuen, eta 1470ean Valladoliden berretsi; halere, auziak jarraitu egin zuen urte batzuetan. Eta litekeena da errege hori izatea Urdinolatarren jauregian lo egin zuena, gaur egun Landetxe dagoen leku berean, Urdinolatarrak garai hartan hasi baitziren nabarmentzen eta badakigu sarreran, oroigarri moduan, kateez lotuta zeuden bi zutabe jarri zituztela errege batek bertan gaua pasa zuelako. 

Dena dela, Enrike IV.ak arazoak zituen kortean, hainbat jauntxo boteretik urrundu baitzituen eta Beltran de la Cueva lagun minari, berriz, ondasun eta tituluak eman. Hori zela eta, Gaztelako jauntxo asko erregearen kontra altxa ziren Beltranen manipulazioak salatuz. Eta 1464ko abenduan erregearen destronatzea irudikatu zuten. Oholtza izugarria jarri zuten Avilako harresien kanpoaldean eta Toledoko Artzapezpikuak meza eman ondoren, berak, Villenako markesak eta Benavente eta Plasenciako kondeek, beste batzuen artean, lutoz jantzia eta erregearen ordez jarria zegoen egurrezko panpina bat tronutik bota zuten salatuz musulmanen laguna zela, homosexuala eta batez ere ez zela Juanaren aita, Juana la Beltraneja izengoitiz ezagutzen zena Beltran de la Cuevaren alaba zela esaten baitzuen mundu guztiak. Eszenifikazio hartan Enrike IV.aren anaiordea, Alfontso, aldarrikatu zuten errege.

Bi ejertzito izan ziren aurrez aurre. Gipuzkoan Ayalako Lopez Gartzia II.a altxa zen erregearen kontra, eta Alfontsoren alde egin zuen borroka, Villenako markesarekin batera; laguntza horiengatik, Urduñako jaurerria lortu zuen. Eta testuinguru horretan iristen zaizkigu laugarren eta bosgarren aipamenak. 1466ko apirilaren 20an Enrike IV.ak errege agindu bat eman zuen Segovian Gipuzkoako alkateari jakinarazteko Beloaga gazteluaz jabetu behar zuela, Ayalako Lopez Gartzia II.a bere kontra gotortu baitzen bertan, eta gaztelua botatzeko eta lurrarekin berdinduta uzteko agindu zuen. Baina historialari batzuek horrela gertatu zela esaten badute ere, ez zen agindua bete, 1468an Probintziak Beloaga gaztelua Ayalakoari bueltatzeko eskatu baitzuen. Erregeak baimena ez zuen eman, baina ez zuen botarazi.

Enrique IV.a eta Luis XI.a Hendaian

Enrique IV.a  (Beloaga)

Avilako fartsa

Azken aipamenak

Urte horretan Alfontso gaztea hil egin zen, eta Enrike IV.ak akordio bat sinatu zuen bere arrebaorde Isabel Katolikoarekin, hurrengo erregina bera izateko, baina 1469an Aragoiko Fernandorekin ezkutuan ezkondu zela eta, akordioa hautsi eta berriro bere alaba Juana hartu zuen oinordekotzat, Portugaleko Alfontso V.arekin ezkonduko zena. 1474an, Enrike IV.a hil zenean, gerra piztu zen Gaztelan Isabelen eta Juanaren aldekoen artean. Juanak Portugal eta Frantzia izan zituen alde eta Isabelek Gaztelako jauntxo gehienak

1476an Frantziak Alain de Labrit edo Albret bidali zuen ejertzitoarekin Baiona aldera, Hondarribia hartzeko helburuarekin. Ejertzitoaren zati bat hartuta, Bidasoa zeharkatu zuen, Irun eta Oiartzun inguruak menperatzeko. Horrela, Irun eraso ondoren, apirilaren 20an Oiartzunen sartu zen, eta elizako dorreari su eman zion, barruan gizon talde bat zegoelarik. Bailara erdia eta Orereta zati bat erre ondoren, Donostiara abiatu zen, baina bidean Salinasko kondea, Gipuzkoako merinoa, topatu zuen. Borroka latz hartan kondea menperatu eta Donostiako jendea Hernani aldera joan zen ihesi.

Eta ordukoa dugu seigarren aipamena. Hondarribiko erasoa prestatzera Baiona aldera zihoanean, Beloaga gaztelua hartu zuen. Labriteko jaunak Frantziako erregeari, Luis XI.ari, gerra hartako gorabeherak kontatzeko idatzi zion eskutitzean esaten zion Beloaga La Renteria eta Hondarribia artean zegoen gotorleku bikaina zela, harkaitz gaineko gaztelua, eta Gipuzkoako talaiarik ederrenean zegoela, eta bertan 200 soldadu utzi zituela.

Labriteko jaunak erasoa prestatzen zuen bitartean, Hondarribiko gotorlekuko kapitainak, Ganboako Juanek, Juan Lopez Lazkaokoren laguntza jaso zuen, nahikoa ez bazen ere. Bederatzi egunez borrokan gogor aritu ondoren, Jaizkibeldik foru milizietako 3.000 gizon iritsi ziren, eta frantsesak erretirarazi egin zituzten. Luis XI.ak setioa berriro antolatzeko agindu zion Labriteko jaunari, eta bitartean, Baionako Purget kapitainak Bidasoa zeharkatu zuen. Hondarribian, hori jakitean, Lazkaoko jauna haien bila atera zen miliziekin. Menperatu zituzten, baina Purget soldadu batzuekin Irungo plazako Arantzate dorrean sartu zen, eta errenditzen ez zirenez, Arantzateko jaunak berak aginduta dorreari su eman zioten. Hurrengo erasoan hondarribiarrak artilleriaz horniturik zeuden eta 50 egunez eutsi zieten. Bitartean, portugesak Toroko borrokatik erretiratu egin ziren, eta Isabel Katolikoa Gasteiz inguruan hasi zen biltzen Hondarribikoei agindu zien ejertzitoa. Labritek hori jakin zuenean, setioa utzi zuen. 

Donibane Lohitzuneko bakearekin bukatu zen gerra 1478ko urriaren 9an. 1476an, ordea, su etena onartu zen, eta bertan sinatu zen Beloaga gaztelua Labriten esku geratuko zela eta bertako soldaduek eskubide guztiak izango zituztela gazteluaren horniketa egiteko; zazpigarren aipamena. Horrez gain, Alonso de Palenciaren kroniketan (1482) esaten da Bidasoaren alde honetan gaztelu bat zegoela frantsesen eskutan eta bertatik kalte handiak egiten zituztela. Izena aipatzen ez badu ere, argi dago Beloagaz ari dela. Su etenaren ondoren ere bi aldiz aipatzen da Beloaga. Lehenengoa Fernandoren eskutitz batean; bertan Juan de Ganboari esaten dio ez sinatzeko su eten berririk Beloaga gaztelua itzuli arte. Eta handik gutxira aitari idatzi zion beste eskutitz batean barkamena eskatzen dio aitari, jakinarazi gabe Beloaga berreskuratzeagatik. Hamargarren aipamena. Izan ere, Aragoiko Juan II.ak hitzarmen integralagoa bilatzen zuen Frantziarekin Kataluniako Rosellon eta Cerdaña berreskuratu nahi baitzituen.

Gaztelako Juana eta Isabel

Frantziako Luis XI.a

Erdi Aroko azken gertaerak Nafarroan

Nafarroako Catalina I.ak jasotako erresuma gaztelarrek sustatu zuten gerra zibilagatik erdi suntsitua zegoen. Gainera, Catalina I.a itota sentitzen zen senarra aukeratzeko orduan Gaztelak eta Frantziak egiten zioten presioagatik. Azkenean Juan de Albret frantsesa aukeratu zuen, Labriteko Alain jaunaren semea, eta Errege Katolikoek erabakia iraintzat hartu zutenez, mendekua prestatzen hasi ziren. Erregeen adinagatik urte batzuetan Labriteko jaunak berak gobernatu zuen Nafarroa, eta urte batzuk geroago Cesar Borgia izan zen Nafarroako ejertzitoen mariskala, erregearen arrebarekin ezkondu baitzen, Labriteko Carlotarekin. Errege-erreginak 1486an ezkondu baziren ere, Leringo kondeak umilazioa pasarazi zien, ez baitzien utzi Iruñean sartzen koroa jartzera 1494a arte. Leringo kondearen hurrengoa, Fernando katolikoaren iloba zena, beharbada aurrekoa baino gogorrago aritu zen bere benetako errege-erreginen kontra, eta, azkenean, Labriteko Juanek Leringo kondea desterratu eta 1507an bakea lortu arren, 1512an Albako dukearen tropek, Nafarroan sartuta, erresuma konkistatu zuten. 

Konkistaren ondoren hiru saio egin ziren Nafarroa berreskuratzeko. Gaztelarrek 1516ko bigarren saioa zapuztu zutenean, Cisneros kardinalak Nafarroako gaztelu, harresi eta dorre pila bat botatzeko agindu zuen. Beraz, segur aski agindu harekin su eman eta lehertuko zuten Beloaga.

Aro Modernoa

Beloagaren historia, ordea, ez zen hor bukatu, gazteluaren hondarrak hainbat gerratan erabili baitziren gero. XIX. mendean liberalek fuerte bat eraiki zuten bertan eta Erdi Aroko gazteluaren horma eroriak erabili zituzten babesteko. Eraikin nagusian sukaldea eta lo egiteko barrakoiak altxa zituzten, eta ia hormen buelta osoa erabiltzen zuten, haren kontra jarri zuten korridorera igota, tiro egiteko eta babesteko. Dorrean, berriz, kanoia eta munizio biltegia zituzten, bertatik ere tiro egiteko. Azken karlistaldian karlistek fuertea hartu zuten, baina azkenean Prudencio Arnao kapitainak berreskuratu zuen 1875ko irailaren 15ean, mikelete konpainia batekin. Gerra bukatu ondoren, fuertea ez botatzeko agindu zuten berriro ere erabili zitekeelakoan, baina eraikinak eskas samarrak zirenez, handik urte batzuetara erori eta desagertu egin ziren.

1936ko gerran, uztailaren 23an Beorlegui koronela Oiartzunen sartzen saiatu zenean, milizianoek herrian aurre egin zioten, baina uztailaren 27an Ortiz de Zarate iritsi zen, eta atzera egin behar izan zuten Pikoketa eta Arkale aldera. Beloaga inguruan borroka asko izan ez baziren ere, Pikoketa benetako frente bat izan zen.

Gerra bukatu zen, baina ez preso zeuden errepublikarrentzat. Arkale barrakoiez bete zen, eta preso pila bat bidali zituzten bertara, hau da, Langile Batailoiak, frankistentzat bunkerrak eta azpiegiturak eraikitzera, gatibu moduan lan egiten zuten bitartean. Oiartzunen bakarrik hiru batailoi zeuden: Arkalen, Babilonian eta Aritxulegin. Eta kalkulatzen da 7.000 bat preso pasa zirela Oarsoaldeko barrakoietatik. Haiek egin zituzten Jaizkibelgo errepidea, Erlaitzekoa eta Aritxulegiko tunela, besteak beste.

1939tik aurrera Gipuzkoan eta Nafarroan, Frantziako mugaren aurrean, Vallespin izeneko defentsa lerroa eraikitzen ibili ziren, muga bunkerrez josita. Izan ere, Francok uste zuen Frantziara alde egin zuten errepublikarrak berriro itzuliko zirela Espainiako gobernua berreskuratzera eta Arkaleko harkaitzak alde batetik bestera zulatu zituzten bertan behatoki bat jartzeko, leku aparta baitzen Hendaia kontrolatzeko. Handik gutxira, Hitler menperatuko zutela ikusita eta Aliatuen beldur, defentsa sistema Pirinio guztira zabaldu zuen.

1893ko La Voz de Guipuzcoa egunkariak argi eta garbi bereizten ditu liberalen fuertea eta Erdi Aroko harresien hondarrak: la cimentación de la primitiva fortaleza subsiste fuerte y dura cual la roca en que se empotra, pero, en cambio, están ya por el suelo las fortificaciones levantadas durante la última guerra civil (azken karlistaldia) sobre dichas ruinas arqueológicas.

Beraz, gure ustez, lahar azpian ahaztuta egon den Beloaga gaztelua ezkutatu nahi izan diguten historiaren lekuko aparta da, lekuko isila, baina ez mutua, bere baitan utzi baitigu nahiko dokumentazio eta aztarna. Horregatik, pentsatzen dugu ahaleginak egin behar direla geratzen diren aztarnak babesteko eta merezi duten moduan kontserbatzeko.