Gazteluaren egiturak

BELOAGA GAZTELUAREN HONDARREAN GERATU DIREN EGITURAK

 

 

Bi sektore bereiz daitezke Beloagan, ekialdean laukizuzen forma irregularra duen eremu bat, 300 bat metro karratukoa, eta mendebaldean, sei bat metro gorago, oin trapezoidala duen dorre baten oinarria, 150 bat metro karratukoa, dorrearen atea defendatzeko mendebaldean harresitua zegoen balkoi bat itsatsita zuelarik. Forma irregular horiek Arakaleko haitzen zabalerara egokitu behar zutelako hartu zituen.

Hormen zabalera kontuan hartuta, metro karratu erabilgarriak askoz gutxiago dira, noski, hegoaldeko hormak esaterako bi metro baino gehixeagoko zabalera baitu oinarrian, pixka bat estuagoa iparraldekoa eta zabalagoa ekialdekoa.

Beloaga bota zutenean, gazteluaren horma guztiak lehertu zituzten, baina zorionez zutik iraun du perimetro osoak, eta iparraldean oso altuera txikiko harresia geratu bazen ere, hegoaldean, bai dorrean eta baita beheko sektorean ere, kanpoaldetik zenbait tokitan lau bat metroko altuera duten horma ederrak geratu dira, horma horiek harkaitzen artean itsatsita zeuden eta.

Bi sektoreak lotuta zeuden, argi eta garbi ikusten baita dorrearen ekialdeko hormek jarraitu egiten dutela beheko sektoreko hormekin bat egiteko, eta defentsa funtzioa ongi betetzeko, beheko sektoreak barrualdetik zortzi bat metroko altuera izan behar zuen nahi eta nahi ez, hau da, sei bat metro dorreraino iristeko eta gutxienez beste bi bat metro dorrearekin lotuta geratzeko, bestela kanpoko hainbat harkaitz oso gertu geratuko lirateke almenetatik, eta etsaia bi saltotan barrura iritsiko litzateke. Dorreak, berriz, hormen zabalera ikusita, gutxienez beste 15 bat metro izango zituen oraingo oinarritik gorantz.

Horma horiek altxatzeko erromatarren opus emplectum teknika erabili zuten, hau da, kanpo eta barrualdeko horma eraikitzen zuten, kasu honetan landu gabeko harriekin, eta barrua harriz eta morteroz betetzen zuten, eta harresi luzeenei kohesio handiagoa emateko tarteka egurrezko habeak sartzen zituzten erdialdean etzanda, hormaren norabide berean.

Goiko argazkian ikusten den zulo hori gutxi gorabehera 18 X 12 cm-koa da eta oso sakona. Bertan egon zen habea zeharo desegina zegoen eta ez zen aztarnarik geratzen, baina bistan da eskuineko marrazkiko habearen funtzio bera zuela. Marrazki hori Malcom Hislopen Cómo leer castillos gidan agertzen da.

   2. Ateak

Gazteluak bi ate zituen, bat beheko sektorean, hegoaldeko harresian, eta bestea dorrearen mendebaldean. Beheko sektoreko atea zen ate nagusia; sarrera hori Kanpoaldetik airean geratzen da, harkaitzetik metro batzuetara, baina hori gauza arrunta zen gaztelu haietan, sarbideak ahalik eta traketsenak izaten baitziren. Soldaduak eskaileren edo pasabideen bitartez sartzen ziren, baina haien zati batzuk jasotzean, etsaia ezin iritsirik geratzen zen. Ez dakigu eskailerak zuzenean beherantz jaisten ziren edo atearen eskuinaldean ikusten den harkaitza aprobetxatuz pasarela batzuen bitartez iristen ziren. Bi ateetan atalagen zuloak kontserbatu dira.

   3. Aljibeak

 

Setiatzen bazituzten, ura behar-beharrezkoa zuten bizirik irauteko. Horretarako badirudi hiru aljibe edo ur-tanga zituztela, bat dorrean eta bi beheko sektorean, hirurak hegoaldeko hormaren kontra, aljibeenak ematen baitute ura hustutzeko harresia zeharkatzen duten hiru ubideek. Izan ere, aljibe gehienek ubide horiek izaten zituzten goialdean, euriteek betetzen zituztenean urak barruan gainezka egin aurretik hustutzeko. Horrez gain, kanpo aldetik harri lau batez baliatuz lengueta moduko bat zuten irteten zen urak horma ez hondatzeko (ezkerrekoa puskatuta dago).


Dorrea 1983ko indusketan hustu zuten, eta bertan, ubidearen azpian, buztin plaka handi bat eta buztin zati asko aurkitu zituzten, aljibeak iragangaitzak izateko erabiltzen zirenak, gero ubideraino estalita geratu zen berriro. Zoritxarrez ez digute baimenik ematen beheko sektorea industeko eta ezin dugu baieztatu ubide horiek bi aljibeen rebosaderoak edo hustubideak diren ala ez.


Dorreko ubidea kanpotik eta barrutik

   4. Gezileihoak

Gazteluak, noski, gezileiho asko izango zituen, bai harresietan baita dorrean ere, baina geratzen zaigun testigantza bakarra liberalek azken karlistaldian egindako marrazki bat da. Bertan gezileiho batzuk ikusten dira dorrearen atea defendatzen zuen terraza harresituan, eta kontsolidazioarekin hasi ginenean antzeko zer edo zer egin nahi izan genuen, baina ez ginen ausartu erabat osatzen, liberalen garaikoa izan baitzitekeen, eta pentsatzen genuen botarazi egingo zigutela egitura asmatzen ari ginen aitzakiarekin.


   5. Komunak

 

Komunak altuera handian egoten ziren, harresiei itsatsiak mentsula batzuen gainean, eta badirudi beheko sektoreko harresian, dorrearen ondoan, bazegoela bat; izan ere, mentsula antzeko bi harkaitz daude, eta harresitik kanpo morteroarekin eraikitako zer edo zer ikusten da. Dorreak ere izango zuen horrelako komunen bat.



   6. Beloaga azken Karlistaldian

Beloaga XVI. mendean eraitsi zuten, baina XIX. mendean, azken karlistaldian, liberalek gotorleku bat eraiki zuten Beloagan, harresien hondarrak babesteko aprobetxatuz, eta dorrea harriz beteta zegoenez, zorua lurrarekin berdindu zuten, bertan Kanoi bat jartzeko. Dorreko terraza harresi batek inguratzen zuen, eta gezileihoez babestua zegoen. Badakigu oso obra gutxi egin zituztela liberalek, egitura gehienak egurrezkoak baitziren, soldadu eta ofizialen barrakoiak, eskailerak, komuna eta abar. Gerra ondoren abandonatu egin zuten, eta 1893ko La Voz de Guipuzcoa egunkarian esaten zuen: “Erdi Aroko harresien aztarnak tinko jarraitzen dute, eusten dituzten Arkaleko harkaitzak bezain gogorrak, baina azken gerrako gotorlekua dagoeneko lurrean sakabanatua dago”. Geratzen diren aztarna bakarrak hauexek dira: beheko sektorean adreilu lerro batzuk, sukaldea izan zuten tokian, eta dorreko terrazan, hustubideen azpian, harrizko lauki bat kanoiaren munizioa gordetzeko. Horregatik pentsatzen dugu desagertu diren gezileihoak ere Erdi Arokoak izan zitezkeela, baina batek daki.


   7. Gazteluaren irudikapena

Beñat Garcia irundarrak, guk emandako neurri eta aholkuak jarraituz, gaztelua nolakoa izan zitekeen irudikatu du. Lan horretan, nahiz eta ez jakin nolakoak ziren hainbat elementu ezta non zeuden ere, interesgarria iruditu zaigu horrelako batzuk eranstea, hala nola komunak, gezileihoak edo ur putzua. Dorrean jarri ditugun leihoak ere ez dut uste egokiak izan direnik. Izan ere, ikastaroan gazteluen estiloaz hitz egin zenutenean, ulertu nuen leiho geminatu horiek garai gotikoarekin daudela lotuta, eta Beloaga gazteluak lotura handiagoa izango luke erromanikoarekin. Dena dela, neurri eta itxura aldetik begiratuta, oso lan ona egin duela esango nuke.