Azken berriak

2023ko uda


Uda hasieran Belen Morenok diseinatutako panoramikak jarri genituen, Beloaga gazteluko obra bukatzeko. Horrez gain, bunkerretako panela jarri eta gaztelu ondoko plaka eta Gurutzeko panela ere berritu genituen Udalaren laguntzarekin.

Uztailaren 19an, berriz, Urmugakoek mikro kontzertu bat antolatu zuten Beloagan Leturia eta Iñaki Dieguezekin, gaur, urriaren lehenengoan, Oreretan ospatuko duten Kilometroen festaren harira.

Eta Udazkenean sartu berriak garenean Ekaitz Zabalzaren eskutik Erdi Aroko festan murgildu gara Oiartzunen. Disfrutatu!!!



2023ko maiatza


Hilaren 7an Irungo Landetxa (Katea) auzoko talde batekin Beloaga gazteluan. Oinez etorri ziren gazteluraino bisita egitera. Eguraldi eskaxa izan genuen, baina ateri. Joan den astelehenean, berriz, mendien panoramikak eraman genituen tailerrera, euskarriak neurrira prestatzeko, eta espero dugu lehenbailehen jarriak egotea.



2023ko apirila


Orain dela aste batzuk egunkari batean idatzi zuten iritziak zeozer ongi egiten ari garela erakusten du.


Beloaga Irun aldetik.

2023ko martxoaren 23a Beloaga gazteluko obrak bukatzen


Badihoaz obrak aurrera. Eskailerak eta plataforma jarriak daude eta barandilak bukatzen ari dira. Beraz, datorren astean edo gehinez hurrengoan, azken erremate batzuk bukatuta (sarrera zaharreko eskailerak, panelak, bandera eta abar) prest geratuko da bisitatzeko. Laneran ari diren bitartean, isilik egon gara jendea ez ibiltzeko obran gotti eta behetti, baina, esan bezela, aste pare batean bisitatzeko moduan egongo da. 


Eta aprobetxatu nahi dugu 2019ko maiatzeko berrian egindako akatsa zuzentzeko. Egun hartan Beloagan aurkitutako tronpa zaharrez edo musugitarrez hitz egin genuen, eta esaten genuen musika tresna horiek Asiatik iritsi zirela Europara XIV. mende hasieran.

Egia da Euskal Herrian tresna horien gaineko informazio zaharrena Durangoko XV. mendeko hainbat dokumentutan agertzen dela, baina Juan Mari Beltranek pasatako idatzi batek argi uzten du erromatar garaian ere bazeudela horrelako tresnak Europan. Artikulu horretan Rouenen (Frantzia) aurkitutako bost tronpetatik biren argazkia agertzen da eta bi tronpak Beloagan aurkitutakoen berdin berdinak dira.


2022ko uztailaren 12a


Ekainean, Amaiurreko gudaren 5. mendeurrena gogoratzeko egin ziren ekitaldien artean, bisita gidatu bat egin genuen hurbildu ziren guztiekin. Handik egun batzuetara, ekainaren 15ean, beste bisita gidatu bat egin genuen jubilatu talde batekin: hiru oiartzuar, hiru oreretatar, irundar bat eta Donostikoa akena. Eta atzo Zumaiako institutuko hainbat irakasle etorri ziren hango irakaslea den Pello Gorrotxategi oiartzuarraren bitartez.

Horrez gain, badirudi udalak lortu duela enpresa bat Beloagako azken fasea bukatzeko. Beraz, ematen du azkenean bukatua ikusiko dugula urte bukaeran edo hurrengo urtearen hasieran.

2022ko martxoaren 26a

Amaiur gazteluan gertatu zenari buruzko jardunaldia Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Hizlariak: Jose Luis Orella, Idoia Arrieta, Peio Monteano eta Iñaki Sagredo.

2021eko abenduaren 31


Kaixo, denoi. Gaurko egunarekin jarri genuen lehenengo bandera Beloagan orain dela hamar urte. Badakizue, Nafarroako konkistaren 5. mendeurrena gogorarazteko. Gauza asko pasa dira urte horietan, batzuk azkar besteak poliki, baina azken faseari hasiera emateko Diputazioaren oniritziaren zain jarraitzen dugu. Uste dugu lau hilabete pasa direla proiektua azken aldaketekin pasa zitzaiela, baina oraindik erantzunik ez. Hau da marka hau.

Dena dela, espero dugu datorren urtean azken fase hori martxan jartzea; eta bitartean urte berri on eta disfrutatu Leonard Cohenen abestiaren bertsio horrekin. Abestiaren letra Lorcaren poema moldatu bat da, eta harrituta zegoen Cohen ez zutelako Andaluzia osoa hankaz gora jartzen poetaren gorpua bilatzeko. Espainiako Felipito modernoak, Asturiasko printzea zelarik, Coheni saria eman zionean entzun behar izan zuen diskurtsoa ere ikusteko modukoa da. YouTuben daukazue. On egin.

https://www.youtube.com/watch?v=vx5CW0Vyvi8...

2021eko azaroaren 26a

Atzo egun seinalatua izan zen guretzat. Goizean Aingeru Gorrotxategik Beloagari eskaini dion kanta bidali zigun, guk deus ere jakin gabe. Erdi Aroko musikaren kutsua duen abesti politta sortu du. Mila esker, Aingeru.

Arratsaldean, berriz, Hernani aldean ibili ginen Beloagaren historiaz idatzi dugun liburua zabaltzeko asmotan. Egia esan, eguraldiak ez zuen batere lagundu jendea biltzeko, eta esan liteke lagun artean pasa genuela arratsaldea.

Eta beste egun seinalatua Diputazioaren oniritzia jasotzean izango da, hori besterik ez baita falta gazteluko obraren azken fasearekin hasteko. Ea lehenbaitlehen erantzuten duten.

2021eko abuztuaren 2a

"Beloaga, gaztelu baten historia HERRI baten historia" liburua idatzi du Joxemari Iturriotzek. Oso gomendagarria gure benetako historiaz jabetzeko. Gomendio berezia egiten diegu irundarrei, San Martzialeko gudaz beste ikuspuntu bat izateko.

Salgai 12 €tan Oiartzungo Urrats paperdendan, Mamuteko paperdendan, Intxixu jatetxean eta Ibarreko gasolindegian.


https://issuu.com/oiartzungoudala/docs/mugarri_001_368


2021eko uztailaren 22a

Bandera jarri dugu berriro. Orain dela hilabete pare bat, igande goiz batean, dirudienez lau gazte, eroaizearekin nahasturik, edo asmo gaiztoagoekin, astoarena egiten hasi ziren eta kandadua lehertu ondoren, masta eusten duen euskarria puskatu zuten.

Hasierako kabreoa pasa ondoren, zalantzan egon ginen konpondu ala ez, Izan ere, udazken honetan hasiko omen dira azken fasea egiten, eta pentsatu genuen plataforma montatzean jar zitekeela bertan masta berri bat, baina azkenean hormigoi azpian geratu zen euskarriaren zatia atera eta esukarri sendoago bat jarri genuen.

2021eko urtarrrilaren 16a


2020ko irailaren 9a


Aupa lagunok! Joan den larunbatean Herriexistentzia taldea Beloaga gaztelua bisitatzera etorri zen, eta egun paregabea pasa genuen. Bisita gidatua Joxemari Iturriotzen eskutik joan zen, eta ekitaldi politikoari albokarekin eta hiru abestirekin eman zioten hasiera. Bukaeran harrizko plaka bat jarri zuten oroigarri moduan. Ondoren bazkaria izan zuten Bizardia elkartean. Dena primeran atera zen.

2020ko udaberria

Egun on! Hemen duzue azken boladako laburpen txiki bat:

Neguan egin zuen eguraldi ona aprobetxatuz, Beloagako hegoaldeko laharrak eta sasiak garbitzen aritu ginen, harkaitzetakoak ere bai, eta garbiketa politta egin genuen. Horrez gain, bide berri bat ireki dugu, Anderregiko hilarritik sartuta, ehiztarien trepa txiki bat pasa eta segituan eskuinaldera jo behar da. Hortik bunkerretako bidegurutzera iristen zara. Ezkerretara bunkerrak eta eskuinetara gaztelua. Goraxeago ere bi aukera daude hegoaldetik edo iparraldetik. Lehenengoa errazagoa da, nahiz eta jaisteko biak izan irristakorrak. Oraindik ez dago erabat bukatua, baina Arkaleatze txaletetik baino erosoagoa da behintzat eta lohi gutxiago dago. Bandera berria ere jarri genuen, otsailaren erdialdera.

Dena dela, garrantzitsuena, alegia, indusketa eta obra bukatzea, ez dirudi aurten ere egingo denik. Orain dela hilabete pare bat atera ziren indusketak egiteko baimenak eta diru laguntzak, eta aurretik hasi ginen lata ematen Aranzadin behingoz dena bukatzeko. Baina egia esan, koronabirusaren kontuarekin ez dut uste ezer egingo dutenik. Beraz, hirugarren urtea joango da gauza handirik egin gabe.

2019 urtea ere joan zaigu

URTE BERRI ON !!!

Azken bolada hau hitzalditxo batzuk emanez edota bisita gidaturen bat edo beste eginez pasa dugu. Gainerakoan, beste urte bat joan zaigu Beloagako obraren azken fasea eta indusketa bukatu gabe. Orain dela hilabete pare bat Diputazioko teknikoekin egon ginen bertan, ea gazteluari bultzada bat ematen dioten, eta ez zuen ematen eragozpen handirik jarri behar dutenik. Bitartean ingurua txukun mantentzeaz aparte, ezin dugu besterik egin. Ea ba datorren urtea behingoz Beloagaren urtea den !!!

BELOAGA GAZTELUKO TRONPA ZAHARRAK EDO MUXU GITARRAK 2019ko maiatza

Musika tresna honekin lotuta historia harrigarria daukagu Durangon. Dirudienez Alonso Mella fraide zamorarrak mugimendu heretiko handia sortu zuen Durangon 1440. urtearen bueltan. Durangoko etxeetan biltzen ziren gauez, eta agintariek, haien atzetik ibili arren, ezin zituzten harrapatu. Izan ere, fraideak Santanderretik ekarritako tronpak banatu zien kideei eta atarietan burua sartuz eta tronpa joz abisu ematen zieten bildutakoei, agintariak ezertaz ohartu gabe.

Salaketen ondorioz ehun bat lagun hil edo erre omen zituzten, tartean fraidea. Handik aurrera Durango herriari tronperri esaten zioten, eta Durangokoari tronperrikoa. Horrez gain, Kurutzeaga izenez ezagutzen den 4,30 metroko gurutze galanta ere heretikoen kontra eraiki omen zuten.

BANDERA BERRIA BELOAGAN

Aurreko bandera Gabriel borraskak eraman eta gero, joan den asteazkenean, otsailaren 6an, jarri genuen bandera berria Beloaga gazteluan. Ea gutxienez urtebete irauten duen.

URTE BERRI ON 2019

2018a pasa da eta Arkalera igo bazarete, ikusiko zenuten ez dagoela aldaketa handirik. Baina jakin dugu udaletxeak partida bat ireki duela azken fasea egiteko, hau da, eskailerak, plataforma, panelak eta abar. Eta oraindik nahiko diru ez badago ere, suerte pixka batekin datorren urtean hasi litezke lanak.

Gure aldetik ere denbora aprobetxatu dugu. Gazteluaren ingurua garbitzen jarraitu dugu, eta gauza dexente aurkitu ditugu. Beraz, altxorra handitzen ari da, ea Aranzadikoak noizbait etortzen diren indusketa bukatzera, aurkitzen dugun guztiarekin erakusketa mundiala egiteko aukera izango dugu eta.

Argazkietan ikusten duzuenez, ikastolako umeekin ere izan ginen, Oiartzunen Erdi Aroan gertatu ziren hainbat historia kontatzen. Bestalde, Irungo lagun batekin Beloaga gaztelua nolakoa zen ikusteko bideo txiki bat ari gara prestatzen, eta hori ere datorren urterako prest egongo da.

Besterik gabe, izan untsa eta gora Nafarroa!!!

BELOAGA BIZIRIK GIZAKATEAN 2018KO EKAINAREN 10EAN

2018ko urtarrila

Hementxe gaude obraren azken fasea egiteko Eusko Jaurlaritzatik iritsi behar duen diru laguntzaren zain. Bitartean gaztelu ingurua garbitzeko asmoa genuen, baina eguraldiak ez du askorik laguntzen. Joan den astean, berriz, urtarrilaren 18an, bandera berria jarri genuen, zortzigarrena, aurrekoa txiki arraio egina geratu baitzen. Hortxe dituzue ere Beloagari buruzko bideoa promozionatzeko egin genituen saioetako argazkiak eta artikulua, bai Hernanin, bai Durangon baita Oiartzunen ere. Baten batek bideoa eskuratu nahi badu, Urrats liburu dendan dauka salgai. Hurren arte


Beloaga gazteluari buruzko bideoa


Hernani, 2017ko azaroaren 27a.

Atzo Hernani aldean ibili ginen lata pixka bat ematen. Nabarraldek Beloagaren inguruan aterako duen DVDari propaganda egiteko asmoarekin, gazteluaren historia zabaltzen aritu ginen Biteri kultur Etxean. 

Bideoaren aurkezpena Durangoko azokan izango da, abenduaren 8an, 13:45ean.

2017ko udako laburpena

Beloaga gazteluan, berriz, franko aldatu dira helburuak azken albistetik, esate baterako indusketa ez da obra bukatu arte egingo. Kontsolidazioa ere poliki joan da, baina lan horiek bukatu dira, erremate batzuk bukaerako utzi badira ere.

Beraz, garaiz iritsiko gara hil honetan Jaurlaritzak ematen duen diru laguntza eskatzeko, eta horrela datorren urtean azken fasearekin hasiko ginateke, hau da, eskailera, plataforma eta abar, irisgarritasuna errazten duen faserekin, alegia.

Zoritxarrez ez dago denborarik proiektua aldatzeko, diru laguntza eskatzeko epea gainean baitago, eta gaztelura harresitik sartzen jarraituko dugu, argazkiko eskaileretatik (A), etsaiak sartzen ziren moduan, eta ez gazteluko atetik, guk nahi genuen moduan (B). Aldaketa hori hurrengo baterako utzi beharko da.

2017ko martxoaren 11

2017ko otsailaren 11

Urdaburu mendi taldeko hemeretzi lagunen bisita izan genuen joan den larunbatean, eta hor aritu ginen azalpenak ematen. Tartean Josemari Etxaburu zegoen, Ondarruko Kamiñazpi goitizeneko euskalzalearen semea. Hain zuzen ere, bere aita ibili zen Aritxulegiko tunela eta beste hainbat obra egiten inguru honetan, gerra garaian preso egon zen urteetan, Arkaleko bunkerrak egin zituzten garai berberetan.

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiogu udaletxeari, kontsolidazio guzia finantziatzeagatik. Udaberrian kontsolidazioa bukatu eta udan azken indusketa egiteko asmoa dago, ea gauza interesgarriak aurkitzen ditugun.

2016ko abendua

Uso pasea bukatu zela eta, atzo jarri genuen bandera berria, seigarrena; kasualitatez abenduaren hiruan, Nafarroako egunarekin, eta, egia esan, gaurko hego haizearen astinduak aguantatzen baditu, seguru urte osoan iraungo duela. 

Gainerakoan, obrak aurrera doaz, eta hilaren 14a arte luzatu digute epea, 2016aren barruan bukatu behar baita lana. Baina, jakina, azaroaren 24an hasita, ezinezkoa izango da egin behar zen guztia egitea. Hala ere, espero dugu diru laguntzatik gastatzen ez dena behintzat ez galtzea, eta udaberri aldean bukatzea geratzen dena.

2016ko azaroa

Batek baino gehiagok esango du berandu samar ari garela, eta arrazoia emango diot. Baina batetik Aranzadik uda osoa okupatua zuela, eta bestetik protokolo guztiak bete behar zirela, eta azkenean azarora iritsi gara. 

Guk, dena dela, zintzo-zintzo igo genituen udan behar ziren harri guztiak, eta dorrea bete genuenean dorre azpiko eremuan utzi genituen gainontzekoak. Ura ere pilatu genuen plastiko berriak jarrita, aurrekoak zulatu egin baitzizkiguten. Gero mortero zaku pila igo genituen, eta bukatzeko hormigonera.

Obraren esleipena, ordea, dexente atzeratu zen, eta gero Aranzadi langilerik gabe zegoenez, guk bilatu behar izan genituen Oiartzungo hiru gazte, bi igeltsero eta peoi bat, Aranzadiko tekniko baten ardurapean lan egiteko. Baina aurretik azterketa medikua egin behar izan zuten eta emaitzen zain geratu, gero arriskuen prebentzioaren gaineko ikastaroa ere egin behar  izan zuten, eta, noski, azkenean negu atarian lanean.

Dena dela, kontsolidazio zati bat urte barruan egingo denez, obra udaberrian bukatu omen daiteke sosik galdu gabe. Ea egia den.

Eta ahaztu baino lehen, mila esker Tajo lantegiko enkargatuari harriak eta morteroa igotzeko eman zigun parrilagatik; hondatu zena baino askoz sendoagoa, gainera. Eta mila esker, noski, laguntzen ari zareten guztiei ere.

2016ko UZTAILA

Uztailaren 10ean Azpeiti eta Azkoitiko kuadrila bat etorri zitzaigun bisitan eta oso ongi pasa genuen bazterrak ikusten eta bertako historia kontatzen.


Baina harriak igotzen ari ginela garabia izorratu, eta tailerrean konpontzen ari ziren bitartean berriro "gazte"alu horien bisita izan genuen, edo, agian, beste batzuena, baina ez dut uste.

Oraingoan kalte haundixeagoak egin zituzten. 200 litroko bidoia, orain kate batekin lotua dagoenez, ezin irauli eta harriz bete zuten, eta, noski, ura isuri.  1000 litroko bidoien tapak ere harrika bota. Bidoi batean ura ateratzen saiatu ziren mangera batekin, baina ez zuten lortu, eta bestean harri txikiak saskiratzen aritu ziren entretenimendu modura, baina suerte gutxirekin. Xesto pare bat ere harrika bota zituzten, eta garabiatik dorrera igotzeko erabiltzen dugun txirrikatik xestoa zintzilik jartzeko pieza bat lapurtu zuten. Okerrena euri ura jasotzeko erabiltzen dugun plastiko lodia zartatu egin zutela. Andamioak eusteko aspa bat lantza moduan bota zuten eta bi zulo haundi egin zizkioten, orain ez du ezertarako balio. 

2016KO LABURPENA: MARTXOA

Egia da aurtengo zazpi hilabete hauetan ez dugula berririk jarri, baina gauzak hartzen duten norabidea ikusita, nekea gailentzen zaizu, eta gauza batzuk alde batera uzten dituzu. Hala ere, ez dugu etsiko, eta hemen gaude gertakizun garrantzitsuenen laburpenarekin.

Hilaren bukaeran garabia ondoko plataforma aldatu genuen. Bertan 2,5x2,5x2,5 metroko kata haundi bat egin genuen, baina usteltzen hasia zen eta arriskutsua geratzen ari zen kargarekin gainetik ibiltzeko. Gainera, Lakuako teknikaria ohartu zen horretaz eta  berak esan zigunez, ba, guk erdia lurrarekin bete, eta beste erdia sendotu egin genuen.


2016ko MAIATZA EKAINA


Azkenean Apirilean bukatu zuten Aranzadikoek proiektu berria, eta baita onartu ere Diputazioan eta Oiartzungo udaletxean. Orain diputazioko dirulaguntza eta bi erakundeen baimena behar da, eta bitartean geldirik egoteko. Argi dago inor ez dela konturatzen obra hori egiteko Arkale gainera metro kubiko harri dexente, eta mortero palet mordoxka igo behar direla, eta hori ez dela bi astetan egiten. Beraz, Aranzadikoak etorrarazi genituen ikusteko ze lana den hori, hasteko gazteluko bertako harria ateratzen baitugu lur azpitik.

Mugitu ziren pixka bat eta maiatzaren hamazazpian lortu genuen baimena harriak ateratzeko eta igotzeko eta hortan ari gara oraindik ere. Izan ere, karroxakada bakoitza igotzeko hamar minututik gora behar dira, eta gero eskuz lauzpabost xextokadatan igo behar dira torrera. Baina argazkian ikusten denez, dagoeneko dexente igo ditugu.

URTE BERRI ON 2016

Urte berri on denoi, eta ea aurtengoak berri onak ekartzen dizkigun gaztelua konpontzeko. Bitartean proiektu berriaren zain gaude lanean hasteko. Aranzadikoek esan ziguten ahal bazuten azalduko zirela eguberrietan arkitektoarekin, azken xehetasunak adosteko, baina ez ziren etorri. Dena dela, uste dugu laster azalduko direla.

Gainerakoan uxo pasea bukatu eta gero, abenduaren zazpian, konpondu genuen bandera zahar bat jarri genuen, baina egin zituen hego haizeekin ez zuen askorik iraun, eta puskarik handiena haizeak eraman zuen. Eta atzo, urtarrilak 16, zaharraren aurretik sei hilabetez egon zena jarri genuen. Bosgarrena alegia. Aber zenbat aguantatzen duen.

2015eko uda joan da

Aupa jendea. Barkatu bolada luze honetan berririk ez bidaltzeagatik, baina 2015eko uda erabat okertu zaigu. Ketikan ihesi eta surtan sartzen aritu gara.

Hitzarmenean udalak diru partida bat agindu ondoren, gauzak ezin hobeto zihoazela ematen zuen, Diputazioak 15.000 € adjudikatu baitzizkigun. Baina handik aste batzuetara adjudikatzeko moduan irregulartasunak zeudela eta, anulatu egin ziguten. Bestetik udala ere, Aranzadiren aurrekontuarekin ez omen zegoen ados, eta aurtengo kanpaina anulatua geratu zen. 

Hori gutxi balitz, grua martxan jartzeko generadorea lapurtu ziguten Arkaletik, eta ura hustutzeko beste sabotaje bat egiten ere saiatu ziren, nahiz eta saio honetan 100 bat litro besterik ez isuri.

Hala ere, dena ez da txarra izan. Iazko kanpainatik geratu zen diru pizarrarekin iparraldeko harresia konpondu dugu. Uztailaren 14an, berriz, Aranzadirekin gerrako trintxerak garbitzen aritu zirenei bisita gidatu bat egin genien. Urriaren batean bilera izan genuen udaletxekoekin, eta badirudi proiektua bultzatzeko prest daudela; ea gauzak behingoz zuzentzen diren. Egunkarian ere, berriro agertu zen Beloagaren gaineko artikulu bat, eta "Beloaga egunkarietan" sailean sartu dugu. Eta atzo, uxo pasea dela eta, bandera kendu genuen urtero bezala. Espero dugu hurrengo berriak hobeak izatea. Ongi izan.

UDALA, ARANZADI ETA BELOAGAREN ARTEKO HITZARMENA

Joan den ostegunean, otsailak 26, hitzarmena sinatu genuen Oiartzungo Udalak, Aranzadik eta Beloaga Bizirik Elkarteak, Beloaga Gaztelua eraberritzeko dagoen proiektua bultzatzeko.

Aurten ere badirudi diru pizar bat lortuko dugula, Udala eta Diputzaioari esker, kontsolidazioarekin jarraitzeko. Ea uda aldean auzolana antolatzen dugun gaztelua itxurosoago uzteko.

Dena dela, proiektuak dituen gastu handienak hobekuntza, irisgarritasuna eta seinaletika arlokoak dira, hau da, dorreko plataforma, eskailerak, panelak... Baina horretarako laguntzak Europatik iristen dira eta Eusko Jaurlaritzari eskatu behar zaizkio. Beraz, gauzak ongi badoaz, aurten eskatuko ditugu, lanak hurrego hiru urteetan egiteko baldintzetan, alegia, 2016, 17 eta 18an. Ez da erraza izaten, baina ea dena epe horietan betetzen den.

2015eko Aste Santua

Apirilaren 2an sabotajea izan genuen Beloagan. Utzi zituzten arrastoengatik ia seguru gaude gazte batzuen ganberrada izan dela. Lehenengo argazkian ikusten diren bi depositoei tapak ireki eta bat harrika bota zuten basora, dozena bat harri eta maza egiteko saski haundiarekin batera. Gero, palanka eginez edo, bakoitzak 600 bat litro ur zituzten depositoak irauli eta hustutzen saiatu ziren. Batekin lortu zuten, baina bestea 300 bat litrorekin geratu zitzaien lurrean. Alukeri galanta, maza egiteko ezinbestekoa baita, eta kalbario haundi samarra izaten da guretzat depositoak beteak mantentzea. Euri ura jasotzen ez bada, bidoiak bizkarrean hartu eta oinez igo behar izaten dugu ura goraino, kamioia bonbarekin oso garestia ateratzen baita noiznahi eskatzeko.


2015eko martxoaren 11

Bisita gidatua egin genuen Beloagara Irungo Euskaltegiko ikasle batzuekin. Oso ongi pasa genuen. Pena bakarra lainoa izan zen, ez baitzegoen ikusterik bertatik dauden bista ederrak.

Azaroak 16, Monumentu historikoen eguna

Azaroaren 16an Monumentu historikoen eguna denez, Aranzadik hainbat ekitaldi antolatu zituen. Eta Beloaga gaztelua Monumentu historiko izendatzeko bidean dagoenez, bisita gidatu bat antolatu genuen bertara. Hogei bat lagun elkartu ginen Orereta, Pasaia eta ingurukoak, eta arratsalde politta pasa genuen. 

2014ko urtarrilaren 16a. Panelaren inaugurazioa eta hitzarmenaren sinadura.

Gaur abenduaren 28a da, inoxenteen eguna, baina ez gara brometan ari, ez. Atzo jarri genuen azkenean Gurutzeko panela. Hego haize zakarra noiz baretuko zain egon ondoren, atzo jartzea erabaki genuen, nahiz eta oraindik haizea harro samar ibili. Gazteluaren informazioaz gain, beste ibilbide bat erantsi genuen Gurutzeko cromlechak ezagutzeko. Eta haizeaz ari garela, aurreko eguneko ufadek txikiarraio egina utzi zuten bandera. Ea lehenbailehen lortzen dugun beste bat.

2014ko udara

Aupa lagunak, argazkietan ikusten duzuen bezela, udan ez gara geldirik egon. Ekaina bukaerako txukun-txukun gelditu zen dorrearen horma kanpoaldetik, baina barrenetik lan mordoxka geratzen zen oraindik: horma erdiari fila pare bat harri falta zitzaizkion, eta gainaldea berdindu beharra zegoen. Eta hortan aritu gara uztailean eta abuztuan.

Irailean, berriz, horma hori gehixeago altxatzekoak ginen, beste hormekin berdintzeko, baina hilabetea bileretan joan zaigu. Izan ere, udaletxean kezkatuta zeuden segurtasun neurriengatik, eta, gainera, esan ziguten juridikoki, herri lurrak izanda, promotore udalak izan behar zuela nahitanahiez. Beraz, orain Udala, Aranzadi eta Beloaga Biziriken arteko hitzarmena sinatzeko zain gaude.

Badakizue administrazioak mantso mugitzen den fama duela, baina espero dezagun aldaketa onerako izatea, eta ea laster berri onekin etortzen garen.

A!, eta uxo pasea dela eta, berriro kendu dugu bandera. Beraz, hilabete eta erdiko atsedena dugu, indarberrituta bueltatzeko.

2014ko ekaina!!!

Berandu gatoz berriekin; izan ere, galtzak bete lan ibili gara. Baina azkenean ekainean Aranzadik egin behar zuen kanpaina gauzatu da, eta esan behar da oso pozik geratu garela. Aranzadik zintzilik lan egiten duten bi tekniko bidali zituen: Tito Agirre eta Asier Izagirre, langile bikainak. Lana, ordea, gogorregia iruditzen zitzaigun bi lagunentzat, eta elkarteak mazak egiteko-eta, beste bat jartzea erabaki zuen: Eduardo polibalentea. Horretaz gain, suertea izan genuen eta bi boluntario izan genituen ia egunero: Urruñeko Unai eta Donostiako Jon, praktiketan dabilen geologoa. Horrela bai; batek mazak egin bitartean besteak maza eta harriak pasatzen aritu ziren, eta Tito eta Asier jaunak, noski, gelditu gabe.

Guretzat ere izan zen lana. Dena eskura jarri bagenien ere, segituan gastatzen zuten morteroa, eta Joxe Leonen laguntzarekin buelta mordoxka egin behar izan genituen traktorearekin. Gero, garabian gora, eta azken aldapa bizkarrean, beti bezala. Ura ere bukatu zen eta beste bi mila litro ekarri behar izan genituen kamioiarekin. Pareta konpontzen goraino iritsi zirenean, berriz, gainean zuen lurra kendu behar izan genuen. Eta ez zen broma izan, metro erdiko kapa baitzuen.

Argazkian ikusten da oso ondo geratu dela, nahiz eta oraindik bukatuta ez egon. Dena dela, paretarik zailena eta handiena da, alde handiarekin. Beraz, esan liteke lehenengo fasearen erdia, hau da, kontsolidazioarena, egina dagoela. Irailean etortzekoak dira berriro. Ea, suerte pixka batekin laster bukatzen dugun fase hau.

Ekainerako dena prest utzi nahian

Orain dela aste batzuk jakin genuen Aranzadikoak ekainean etorriko direla Beloagako dorrea kontsolidatzeko lanak hastera. Izan ere, uztailean Amaiurren aritzen dira eta Abuztuan ere lana dute Irulegiko gaztelua konpontzen. Beraz, hilabete besterik ez dugu materiala igotzeko, eta mortero zaku eta harri dexente igo behar direnez, udaletxeari garabi bat eskatu genion, dena eskuz igotzea ezinezkoa izango zela ikusi genuen eta. Garabia joan den igandean, apirilaren 27an, jarri genuen, eta proba batzuk egin ondoren, ongi zebilela ematen zuen. Atzo saio luzeagoa egin genuen eta dena ongi atera zen. Dena dela, harri franko pilatu behar direnez, primeran etorriko zaigu laguntza pixka bat. Altxur bat nahikoa da harriak pilatzeko, ingurua harriz josia dagoela ematen baitu. Gu larunbat zein igande goizetan hor arituko gara. Gehiago jakin nahi izanez gero, deitu 685 70 64 71ra.

Maiatzaren 17a, 18a eta 24a

Ongi aprobetxatu ditugu bi asteburu hauek. Aurrekoan ura igo genuen uraska duen kamioi batekin. 30 metroko mangera zatiak arkaleko errepideko kaxkotik gazteluraino igo, puska guziak lotu, motorra martxan jarri eta berehala bete genituen 1000 litroko bi bidoiak. Gero harriak igotzen jarraitu genuen.

Larunbatean, 24an, berriz, eguraldiaren beldur ginen, baina portatu zen. Hala ere, morteroaren erdia Arkale baserrian utzi genuen, hurrengo egunetan euria besterik ez omen zuen egingo eta. Gainera, igo genuenarekin nahikoa izango dute hasteko. Argazkietan ikusten duzue prozesua: paletak jaitsi, traktorean kargatu, garabia iristen den bunkerren gainaraino maldan gora igo, handik garabira, eta gero bizkarrean torreraino. Gero, beti bezala, harriak garraiatzen jarraitu genuen, pila bat beharko ditugu eta. Dena dela, harrobi polita dugu ondoan, gatelutik bertatik erori edo botatakoak.

Mila esker Joxe Leon Kazaboni traktorearekin laguntzera etortzeagatik, eta bere anaiari karroa uzteagatik, Faustorena dela uste dut. Beste hainbeste Xabier Aristizabali morteroa aste pare batean bere etxean edukitzeagatik, eta nola ez ia astebururo etortzen diren guziei.

Poliki, baina gelditu gabe

Joan den igandean beste pauso bat eman genuen ekaineko lanak behar bezala hasteko. Mila litroko bi ontzi igo genituen Beloagara. Hasieran oinez, maldan gora, eta gero garabian. Bukatu genuenean harriak igotzen jarraitu genuen. Orain ura eta morteroa igotzea falta zaigu. Mila esker Iñigo Izagirreri ontziak uzteagatik eta laguntzera etorri zirenei.

Udaberria gainean dugu!!!!!!

Aurretik ere hasiak ginen, baina beste gauza bat da eguraldi ederrarekin lan egitea. Izan ere, badakizue Beloagako proiektua aurrera doala, ezta? Udan gara hastekoak, eta argazkietan ikusten duzuen bezala hementxe ari gara harriak pilatzen, bertako paretak berdintzeko mordoxka beharko dira eta. Beraz, larunbat edo igande goiz batean aspertuta bazaude hor izaten gara 9,30etatik 13,30etara gutxi gorabehera.

Dena dela, Aranzadiko arkitektuaren zain gaude, kanpaina pixka bat zehazteko. Baina badirudi gutxienez hilabetekoa izango dela, eta guk ordurako behar duten material guztia eskura jarri nahi diegu, denbora ez galtzeko eta hilabeteari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko.

Orain etortzen ez bazara ere, espero dugu kanpaina hasi aurretik etortzea, jende dexente beharko baitugu materiala igotzeko.

Izango duzue gure berri, taldeak eta antolatzeko lata handia emango dugu eta. Hurrengo arte. 

2013ko abenduaren 27a

Gaur abenduaren 28a da, inoxenteen eguna, baina ez gara brometan ari, ez. Atzo jarri genuen azkenean Gurutzeko panela. Hego haize zakarra noiz baretuko zain egon ondoren, atzo jartzea erabaki genuen, nahiz eta oraindik haizea harro samar ibili. Gazteluaren informazioaz gain, beste ibilbide bat erantsi genuen Gurutzeko cromlechak ezagutzeko. Eta haizeaz ari garela, aurreko eguneko ufadek txikiarraio egina utzi zuten bandera. Ea lehenbailehen lortzen dugun beste bat.

2013ko abendua

Txantxangorria txantxate

Biligarroa alkate

Zozoa dela mediante

Txepetxa preso sartu dute.

Bernardo Atxagak esaten du kopla zahar hau egutegi txiki bat dela. Izan ere, txepetxa udazkenean desagertu egiten da eta txantxangorria berriz neguan hurbiltzen zaigu lotsagabe. Beraz, txantxangorria urte berriaren sinbolo bihurtu zen eta txepetxa zaharrarena. Eta horregatik omen du txantxangorriak paparra gorria, urtero hiltzen baitu txepetxa, urte zaharra, alegia.

2013ko abenduaren bata

Gaur Pasaiako Basabi mendi taldea Beloagatik pasatzekoak zirela aprobetxatuz, bandera jarri dugu, uxo pasea bukatua da eta. Esan behar da pazientzia haundiarekin entzun dutela Joxemariren azalpen bukaezinak.

Eta betiko kolaboratzailak, jakin ezazue zuen laguntzari esker laster jarriko dugula panel bat Gurutzen. Bertan Beloagara daraman ibilbidearen inguruko azalpen guztiak aurkituko dituzue, eta gainera beste ibilbide bat jarri dugu, Gurutze auzoan dauden cromlechak ezagutzeko, orain dela egun batzuk web orri honetan erantsi genuena. Hemen duzue kartela nolakoa izango den gutxi gorabehera. Eta ez ahaztu dena ondo badoa uda honetan hitzordua dugula gaztelua konpontzen hasteko.

SOS Beloaga. 2013ko urria.

Uda aldean, bilera bat izan genuen Aranzadirekin, eta ikusi genuen prest zeudela apustu handi bat egiteko Beloagaren alde, baina Oiartzungo Udala inplikatzen ez bazen, abandonatu egingo zutela gaztelua kontsolidatzeko proiektua. Ikusita, krisia dela eta, gerta zitekeela hori, pentsatu genuen eraginkorragoa izango zela elkarte bat sortzea. Papeleo guztia bete bitartean, sinadurak eta 10€ ko aportazioak biltzen hasi ginen, diru faltari aurre egiteko, ea horrela udaletxekoak animatzen ziren. 

MILA ESKER, BENETAN, BELOAGA BIZIRIK ELKARTEA BULTZATZEN ARI ZARETEN OIARTZUAR ETA INGURUKO GUZTIOI, ETA BATEZ ERE SINADURAK BILTZEN ARI ZARETENOI. Izan ere, sortu dugun mugimendu txiki hau ematen ari da fruituak dagoeneko. Oiartzungo Udalak diru kopuru bat jarriko du, eta denon artean jasotzen ari garenarekin badirudi Diputazioaren laguntza eskatzeko moduan gaudela. Beraz, dena ongi badoa, datorren urtean Beloagan lanean hasteko prest egongo gara.

Laster izango dituzue berri gehiago. Eta zeozer galdetu, aipatu edo proposatu nahi baduzue, klikatu KONTAKTATZEKO atalean, eta bidali zuen mezua. Hurrengo arte.

2013ko apirilean egindako erakusketa.

Apirilean berriro jarri genuen erakusketa, orduan ikaleei begira, goizetan bakarrik. Elizalde eta Haurtzaroko neska-mutil asko hurbildu ziren bertara beren irakasleekin. Larunbat goizetan ere aukera izan zen ikusteko. Azken argazkian, erakusgai egon ez bazen ere, aurkitu dugun txanponik zaharrena. Nafarroako Antso VI.a, 1150ekoa.

2013ko martxoaren 27a. Anderregi hilarriaren erreplika.

Erromatar garaiko Anderregiko hilarriaren kopia bat Gurutzetik Irun aldera dago, Anderregi baserriaren ondoan (1.argazkia), baina espaloirik gabeko errepide bazterrean dagoenez, bisitatzeko ez da batere erosoa, trafikoa dela eta. Bigarren argazkian 1908an Telesforo Aranzadik egindako krokis bat. Bertan gurutze beltz batekin seinalatzen da hilarria. Azken finean, Kopia bat besterik ez denez, 200 bat metro mugitzea proposatu genion Diputazioari (gurutze gorria), lasaiago bisitatzeko eta gazteluaren zirkuituan sartzeko, baina ezinezkoa izango zela adierazi ziguten. Beraz, harri bat erosi genuen, San Telmon originalari argazki batzuk egin, eta Joxemari Iturriozek berak egin zuen beste kopia bat, berdin-berdina ez bada ere. Eta martxoaren 27an jarri genuen Toki Alaitik gora doan bidean, ezkerraldera noiz hartu behar den erakusteko.

2013ko urria

Uxo pasea zela eta, berriro kendu genuen bandera. Eta eguraldia aprobetxatuz, harkaitz bat mugitzen hasi ginen, azpian aljibea (ur depositoa) egon litekeela uste dugu eta. Horrela, hurrengo indusketa baterako lan bat gutxiago izango dugu. Argazkietan Eduardo traktelarekin jo ta ke. Egia esan, aurreko indusketan aljibea aurkitu nahian ere ibili ginen, eta haren ordez gazteluaren sarrera aurkitu genuen.

Bandera aldaketak

2012ko urrian uxo pasea zela eta, bandera kentzea erabaki genuen, ehiztariak kejatzen hasiak ziren eta. Bide batez, bandera berria erosteko aprobetxatu genuen, zaharrak puska eder bat jana baitzuen bederatzi hilabetetan. Okerrena izan zen berriak ez zuela batere iraun, eta azkenean Nabarraldek saltzen zituen handi horietako bat jarri genuen.

2013ko uda

Bidea eta gaztelua bera pixkat garbitu ondoren, iazko indusketa tapatzen ibili ginen, Diputazioaren aginduei kaso eginez. Abuztu aldean, berriz, Iruñako lagunak etorri ziren, eta bidea markatzen aritu ginen. Dena dela, ez ginen oso gustura geratu, eta beste batean errepaso on bat eman beharko diogu.

Indusketa lanak 2012ko udan.

Lau argazki hauetan Rodriguez Salisek 1983-84an egindako indusketa. Gero ia 30 urtez abandonaturik egon zen laharrek eta arbolek dena jan arte. Pentsa, argazki hauetan ikusten den arbola  ia-ia tapatu egin zutela inguruan hazi ziren beste batzuek.

2012ko indusketa BIDEOAK ETA GRABAKETAK atalean ikus daiteke. Bigarren indusketa askoz oparoagoa izan zen, eta, gainera, erakusketa bat jarri genuen udaletxean, aurkitu genuena eta gaztelua bera gizarteratzeko asmoz. 

Finantzaketa


Banderak ordaintzeko zeozer egin behar zela eta, gure salmentekin jarraitu genuen 2012-2013ko neguan.

Nafarroa Bizirik taldearekin harremanetan jarri ginen, eta 2012an Nafarroako gazteluetan mugarriak jartzen hasiko zirela jakin genuenean, materiala eskatu genien, eta hura salduz, guk ere mugarri festa antolatu genuen, eta, bide batez, banderak ordaintzeko ere atera genuen. 2011ko udazkenean hasita,  hurrengo urtera arte ibili ginen liburuak, kamisetak, ardoa etab. saltzen. Argazkian, Oiartzunen, 2011ko abenduko txerri egunean.

Oiartzungo txerri eguna

Joan den larunbatean, abenduak 14, txerri egunean izan ginen hirugarren urtez, aurten Madalensoro pilotalekuan. Uste baino jende gehiago ibili zen, eta pozik gaude jendearen erantzunarekin; izan ere, azken erronka Gurutzen panel bat jartzea da, jendeak Beloagari buruzko informazio eskura edukitzeko, eta datorren asterako jarria izango duzue, bertan Gurutzeko cromlechak ezagutzeko beste ibilbide bat agertzen delarik. Mila esker Udalari, azkenean euskarria haiek ordaindu dute eta. Guk diseinuaz aparte, triptiko batzuk aterako ditugu Oarsoaldeako turismo bulegoetan banatzeko. 

Mila esker ere Pasaiako Basabi mendi taldeari, lehen Jaizkibel mendi taldea, Gurutzeko Bizardia, edo Oiartzungo Independentistak taldea bezala, sinadurak eta 10 €ko aportaziak biltzen lagundu diguzuelako. Ea denon artean Beloaga konpontzeko proiektua aurtengo udan aurrera ematen hasten garen. 

2012ko abuztuko erakusketa

Xanisteban jaiekin batera Beloaga inguruko erakusketa ireki zen Oiartzungo Udaletxeko Pleno Aretoan. Bezperan urtekariaren, mugarri liburuaren eta erakusketaren berri eman zen prentsaurreko batean. Bigarren argazkian Joxemari Iturrioz, Xabier Olaskoaga, Asier Legorburu, Jaione Ugaldebere eta Juantxo Agirre. Ondoren erakusketako hainbat pieza, gazteluaren irudikapen bat eta erakusketako paneletako bat.

2012KO EKAINAREN 16a. MANIFA JENDETSUA IRUĂ‘AN NAFARROAREN KONKISTA GAITZESTEKO.


2011ko abenduaren 31n bandera jartzen.

2012a, Nafarroako Konkistaren 5. mendeurrena. Gertatu zena ahalik eta bazter gehinetara zabaltzeko, Nafarroakoak izan ziren gaztelu guztietan bandera jartzea proposatu zen. Urte zaharrean Beloagan bandera jarri genueneko argazkiak dituzue behean. Mila esker Kaxkari eta bere laguntzaileei mastila egiteagatik.

2012ko maiatzaren 12a. Mugarri festa.

Bezperetan Iturrioz eta Etxezurieta Arkalen Mugarria jartzen. Gero astean zehar izan ziren ekitaldien Kartela. Ondoren Gurutzeko ekitaldia, Goiatz Labandibarrek zuzendua. Bertan Iturriozek eta Asier Legorburuk, kultur zinegotziak, hartu zuten parte. Gero Juan Mari Beltranek eta bere musikariek lagunduta igo ginen Arkalera, azken metroak txalapartaren doinuarekin egin genituelarik. Han Jon Martinen bestsoak entzunda, agurra dantzatu zuten mugarria inauguratzeko. Behean Bizardia Elkarteak hamaiketakoa zeukan prest, eta bukatzeko batzuk Gurutze Berrin geratu ginen bazkaltzen. Egun borobila.

Mila esker Bizardikoei eta Udalak emandako laguntza ekonomikoagatik, bestela ez baitzen denei ordaintzeko iristen. BIDEOAK ETA GRABAKETAK atalean Hamaika Telebistak grabatutakoa ikus daiteke.

2010-2011ko garbiketak Arkalen

Ezkerrean Beloaga gaztelua garbitu aurretik, pinu, zuhaitz, ote eta laharrez josia. Eskuinean garbitu ondoren. Beti ez da hain garbia egoten, ez baita erraza urtero horrela mantentzea, baina ahaleginak egiten ditugu.