PROIEKTUAK
ELKARBIZITZA BEHATOKIA
"Ikastetxeko kide guztien ongizatea bermatzen duen elkarbizitza nahi dugu; Harreman epositiboetan, elkarrenganako errespetuan, elkarrizketan, erantzukizunean eta elkar lanean oinarrituko dena."
Elkarbizitza egituraren babesean Behatokia, Hezkidetza Batzordea eta Bizikasi egitasmoaren barruan osatu dugun BAT taldea ditugu eskolako parte hartzaile guztion harremanak sendotu, koordinatu eta bideratzeko.
Badira lauzpabost urte eskolako irrati emisoreari hautsak kendu eta martxan jarri genuela Tranpazulo Irratia 106,7 fm dialean. Garai bateko Literatura Astean irratsaioei segida eman behar geniela otu zitzaigun eta dagoeneko saio mordoxka bat egin ondoren hementxe gaude ostiralero saio berri bat eskaintzen. Piztu irratia!
IKASLE BATZORDEA
Ikasle Batzordea LHko ikasle ordezkariez osatua dago. Gela bakoitzeko ordezkari bat izaten da. Ordezkari hauen bidez, LHko ikasle guztiek partaidetza dute Ikasle Batzordean.
Bi norabidetan funtzionatzen du Ikasle Batzordeak:
Gelan sortzen diren kezkak, arazoak, iritziak ematea edo proposamenak egitea. Ordezkariak Ikasle Batzordera ekarriko ditu.
Ikasle Batzordean hitzegindako gaiak ordezkariak gelakideei kontatuko dizkie.
Beharraren arabera biltzen da Ikasle Batzordea. Gutxienez hilean behin biltzen da eta garaiaren arabera, astero ere gertatu leike biltzea.
Helburua: ikasleek hitza izatea eskolako gaietan: Iritziak, proposamenak, iradokizunak…
BARATZA
Elkarbizitzako Behatoki Batzordeak eskola baratza ekologikoa antolatzeko proposamena egin zuen. Irakasle, guraso eta ikasleen onarpena lortu zen.
Hauxek izan dira orain arte eman ditugun urratsak:
Udal foroan, lur saila lortzeko baimena lortu.
Diru-laguntza lortzeko, Tolomendi nekazal elkartearekin hitzarmena sinatu.
Guraso arduradunak lurra prestatu, itxitura eta bankalak egin.
Guraso-arduradunen gidaritzapean, ikasle batzuk geletan hazitegiak prestatu, besteak etxetik sendabelarrak zein loreak ekarri eta ikasle orok bankaletan laboreak landatu.
BERTSOLARITZA
Euskara eskolako hizkuntza nagusia da eta eskolaz kanpo ere euskaraz bizi daitezen bultzatzen da. Horregatik, Euskal Herriko kulturaren oinarrietan sakontzen dugu, eta, herriko ohituretan parte hartuko dugu.
IKKI
IK / KI (Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi) proiektuak ikasleei taldean lan egiten irakastea du helburu. Batetik, oinarrizko konpetentziak garatzeko estrategia metodologiko eraginkorra da, eta bestetik, etorkizunean konpetenteak izango diren ikasleak hezteko nahitaezko baliabidea.
Izan ere, besteekin lan egiten erakustea da gure ikasleei erakuts diezaiekegun onena, aukeratzen duten bidea edozein izanda ere, taldean lan egiten jakitea beti baita garrantzitsua eta estimatua.
Sozializazioa, autonomia, komunikazio-gaitasuna, lanaren autoerregulazioa, arduren banaketa, errespetua, enpatia… asko dira lan kooperatiboak lantzen dituen trebezia eta balioak, guztiak garrantzitsuak eta beharrezkoak.
SOKA
SOKA egitasmoa
Herri mailan sortu den egitasmoa. Helburua: haur eta gazteek herriko kontuetan hitza izatea.
Soka egitasmoa Ikasle batzorde bidez gorpuzten da eskolan.