GENOZIDIOARI STOP
Gernika-Palestina herri ekimenarekin batera, LAB-Steilas-ELA-CCOO-UGT sindikatuek deituta elkarretaratzea egin dute eskolako irakasleek gaur goizean, urriak 21.
Palestinak elkartasuna eta konponbideak behar dituela, eta nazioarteko komunitateari genozidioa nahiz okupazioa amai dadin presio mekanismoak areagotzeko asmoz.
LARRAUL
Urtero bezala, aurreko asteazkenean, HH 4 urtetik LH 6. mailararte Larraulera igo ginen bide desberdinetatik eta bazkaldu ondoren, jolasak egin genituen. Bukaeran, gure Kidez kideko lagunekin jeitsi ginen Asteasuko plazara. Ederki pasa genuen eguna!!
ONGI ETORRI 2024-2025 IKASTURTEA
Dagoeneko hasi dugu Ikasturte berria eta elkarri ongi etorria emateko jolas kooperatibo batzuk burutu ditugu, mailaka, zikloka, eta etapaka. Eguraldiak laguntzen digunean abiatuko gara bakoitza bere bidetik Larraul aldera, eta han ere bazkal ondoren jolasak egingo ditugu eta Asteasurako bidea gure Kidez-Kideko lagunarekin egingo dugu. Izan dezagula denok ikasturte eder bat!!
GURE HAURRAK ERE BADIRA
PALESTINAKO HAURRAK GOGOAN HARTU GENITUEN GURE ESKOLAN EKAINAREN 20an.
Korrika txikia Asteasun
Martxoaren 15ean Korrika txikia ospatu genuen Asteasun. Eguraldia lagun, ibilbidea pausoz pauso, eta lekukoa eskuz esku, plazaraino egin genuen eskolako komunitate osoaren artean. Lekukoa hartzen azkenak aurtengo omenduak izan ziren, Baserritar emakumeak. Plazako ekitaldian adarra, agurra, bertsoak, omenduen hitzak, abestia eta lore eskaintza egon ziren. Ekitaldi xamurra eta hunkigarria izan zen, hainbat begi lanbrotzeraino. Gora Korrika Txikia!
MARTXOAK 8
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA
Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzen dugu eta eskolan zenbait jarduera egin ditugu. Irudietan ikasleek osatutako horma-irudiak ikus ditzakezue.
HAUR MINBIZIAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Gaur, otsailak 15, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela gogoratu dugu eskolan. Aurten, Aspanogi elkarteak "Urrezko begiztaren Indarra " ekimena jarri du martxan. Patioan urrezko begizta osatu dugu minbizia duten haurrei indarra eta animoak bidaltzeko.
INAUTERIAK PELLO ERROTA ESKOLARA IRITSI DIRA
GABONETAKO KANTUAK
Gabonetako kantuak errepasatzen hasiak gara...etxean ere kantatu nahi? Hemen dituzue hitzak eta ohiko kantuez gain, Bitorio Gaindiagak gabonei eskainitako olerki eder bat. Gabonei beste ikuspuntu batetik begiratzeko leihotxo bat.
EUSKARAREN EGUNA
Abenduaren 1ean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen. Eskolako ikasleek etxeetan jaso dituzten ama hizkuntza desberdinei erreparatuz, beraien garrantziaz jabetuz, 9 hizkuntza horietan hitzak esanaz, eta idatziz, lore eder hau osatu genuen.
Horretaz gain, abestu eta dantzatu ere egin genuen.
Ekitaldi polita izan zen eta oso ondo pasa genuen ikasle, irakasle, jangelako begirale, udaleko ordezkari eta gurasook denok elkarrekin euskararen alde bat eginik.
UDAZKEN FESTA
Azaroaren 10ean Udazken Festa ospatu genuen eskolan, San Martin egunaren bezperan. Eguraldiak ez zigun lagundu, hala ere, kalejira egin genuen eskola barrutik ikasle musikariei esker, bertsoak entzun genituen, gaztainak jan genituen... eta oso ondo pasa genuen. Gurasoek gaztain goxoak prestatu zizkiguten. Eskerrik asko!!!
AGURRA!!
Iritsi da ikasturte hontako azken eguna eta berarekin, LH 6-koei agur esateko garaia. Plazer bat izan da urte hauek zuekin konpartitzea. Onena opa dizuegu!!!
IGERILEKURA!
Ederki pasa dugu gaur herriko igerilekuan!
ZABORRONTZI BERRIEN ETIKETAK
Ikasle Batzordetik zaborrontzi berriak eskatu genizkion Udalari, parke aldean eta frontoi atzean jartzeko. Udalak segituan jarri zituen eta guk etiketak egin dizkiegu. Begira zein dotore geratu diren!
ZIENTZIA ASTEA BADATOR...
Zientziaren astea badator! Datorren aste osoan zientziarekin lotutako ekintzak izango ditugu eskolan.
Begira HH2 urteko gelakoak zertan dabiltzan:
"Zetazko beldarrek morera hosto asko jan zituzten eta bakoitzak bere kuskua egin zuen metamorfosia egin ahal izateko. 2-3 astez kuskuan egon ondoren, zulotxo bat egin dute kuskuaren goiko aldetik eta tximeleta bihurtu dira. Tximeleta txuriak dira!
Laister arrautzak jarriko dituzte..."
ESKOLAKO JAIA
Ekainaren 3an ospatu genuen eskolako jaia. Goizean jolasak, ginkana eta aurpegi margoketak izan genituen. Ikasleen eskulanen erakusketa eta argazki proiekzioak ere ikusgai egon ziren. Bapo bazkaldu ondoren, zumba dantzaldia, "ur zaparradak" eta karaokearekin borobildu genuen festa. Giro bikainean, txiki, gazte zein heldu, ederki ibili ginen denok elkarrekin. ARGAZKIAK
MAIATZAK 25 LGTBIQ FOBIAREN AURKAKO EGUNA
Gaur LGTBIQfobiaren aurkako eguna aldarrikatu dugu. Eskolan gaia landu eta zenbait jarduera burutu ditugu.
IKASLEEK ERE BASERRITARREN EGUNA OSPATU DUTE
LH-ko ikasleek baserrian sustraia duten herri kirolekin eta jokoekin goiz-pasa egin dute San Isidro egunean.
Aiurrik jasotako testigantza ondorengoa:
Asteasuko baserritarren taldeak antolatu du San Isidro jaia. Aitor Usandizaga taldeko kideak azpimarratu duenez, “zerbait berezia egin nahi izan dugu aurtengoan, San Isidro eguna ospatzeko beti erabili izan ohi den eskematik urrunduz. Gizarteko belaunaldirik gazteenei baserriaren errealitatea pittin bat hurbilaraztea izan da gure asmoa, eta horretarako, gaurkoan, baserriaren bizimodura sustraituta dauden kirol eta jokoen erakustaldia antolatu dugu, Usarrabi frontoian. Denetik egiteko aukera eman zaie herriko haurrei: harri jasotzea, txingak, soka-tira, trontza, sagar-biltzea, artazuriketan... Gozatu egin dutela esango nuke”.
Haurrek saio ederra egin dute bateko eta besteko jokoekin, eta nahikoa asetua hartu dutenean, kalabazaren landareak jaso dituzte sari gisa. Ohartarazi zaienez, ondo zaintzen badituzte kalabaza bikainak aterako zaizkie, Gau Ilunean ospakizunerako.
BIZIPOZA SENTSIBILIZAZIO TAILERRAK
Aurtengoan Aiztondo bailaran ospatuko da Bizipoza elkartearen jaia. Ekainaren 18an izango da jaia.
Bizipoza 36 elkartez osatuta dago, guztiak izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteak, haurren eta familien ongizatea helburu duten elkarteak. Elkarteak Bizipozaren balore transmisoreak dira, Bizipoza eta bertako kideak baloreetan aberastu eta hezten dituztenak.
Hala, egun hauetan hauetariko 3 elkartetaik etortzen ari zaizkigu eskolara sentsibilizazio tailerrak egitera.
"Beroa" elkartekoak (Gipuzkoako harrera familien elkartea) LH5 eta 6ekoekin bildu ziren.
"Biak bat" elkartekoak (Animaliekin lagundutako eskuhartzeak) LH1 eta 2koekin aritu dira gaur bertan.
"Kirol egokituen federazioa"-koak (Kirol eta jarduera fisiko egokitua eta inklusiboa) datorren astean etorriko dira HH3,4,5 eta LH3 eta 4koekin egotera.
Bizipoza elkarteari buruz gehiago jakin nahi baduzu: bizipoza.eus/nor-gara/
Asiatik datorren liztor honek gure erleak jaten ditu. Azken urteotan izugarrizko triskantza eragiten ari da gure inguruan, erleak jan eta ziklo naturala hausten duelako. Erlezain elkartekoak liztor honen berri eman eta proposamen batekin etorri zaizkigu: liztor asiarra harrapatzeko tranpak prestatzea. Guraso Elkartea eta Udalaren laguntzaz tailer bat antolatu dugu ostegunean 14:45tan herriko plazan. Bertan argazkiko tranpa bezelakoak prestatuko ditugu. Hilabetez tranpa zintzilikatuta izango dugu eta astero erregistro orri bat betetzen joango gara. Apirila bukaeran jasotako datu guztiekin erlezainek liztor hauen kabiak topatu eta suntsitzeko aukera izan dezakete.
LITERATURA ASTEA
Murgildu gara aurtengo literatura astean! Gaurtik hasita 8 egunez antzezlanak, olerki musikatuak, kidez-kideko ipuin kontaketak, idazleak etab. izango ditugu gurean. Argazkiak
PORROTXEN BISITA
Porrotxen bisita jaso genuen martxoaren 14ean. Bizipoza elkartearen berri ematera etorri zitzaigun Porrotx. Aurtengoan Bizipoza jaia Aiztondo bailaran ospatuko da. Ekainaren 18an izango da. Jai hori baino lehen, girotze fase bat egingo dugu eta horren harira etorri zaigu Porrotx eskolara.
INAUTERIAK
Begira aurtengoan Aiurri aldizkariak gure inauteriari buruz zer argitaratu duen:
Gabon agurra!
Bertan ditugu gabonak eta berekin datoz elkarri opa dizkiogun hitz goxoak ere. Aurtengoan, gabonetako postal elektronikoa lehiaketara atera dugu. LH5 eta 6ko ikasleek hartu dute parte. Postal irabazlea: Naroa, Ane, Izei, Kerman eta Leirek osatutako taldea. Zorionak!
Pili Irazustari (Pili-txiki) agurra
Gure artean 17 urtez jangelako begirale izan den Pili-txikik erretiroa hartuko du. Omenaldi txiki bat egin genion ostegun arratsaldean. Ongi merezitako deskantsua izan dezala!
GABONETAKO KANTUAK
Gabonetako kantuak errepasatzen hasiak gara...etxean ere kantatu nahi? Hemen dituzue hitzak eta ohiko kantuez gain, Bitorio Gaindiagak gabonei eskainitako olerki eder bat. Gabonei beste ikuspuntu batetik begiratzeko leihotxo bat.
GABONAK
Eskolan ere nabaritzen hasiak gara gabonak badatozela. Jangelako begiraleek, urtero lez, dotore apaindu dute jangela.
EUSKARALDIA eta EUSKARAREN EGUNA
Pello Errotako eskola-komunitatea Euskaraldian murgildu da azaroaren 18tik abenduaren 2a bitartean. Aurtengo Euskaraldian ARIGUNEA izan gara, euskaraz aritzeko gunea, alegia.
Arigunean talde/gela bakoitzak aurtengo ikasturterako euskararekiko konpromezua agertu du. Hartara, 10 ikasgeletako konpromezuez gain, jangelako begiraleena, irakasleena, gurasoena eta udalaren konpromezuak bildu ditugu. Argazkian duzue testigantza.
Konpromezuak banan bana ikusteko:
Euskaraldia hitzak 11 hizki ditu. Gelaka banatu dira hizkiak eta baita jangela eta Guraso Elkarteari ere. Egunero, azaroak 18tik abenduaren 2ra, patio garaian, zegokion hizkia atera dugu portxera eta horman itsatsi. Zegokion taldeari beste guztiok pasiloa egin diogu eta pasatzean txaloak eskaini dizkiegu. Momentu hunkigarriak bizitu ditugu. Gaurkoan, abenduak 2, EUSKARALDIA hitza osorik taularatu dugu euskararen eguneko ospakizunean.
IKASLE ASANBLADA
Kartelaren egileak: LH6ko Ane eta Nora
AZAROAK 25 BORTIZKERIA MATXISTAREN KONTRAKO EGUNA
Gaur, Azaroak 25, Bortizkeria Matxistaren kontrako eguna aldarrikatzen dugu eta eskolan ere, egun hauetan berarekin zerikusia duten zenbait jarduera egin ditugu.
UDAZKEN FESTA
Azaroaren 11ean, San Martin egunez, Udazken Festa ospatu genuen. Eguzki gozoa lagun, kalejira, bertsoak, gaztain-jana eta dantzatzeko aukera izan genuen. Trikitilari eta panderojole bikainak dauzkagu gure artean! Mila esker zuen laguntzagatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu gaztainak danbolinean erretzen eta ondoren banatzen jardun zuten 4 gurasoei ere. Festa zoragarria egin genuen denon artean.
TRANPAZULO IRRATIA
Martxan dugu Tranpazulo Irratia aurtengoan ere!
Ostiralero 09:15tatik 09:45tara
106.7 dialean
Bertan izango gaituzue entzungai zuzen-zuzenean.
Ordu horretan ez duzula aukerarik gu entzuteko? Lasai! Hor dituzu irratsaioaren podcastak nahi duzunean entzuteko.
LARRAULERA IRTEERA
Gure eskolan, ikasturte hasierako Ongi-Etorri planean errotuta daukagu Larraulera irteera. Irailaren 23an, eguraldi bikainaz gozatuz, egin genuen ibilbidea. Txikitxoenak, HH2 eta HH3koak eskolan geratu ziren eta beste denok ttipi-ttapa bide desberdinetatik igo ginen Larraulera.
Bertan, elkarrekin bazkaldu eta ondoren jolasak egin genituen. Irteera bukatzeko, Kidez-kideko bikoteetan, armoni onean jaitsi ginen Asteasura.
2022-2023 ikasturtea webgune berriarekin hasi dugu!
KORRIKA TXIKIA ASTEASUN BARRENA!
Apirilaren 7an ederki pasa genuen euskararen alde korrika Korrika Txikian. Egin klik eta ikus ezazu bideoa.