HISTORIA

Eskola eraiki zenean 1978an, Asteasu eta Larraulgo ikasleak hartzeko egina izan zen (urte batzuetan Aiako auzo batzuetakoak ere hartu zituen). Haur Hezkuntzako eta OHOko eskola izan zen 96-97 ikasturteko Hezkuntza Erreforma arte.

Pello Errota Ikastetxeak Asteasuko Kukute Ikastolarekin bat egin zuen 82-83 ikasturtean. Ikasturte horretan D eredua zabaldu zen OHOko 2. maila arte; handik lau ikasturtera lortu zen ikasmaila guztiak D eredukoak izatea.

1990ko hamarkada hasieran, ikasle kopurua gutxitzen hasi zenean, maila batzuk talde berean bildu beharrean aurkitu ginen. Horrekin batera iristear zegoen Hezkuntza Erreforma zela eta, eskolako lan egiteko era egokitu eta irakasleriaren prestaketa burutu beharra zegoela ikusi genuen.

Prestaketa horretan talderen batean lan egitearen beharra sumatu genuen irakasleok eta gurasoak elkarlanean aritzeko. Hori dela eta, Tolosaldean ordurako lanean ari zen Eskola Txikiak taldean sartzeko komenentziaz hitz egiten hasi ginen eta ondorioz. Hezkuntza Erreformarekin gure eskola HH eta LHko eskola izango zen aurrerantzean.

Era horretan hasi ginen lanean, irakasle eta guraso taldeetan parte hartuz. Ikasturtez- ikasturte aztertu zen partaidetza eta jarraitzearen aldeko apustua egin genuen.

2001-2002an “lerro oso bat” osatu genuen eta aurrerantzean ez zen ikasmailarik batu. Hortik aurrera 242 ikasle izateraino handitu ginen “lerro eta erdiko” eskola bihurtu arte.

Asteasu, Gipuzkoako Tolosaldea eskualdean kokatuta dagoen udalerria da. Tolosatik 10,5 eta Donostiatik 23 kilometrora daude errepidez.

Asteasun 1.565 pertsona bizi dira gaur egun (2021). Nekazaritzak behiala pisu handia izan bazuen ere, gaur egun industriak garrantzi handiagoa du. Asteasuk, ingurune natural aberatsa du: Aiztondo bailara eta Ernio mendia besteak beste.

HLHI Pello Errota Asteasuko Elizmendi auzoan dago kokatua. Ikastetxeak, Pedro Jose Elizegi Maiz, Pello Errota ezizenez, euskal bertsolariari zor dio izena (Asteasu, 1840ko abenduaren 23a - Asteasu, 1919ko otsailaren 3a). Bizibidez errotaria bazen ere, bertsoa lanbide osagarri gisa erabili zuen lehen bertsolarietakoa izan zen. “Umoretsua eta plaza gizon bikaina izan zen, Euskal Herriak eman duen bertsolari on eta jorienetarikoa”.

Bere alaba Mikaela Elizegik, aparteko garrantzia izan du, bertsolaria izateaz gain bere aitaren bizitzaren berri eta garai haietako testigantza beregandik iritsi zaigulako Antonio Zabalak idatzitako liburuen bitartez.

Ez du aipamenik behar herrian jaioa den Joxe Irazu, Bernardo Atxaga, euskal idazle oparoak; Asteasun oinarritua den Obaba alegiazko herriarekin XX. mendearen bigarren erdialdeko herri-giroa aski modu literarioan islatu du.

Asteasuko euskara gipuzkeraren aldaera bat da, Tolosaldeakoa, Gipuzkoako erdiguneko euskararen barne dagoena, Beterrikoarekin batera. Asteasun euskararen erabilera %75 ingurukoa da.

Gaur egun, 130 bat ikasleko ikastetxea bihurtu gara. 

Orain arte, Asteasu eta Larraul administratiboki elkartuta zeuden bi hezkuntza komunitate izan dira, non bakoitzak bere hezkuntza proiektua zuen. 2022-2023 ikasturtean Larraulgo eskola independizatu egin da. 

Hona hemen Asteasuko Pello Errota ikastetxeko Hezkuntza Proiektua.

Hezkuntza beharren azterketa, ikasleen ikaskuntza-emaitzetan oinarriturik

Ikastetxearen bilakaeran bi aspektu azpimarratu behar dira: batetik, ikasle kopuruaren beherakada, eta bestetik aniztasunaren trataerari emandako erantzuna: Ikasle orok hezkuntza jasotzeko duen eskubidean oinarriturik, ikasle guztiei (behar bereziak dituztenak, errefortzu beharrean daudenak, atzerritik datozenak…), erantzun egokitua ematen zaie kasuan-kasuan, ekitatea ikastetxeko eguneroko praktika bihurtuz.

Hezkuntza beharrak hausnartzerako garaian ezinbesteko baliabidea da ebaluazioa. Konpetentziak garatzeko eta askotariko ikasleei arreta emateko tresna da Ebaluazioa. Beti ere ikasleen garapen integrala bultzatuko duen ebaluazio kuantitatibo eta kualitatiboa behar du izan, zer eta zergatik ebaluatuko duena.

Sare Hezkuntzak eskaintzen digun aukerari etekina atera nahi diogu. Ikastetxeko prozesuak digitalizatu eta hezkuntza arloko eragile guztiei prozesu horretan laguntzea izango dira proiektuaren helburu nagusiak. Honek ikastetxearen IKT heldutasunean koska bat igotzea ahalbideratuko digu.

Irakurketa Plana osatu eta abian jarri dugu; ikasleriaren konpetentziak bereganatzeko ezinbestekoa hizkuntza dimentsio honetan.

Tutoretza Plana eskura dugu ikasleen ibilbidea eta hauen inguruan partaide garen guztion ardurak eta egitekoak zehazteko.

Elkarbizitza Plana eskolako parte-hartzaile guztion harremanak sendotu, koordinatu eta bideratzen ditu. Behatokia, Ikasle Batzordea, Hezkidetza Batzordea eta Bizikasi hartzen ditu bere baitan, eta azken honek BAT taldea

Aniztasunaren trataera plana: Pello Errota ikastetxeko Hezkuntza Proiektuko helburu nagusienetariko bat ikasle anitzei erantzun anitzak ematea da. Ikasleen eta euren familien beharrei egokitutako kalitatezko hezkuntza du oinarri besteak beste. Ikasleei eguneroko bizitzarako prestakuntza integrala emateaz gain, izaera eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonenganako errespetuan oinarritzen den hezkuntza sustatzen du.