Abenduak 5, ostirala
Azken eguna ikastetxean gaur. 07:22an iritsi naiz Filipen etxe aurrera. Ikastetxera autoz eramaten nau egunero, nire hoteletik nahiko gertu bizi baita. Atzo ez genuen gaur geratzearen inguruan hitz egin, eta bere autoa ikusi ez dudanean arduratu egin naiz pittin bat, agian ni gabe joango delakoan. Laster jaitsi da bera ere, eta autoaruntz abiatu gara, bere kalean atzo arratsaldean ez baitzegoen aparkatzeko tokirik, beste kale batean aparkatu zuen autoa.
Agnes, arte-irakaslea, ere jaso dugu, eta gurekin etorri da autoan. Hainbat gairi buruz hitz egin dugu autoan: besteak beste, nire bisita zein interesgarria izan den eta Filipi ere bere jardunari eta ikastetxearen funtzionamenduari buruz hausnarketa egiteko aukera eman diola esan dit. Gustatuko litzaiekeela datorren ikasturtera begira (aurtengo proiektu guztiak abian baitituzte) gure ikastetxearekin proiektu bat gauzatzea komentatu dute. Erasmus proiektuetan europar kulturen ezagutza bultzatzen da, eta euskararen jatorria eta bilakaera, hizkuntza ez indoeuropar gisa, interesgarria litzatekeela dio. Horri, gainera, hizkuntza nagusien itzaletan, gaur egungo mundu globalean hizkuntza txikiago edo gutxituen (euskararen kasua) bizi duten egoera eta etorkizunari buruzko hausnarketa ere gehitu dakieke. Hizkuntzen aberastasuna eta kultura eta identitatearen gordailu gisa duten garrantziari buruzko azterketa ere egin genezake proiektu honetan. Harremanetan jarraituko dugu, eta zein forma emango diogun proiektu honi aztertzen joango gara.
Ikastetxera iritsi gara. Ostiralak irakasle-gelan gosari eder batekin hasten dituzte. Asteari bukaera emateko hainbat jarduera eta ekintza egiten dituzte, eta giro ona laster hedatzen da ikastetxean zehar. Jantokiko arduraduna den emakumeak (garbiketa ere bere ardura da) prestatzen du gosaria, eta irakasleei elkarrekin hitz egin eta lasai egoteko aukera ematen die.
Ostiraletan, baita, asteko berrien inguruko quiz-a egiten du Filipek bere gelan, 8. mailakoen gelan. Klasea hasi aurretik egiten du hau: 08:15ean hasten dira eta quiz-a 08:00etan izaten da. Astean zehar izaniko berrien inguruko galdetegia egiten die Kahoot-en, puntuak gehitzen joaten da urte osoan zehar Excelen, eta urte bukaeran oparitxo bat ematen dio irabazleari. Hezitzailea den zerbait erosten du normalean, liburu bat edo antzeko zerbait, eta saiatzen da haien zaletasunekin zerikusia duen gai batekoa izan dadin. Iazko irabazlea Malmö futbol taldearen zale handia omen zen, eta klubaren historiari buruzko liburu bat oparitu zion. Txantxetan dio espero duela bere lagunek ez jakitea Malmö futbol taldean dirua gastatu duenik. Ziklo honetako ikasleen erdi inguru egoten da normalean quiz-ean. Ikasleak berriekin kontaktuan egoteko modu bat da, informazio guztia TikToketik jaso beharrean. Batzuk beraien burua berriekin eguneratuta egotera bultzatzen ditu txapelketa honek, eta beste batzuk, nahiz eta horrelakorik ez egin, gutxienez asteko berrien berri izaten dute saio hauen bidez.
Ostiraletan ordutegia lasaia izatearen arrazoi nagusia ez omen da bakarrik asteari bukaera era lasai batean ematea; irakasle gutxiago egoten dira ikastetxean, eta horregatik klase-saio gutxiago eta lan pertsonalerako denbora gehiago izaten dute. Hala ere, asteari bukaera era lasaian emateko modu oso ona dela iruditzen zait.
Ondoren, historiako klasea izan dugu 8. mailakoekin. Etxerako lan moduan, historiaren erabilera eta presentziaren inguruko hausnarketa egiteko, berrietan edo ikastetxetik kanpo historiaren erabilerarekin loturiko gertakari bat hautatu behar zuten. Belarriak eta begiak irekita edukitzea eskatu zien historiaren inguruko aipuak identifikatzeko. Hiru galdera jarri zizkien ardatz gisa Filipek, eta horien arabera orain taldeka eztabaidatu eta argitu behar dute:
Historiako zein aipurekin egin duzu topo aste honetan zehar?
Zergatik uste duzu erabili dutela historiako gertakizun hau testuinguru honetan?
Aukeratutako historia sinplifikatua, exageratua edo nolabait partziala da? Zein helbururekin erabili da?
Taldeka, beraien artean eztabaidatu ondoren, talde handian aurkeztu dituzte beraien aurkikuntzak eta hausnarketak. Hasieran frustratuta agertu da Filip; badirudi batzuek ez dutela lana serio hartu, eta aurreko saio batean berak emaniko adibideak errepikatzen ari dira.
Ikasle batek aurretik aipatutako “Gabonen Etorrera Egutegi” serie honetako episodioa aipatu du, non protagonista XVI. mendeko errege batekin, Gustav Vasarekin, kontaktuan jartzen den. Nabari da suediar gizartean eta, bereziki, gaztetxoen artean serie hau kontu garrantzitsua dela. Pasarte bat ikusi eta hainbat datu interesgarri aipatu dituzte seriearen inguruan: zergatik irudikatzen duten lodikote erregea (garai hartan lodia izatea statusaren adierazgarri zen, eta berak ere margolanetan horrela irudikatzea eskatzen zuen, nahiz eta hanka nahiko meheak izan); daniarrekin zeukaten harremana (liga berean zeuden eta Kopenhage inguruko eremuaren kontrola zuten, horregatik egiten da seriean daniarrak gorroto dituela dioen aipua); garai hartako hizkuntza eta gaur egungoa arteko ezberdintasunak… eta, azkenik, ariketaren muinera heldu dira, eta ondoriora iritsi dira entretenimendu- helburuarekin erabili dela historia, sinplifikatuta eta moldatuta. Oso barregarria dirudi, eta seriea ikusteko gogotsu geratu naiz; agian semearekin ikusten saiatuko naiz etxera itzultzean.
Beste pare bat historiako kasu ere aipatu dituzte: Bluetooth teknologiaren ikurra, runetan idatzia eta Harald Blåtand (Agin Urdin esan nahi du, hortik Bluetooth izena) errege bikingoari erreferentzia egiten diona; Volvo enpresa; TikTok-en ikusi dituzten Titanic ontziaren hondoratzearen bideoak; Pompeia azken orduetan; dinosauroen desagerpena… Denak TikToketik ateratakoak dira, eta geroz eta ideia hobea iruditzen zait ostiraletan egiten duten “News Quiz” txapelketa.
Historiaren gaia hizkuntzekin lotu dute ondoren. Badirudi curriculumean jasota dagoela herrialde eskandinaviarren arteko elkar-ulermena lantzeko helburua. Filipek dio normalean ez dutela horretarako denborarik izaten, baina gaurkoan ikasleek interesa erakutsi dutenez, daniera eta suediaren arteko parekotasunak aztertuko dituztela. Filip bera eta 8. mailako beste bi ikaslek guraso daniar bat dute, eta ez dute ulertzen besteek nola ez duten ulertzen daniera. Oso antzekoak omen dira, eta ahozkera da ezberdintasun nagusia. Filipek dio bere haurtzaroan jendeak askoz gehiago ulertzen zutela elkar bi herrialdeen artean, baina gaur egun, ingelesaren erabilera hain zabaldu denez, ulermen hori galtzen ari dela. Behin eta berriz azaldu den gaia da hau: ingelesaren status eta nagusitasunak nola gutxitu eta baztertu dituen bertako hizkuntzak, eta gero eta gehiago zabalduz doan fenomenoa dirudi.
Daniera eta suediaren arteko ezberdintasun nagusia zenbakiak direla esan dute: sistema hogeitarra omen dute danieraz, euskarak bezala, baina zenbaki osoak hamarren aurretik jartzen omen dituzte, atzetik jarri beharrean. Sistema konplexu hau, dioenaren arabera, beste herriren batekin harreman komertzialetan iruzurrik ez egiteko sorturiko sistema dela. Interesgarria da.
Elkarrizketa interesgarri asko sortzen dira ikasgelaren barruan, eta ikasleen ikasgaiarekiko interesa bizirik mantentzeko oso baliagarriak iruditzen zaizkit halako solasaldiak. Ikasleentzat eta gaur egun garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzen dute, eta pentsamendu kritikoa garatzeko ere oso egokiak dira. Gaitegia lasaiagoa izateak honelako interakzio eta elkarrizketak ahalbidetzen ditu, eta giro lasai honetan ikasleak askoz konektatuago eta interesatuago daudela esango nuke.
Saioa bukatutakoan Montessori saioak dituzte ikasle gehienek, eta Filip gelaz gela mugitzen da, bere beharra dagoen tokian. “Home Economics” ikasgaia nola ematen duten ikustera joan behar nintzen, baina gaur ez dutela ezer berezirik egingo eta hobe dela ez joatea esan didate. Beste eraikin batean egiten dute saio hau, beste ikastetxe bati dagokion eraikin batean, beraiek ez baitute sukalderik. Sukaldatzen, plantxatzen, etxeko diru-sarrerak nola kudeatu, bankuko kontuak nola ireki… horrelako gai praktikoak lantzen dituzte ikasgaian. Aurreko batean aipatu zuen Filipek, beste herrialde batzuetan ez bezala, hemen suediar gizon batek denetik egiten jakitea espero dela: sukaldatu, arropak jaso eta antolatu, etxea kudeatu, umeen ardura hartu… Gizon baten osotasunaren ikur dela alor guztietan moldatzeko gai izatea, eta ez duela konnotazio negatiborik gizon batek etxeko jarduera eta kudeaketa egiteak; guztiz kontrakoa baizik.
Cristina, 8. mailako “lehendakariarekin”, hitz egin dut ondoren. Ikasle-batzordeko kidea da, eta bere ikuspegia zein den jakin nahi nuen. Klasean, ordezkari izan nahi dutenek beren burua proposatzen dute, eta bozkatu ondoren aukeratzen dira ordezkariak.
Cristinaren kasuan, bere burua aurkeztu zuen, batzorde honen bidez ikastetxea hobetu dezaketela pentsatzen duelako. Lan garrantzitsua dela esan dit, eta eginiko proposamen eta eskaerak zuzendariari aurkezten dizkiote, egingarriak diren edo ez eta nola gauzatuko diren aztertzeko. Hiruhilabete bakoitzean 3 aldiz elkartzen dira, eta zuzendariarekin bitan.
Eskaera edo proposamenen inguruko adibide zehatzak eman dizkit. Pasa den astean izandako bileran ikasleek denbora librean jolasteko jolas berriak eskatu zituzten, esaterako, Uno karta-jolasa… Eskolarako material berriak ere eskatzen dituzte, falta dela ikusten dutenean edo zerbait berria merkaturatzen denean.
Nagusien eta gazteen batzordearekiko pertzepzioa ez dakit berdina den; orain arte irakasleengandik jasotako mezua izan da ez dela oso aktiboa, baina Cristinak garrantzitsua dela eta ikastetxea hobetzeko aukera moduan ikusten duela iruditu zait.
9.mailako ikasleekin partekatu dugu mahaia bazkaltzeko orduan. Galdezka izan ditut: ea non bizi naizen, Suedian nagoen bitartean non gelditzen naizen, euskara eta gaztelania oso ezberdinak diren… Filip etorri da, eta aurretik jolasten aritu diren jolas batera jolastera gonbidatu gaituzte. Arauak azaltzen hasi zaizkit, eta berehala konturatu naiz “Inpostore” jolasa dela. Ezagutzen dudala esan diet, gure ikastetxean ere ikasle guztiak jolas honetara jolasten baitira. Jolasa gustuko dut, irudimena eta estrategia eskatzen baititu. Hala ere, egonezina sortu dit mundu osoko nerabeak jolas beretsura jolasten ari direla jakiteak, sare sozialetan norbaitek jolasa “asmatu” eta birala egin duelako.
Ondoren, Filip bere mentoretzapeko ikasleekin elkartu da, datorren asterako plangintza egin dezaten. Internetik gabe geratu dira, eta azken momentuan, inprobisatuz, telefonoak hartzeko eskatu die ikasleei, mugikorreko datuak partekatu eta ordenagailuan agenda egin dezaten. Oraingoan ez dirudi mugikorrak eskuratzeko horrenbesteko presarik dagoenik.
Agenda prestatzen ari dira, bakoitza bere estiloan. Alderdi akademikoan ondo badoaz, ez omen die begirada zorrotzegiz aztertzen agenda nola prestatu duten; beren autonomia garatzea baita horren helburua. Hala ere, ikasle baten kasuan, konturatu da suedierako azterketa egunaren biharamunerako jarri duela horretarako ikasteko denbora, eta txantxa tonuan esan dio agian hori aldatu beharko lukeela (eta aldatu duela berriro ziurtatu du). Ikasle, irakasle eta familiekin partekatutako plataforma batean egiten dituzten ariketa, azterketa eta proiektu guztiak zorrotz igotzen dituzte irakasleek; era horretan, mentoreak jakinaren gainean daude ikasle bakoitzak zer zeregin dituen hurrengo asterako. Beraien lana amaitutakoan, normalean elkarrekin jolasen bat egiten dute edo hitz egiten. Gaur, ordea, internetik gabe daudenez, 13:00etan etxera bidali dituzte ikasleak. Denak pozik.
Agur esateko ordua iritsi da. Aste oso produktiboa eta interesgarria izan da. Hemen ikusi eta ikasitako guztiak ezingo ditugu gure ikastetxera eraman, baina badaude funtziona dezaketen ideia batzuk, eta pozik nago esperientzia hau bizitzeko aukera izan dudalako. Oso eroso eta gustura egon naiz, batez ere Filip izugarrizko anfitrioia delako eta oso ongietorria sentiarazi nauelako uneoro. Etorkizunera begira elkarlan oso politak atera daitezkeela pentsatzen dugu biok, eta ideiak mahai gainean ditugunez, bakoitzak bere ikastetxean planteatu, plangintza egin eta eraikitzen has gaitezke. Aste hasieran nahiko ezkor nengoen, gure ikastetxearen eta honen arteko ezberdintasunak handiegiak zirela pentsatzen nuelako, hemen funtzionatzen duena gurera eraman ahal izateko. Orain ez dut gauza bera pentsatzen. Oso aberasgarria izan da aste honetan Skanör Falsterbo Montessoriskola bisitatzea. Ikastetxean duten gertutasuna, elkarrekiko konfiantza eta ezagutza ez dira egun batetik bestera lortzen, eta denbora beharko dugu honetarako. Baina, haziak jarri eta aldaketa txiki batzuk eginez, bide onetik abiatuko garela iruditzen zait. Helmugarik ezarri gabe, pixkanaka bide honetatik lanean hasten bagara, ikastetxeko giroa eta bizikidetza hobetzeko aukera handia dagoela sinesten dut.