Abenduak 3, asteazkena
Gaurko 1. saioan, Filipek 7. mailako ikasleekin egon beharra zeukan gelan, lana gainbegiratzen. Zientzietako irakaslea ere, Madeleine, bertan dago, eta irakasle-gelara joan gara gu, mentoretza edo tutoretza sistema azaltzeko.
Beharrizan bereziak dituzten ikasleei buruz hitz egin dugu lehenik. Hainbat ikasle daude dislexia, TDAH, autismo… diagnostikoekin ikastetxean, eta ea hauen lana eta materiala egokitzen duten galdetu diot. Baietz esan dit: JPP erako dokumentu bat daukate, ikastetxeko orientatzaileak sortzen duena. Zortea dute, irakasle-talde finkoa dutelako, eta 7. mailatik 9.era bitartean dokumentu berean gehitzen dituzte diagnostikoak, familia-bilerak, gertakizunak eta ikasle bakoitzak egin beharreko egokitzapenak eta hartu beharreko neurriak. Microsoft Teams erabiltzen dute halako dokumentuak gordetzeko, konfidentzialtasuna dela eta (GDPR legeengatik, Europar Batasunean). Hartutako egokitzapen eta erabakiak orokorrak izaten direla esan dit Filipek, eta gainditu ez dituzten ikasgai guztietan aplikatzen direla.
Ondoren, erabiltzen duten mentoretza-sistemari buruz hitz egin dugu. Atzo Josefinekin, Lehen Hezkuntzako irakaslearekin, hizketan egon nintzen, eta nire esperientziari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, ikusi eta ikasi nahi nuena argi adieraztea gomendatu zidan. Gatazken inguruan nola lan egiten duten ikusi nahi nuela esan nion, baina bazirudiela ikastetxean ez zegoela gatazka askorik esan nion. Esan zidan ez dela horrela, badaudela gatazkak, baina batez ere horien prebentzioan egiten dutela lan. Ikasle, irakasle eta familiekin oso gertutik egiten dute lan, elkar ezagutuz eta konfidantzazko harreman esanguratsuak eraikiz; bere ustez, gatazka gutxiago egotearen arrazoia elkarrekiko konfiantza, ulermena eta gertutasuna dira.
Filipek esan dit jardun osoa duten irakasle guztiek egiten dutela ikasleen mentoretza. Ez dira beti gela eta maila berekoak, eta aberastasuna horretan dagoela dio. Ostiralero, azken saioetan, beraien mentoreekin elkartzen dira ikasleak, eta hemen aste osoko agenda antolatzeaz gain, dituzten arazo, gatazka eta kezkaz hitz egiten dute, eta jolasak ere egiten dituzte (World Guesser da horietako bat). Edozein gairi buruz hitz egiten dute, eta garrantzitsutzat jotzen dute irakasle guztiek ikasleenganako gertutasun hori lortzea. Asko gustatu zait bota duen esaldi bat, irakasleen jarrera ikasleekiko oso ondo laburbiltzen duena: «You have to be personal, but not private». Gu ere gizakiak garela ikusi eta ulertu behar dutela dio, eta beraientzat eredu positibo eta aberasgarriak izatea dela gakoa. Ikastetxea txikia denez, irakasle berberek irakasten dute euren ikasgaia ziklo honetako maila guztietan, eta horri esker lortu dezakete lotura hori.
Ondoren, matematikako klasean egon naiz, klasea nola ematen duten ikusteko. Atzoko saioan matematikako saioan izan ziren “brain breaks” ariketak-eta, eta hau ikustea nahi dut batez ere. Irakaslea urduri dagoela ematen du; oso zehatza eta zorrotza dela iruditu zait, eta ni gelan egotearekin ez dela guztiz eroso sentitzen pentsatzen dut.
Klasea hasi aurretik esan didate Gorputz Hezkuntzako klasetik datozela. Ebidentzia zientifikoa omen dago jarduera fisikoak burmuina aktibatzen duela eta kontzentrazioan laguntzen duela (nik ez dut ikerketarik irakurri, baina sinetsi dezaket). Matematikako ikasgaiarekin, oro har, zailtasunak izaten dituzte ikasleek, eta hori dela eta, Gorputz Hezkuntzako klasearen ondoren programatu dituzte matematikako saioak 3 mailetan.
Asteko 4 saioetatik, azalpenak eta teoria bi saiotan bakarrik egingo dituzte; gainerakoetan, irakasleak emaniko txosteneko lana burutu beharko dute, eta horren arabera jarriko dizkie notak. Txosten guztietan 3 zailtasun-mailatako ariketak dituzte, eta beraiek aukeratu dezakete zein egin. Ondoren, irakaslearekin eta familiarekin aztertzen dute, eurek egiten duten lana euren gaitasunen azpitik ote dabilen ala ez, eta horren inguruko hausnarketa egiten dute.
Ikasleak klasera sartu direnerako, etxerako lanak egin gabe dituzten ikasleen zerrenda eta gaurko saioan landuko dituzten gaiak idatzita daude arbelean. Klase honetarako irakasleak erabaki du ikasle bakoitza non eseriko den, eta binaka lan egiten dutenean norekin arituko diren ere zehaztu du. Hala ere, giroa lasaia da. Gorputz Hezkuntzatik datozenez, egarrituta eta gosetuta daude, eta klasean zehar fruta jan, ura edan eta klasetik irten eta sartzen dira lasaitasunez.
Arbelean ematen ditu azalpen guztiak, ikasleen parte-hartzea ziurtatuz, eta konturatu naiz ikasle ahulenen parte-hartzea lehenesten duela. Ikasle bat gaixorik dago eta etxetik ari da klasea jarraitzen, bideokonferentzia bidez. Ez du berarekin zuzenean hitz egiten, baina arbelean egiten dituen azalpenak ikusi ditzake etxetik.
Ikasleek arreta eta interesa mantentzen dute, nahiz eta azalpenek eta jarduerak kontzentrazio maila altua eskatu. Saioan zehar, 3 aldiz egin dute etenaldia “brain breaks” ariketak sartzeko. Tarte bakoitzean irakasleak azaltzen die zer egin behar duten, eta zutunik jarrita egiten dituzte: binaka eskuekin elkar jotzea, beso eta hankekin figura ezberdinak egitea… Gorputza martxan jarri eta burmuina berriro aktibatzeko oso egokiak direla esan dit, eta halako bakoitzaren ondoren adiago daudela ematen du. Azterketetan ere, isiltasunean egin beharreko ariketa motak erabiltzen dituela aipatu dit. Internetean ikertzen aritu naiz, eta ideia bikaina iruditu zait burmuina aktibatu eta gelako monotonia apurtzeko.
Klasea bukatu ondoren, Filipekin egon naiz berriro. Montessori ordua dauka 8. mailako ikasleekin. Giro lasaia eta erlaxatua dago, eta lana egiten ari diren bitartean, elkarri txantxak egin eta elkarrekin hitz egiten dute. Ni ere nire egunerokoa idazten egon naiz, denbora aprobetxatuz. Ikasleak Filipekin hizketan ari dira, eta nire inguruko interesa piztu dela antzematen dut: nor naizen, zer egiten ari naizen beren ikastetxean, nongoa naizen… suedieraz ari dira, baina hitz gako batzuk ulertzen ditut eta badakit niri buruz ari direla. Filipek azaldu dit zein diren beraien galderak eta jakin-mina, eta berehala pasa da elkarrizketa ingelesera. Ikasle batek ez du ingelesez hitz egin nahi izan; lotsa ematen dio, eta badirudi ingelesak status oso altua daukala gazteen artean, eta ahozkera natiboa (askotan amerikarra) ez badute edo zerbait gaizki esaten badute, elkar zuzentzeko joera dutela, presioa areagotuz. Arduratuta dago Filip suediarraren etorkizunarekin; gero eta traketsagoa omen da gazteen hizkuntza-maila suediarrez, eta horretan ez omen dute elkar zuzentzen, ingelesarekin ez bezala. Hizketan ari ginela, ikasle batek Filip zuzendu du “dried mango” esan duelako, ez omen da horrela esaten eta; aste honetan ikasle berak bi aldiz zuzendu du, eta gertaera hau gaiaz hausnarketa egiteko aprobetxatu du Filipek: ingelesaren eta suediarraren estatusak gazteen artean, zuzenketek ingelesez ikasle askoren konfiantza gutxitzen dutela, hizkuntza bat jakitea komunikatzeko gai izatea dela, azentuak gauza naturala eta aberasgarria direla eta ez direla lotsatzeko zerbait…
Saioa bukatu ondoren, bazkaldu egin dugu gela berean. 3 gelen artean aukeratu dezakete non eseri, inolako presiorik gabe. Gaur oilasko- eta barazki-sopa curryarekin dago, eta ikasle askok ez dute ezer jan, ez direlako sopa zaleak; ogia, gurina eta gazta jan dituzte askok. Bazkaldu ondoren, “kafetegian” zerbait erosteko aukera dute, hau da, bazkaria zerbitzatzen duten gela berean. 9. mailako ikasleek saltzen dituzte produktuak, ikas-bidairako dirua ateratzeko. 9. mailako ikasleek erosten dituzte, bertan uzten dituzte, eta beharraren arabera, ikasleek hartu eta ordaindu egiten dituzte jakiak. 9. mailan talde ezberdinak sortu dituzte hau kudeatzeko, eta beraien ardura da guztiz, irakasleen gainbegiradatik kanpo. Badirudi, ordea, azken aldian ez dutela litxarreriarik ekarri (osasungarriak izan behar dutela iruditzen zait), eta batzuk etxera joan arte ezin izango dute jatordu sendo bat egin.
12:30ean amaitzen da atsedenaldia, ordu bete pasatu ondoren, eta historiako klasea dute orain 7. mailakoek Filipekin. Historiako curriculuma 3 jakintza-mota nagusitan banatzen dela azaldu dit: edukiak (kausa-ondorioen lotura eta argudiaketa), iturrien erabilera eta gizarte-talde ezberdinen historiaren erabilera eta helburuak. Aztertzen duten gai bakoitzean 3 atal horiek landu behar dituzte; gero, estatu mailako azterketan (9. maila bukatzean) eredu honen arabera neurtuko dute ikasleen maila. Gaurkoan iturri historikoen erabilera eta fidagarritasuna landuko dute adibide praktikoen bidez. Iturri ezberdinak eman dizkie taldeka aztertu eta eztabaidatzeko, ondoko puntuak kontuan hartuz: lehen mailako edo bigarren mailako iturriak diren, iturrien funtzioa eta erabilera, eta objektibotasuna.
Normalean nahi duten tokian esertzen badira ere, gaurkoan, talde-lana eta eztabaida bultzatzeko, aldaketak egin ditu irakasleak, eta ikasle bakoitzari non eseri behar duen esan dio. Ondoren fitxak banatu dizkie, eta taldeka eztabaidatu eta adostu dute bakoitzean jasotakoa; helburua iturri idatzien inguruko hausnarketa egitea da.
Klasea amaitutakoan, Montessori denbora dute. Irakaslea une batez gelatik irten behar izan da giltza baten jabea aurkitzera. Irakasleak gelan daudenean bezain “aingerutxoak” ez direla ikusi dut: irakaslea gelatik ateratzean, inor ez da lanean ari; jolasean, elkar zirikatzen, elkarren atzetik korrika, guraizeekin tontakeriak egiten… umeak izaten jarraitzen dute hemen ere!
15:00etatik aurrera irakasle-bilera dute. Arratsaldero egiten dute bilera bat egunari bukaera emateko: eguneko gertaeren errepasoa, asteko plangintza, zerbait berezia egin behar baldin badute… horrelako gaien inguruan hitz egiten dute. Abuztuan hobekuntza-plana egin zuten, eta 3 asterik behin berrikusi eta nola dagoen aztertzen dute: helburuak lortu diren, lortzeko bidean dauden, eta ezetz bada, zein bide edo neurri har daitezkeen egoera bideratzeko.
Gaurko bileran ez dute plan horri buruz hitz egin, atzo komentatu baitzuten. Abenduaren 10ean Nobel Eguna da, eta ikasleekin jardueraren bat egin edo ez hausnartzen egon dira. Dotore jantzita joaten dira eta janari berezia jaten dute egun horretan jangelan; Filipek literatura ematen duenez, literatura-sariaren irabazlearen inguruko lanketa egiten du gelan.
Azkenik, ikasle jakin batzuei buruz hitz egiten egon dira, euren egoera nola bideratu adosten.
Arratsaldeko 15:30ean bilera bukatu eta Malmö aldera abiatu gara. Hotelean gauzak utzi, eta erdialdera joan naiz, oraindik ez baitut bisitatu. Ilun dago, nahiz eta arratsaldeko 17:00ak besterik ez diren, baina oso polit argiztatu dute hiria. Bueltatxo bat eman, bertan zerbait afaldu, eta berriro nago hotelean.