Malmötik goizeko 07:30ean abiatu eta bi autobus hartu ondoren iritsi naiz Skanör herrira. Scania deituriko eskualdean, Suediako hegoalderen muturrean dagoen penintsula txiki batean kokatuta dago. Ingurunea zoragarria da: basoak, harea txuriko hondartza ederrak, argiztaturiko egurrezko etxe politak eta bizikletak toki guztietan.
Autobusetik jaitsi eta 24 minutuko ibilaldia daukat eskolara, baina goiz ederra argitu du eta erabat merezi du. Adin guztietako gazteak pasatzen ditut bizikletan, batzuk bakarrik eta beste batzuk taldean. Adin tartea nahiko zabala da, 5-6 urte inguruko umeetatik hasi eta 15-16 urte bitarteko gazteak bakarrik doaz eskolara; leku segurua eta atsegina dirudi, eta maila sozioekonomiko altukoa dela antzematen da.
Goizeko 09:00etarako daukat hitzordua Filipekin. Erasmus+ arduraduna da eskolan, eta bera izango da nire erreferente eta hemen emango dudan denboraren antolatzailea. Normalean 08:00etan hasten dira eskolan, baina gaurko honetan 09:00ak arte ez du klaserik izango, eta gaur Filipekin igaroko dut egunaren zati handiena.
Eskolan haurtzaindegitik hasi eta 16 urtera arteko etapetan irakasten dute, eta harrera-eraikinetik beste eraikin batera bidali naute. Kanpoaldean ikasle talde batekin egin dut topo, eta beraiek egin didate hots ea nor naizen eta zer behar dudan galdetzeko; hasieratik harritu nau beraien konfiantzak eta helduekin hitz egiteko duten irekitasunak. Beraien kuriositatea asetutakoan, joan beharreko eraikinerantz zuzendu naute, eta bien bitartean Filip iritsi da, eta ikasle berberek “irakasle italiarraren” atzetik bidali dute.
Gaurko ordutegian suedierazko klasea izango dugu 9. mailan (15-16 urte) 09:15etik 10:30era bitartean. Klasera zertxobait lehenago iritsi bagara ere, ordua zehazki iritsi arte ez du klaserik hasi Filipek; bere zehaztasunak harritu nau, hasteko eta bukatzeko ere puntualki zaintzen baitituzte saioak. Klasea hasi bitartean hitz egiten aritu gara, eta esan dit ikasleak nahi duten tokian esertzen direla lan egiten duten bitartean; hala izaten omen da beti. Neska eta mutilen arteko bereizketa taldeka nahiko nabarmena iruditu zait, eta neska bat bakarrik eserita egon da, baina ez zirudien honek inoren arreta bereziki erakarri duenik; hurrengo saioetan begiratuko dut ea dinamika hau errepikatzen den.
Aurkezpenak egin ondoren (aldez aurretik azaldua zien Filipek aste honetan zehar beraien gelan izango nintzela eta Euskal Herriari eta euskarari buruzko informazioa eman zien), proba labur bat egin dute. Aurrez Franz Kafkaren ipuin laburrak biltzen dituen liburu bat irakurri dute suedieraz, eta horren inguruko proba egin dute ikastetxeak azterketak egiteko erabiltzen duen aplikazio baten bidez: Exam.net deitzen da, eta azterketa egiteko ikasleak matrikulatzen, denbora ezartzen eta inguruko webguneak blokeatzen ditu, adimen artifizialaren erabileraren arriskua saihesteko. Irakasleak komentatu dit lehenago irakurri eta tertuliak egiten zituztela, baina ikasle guztiek ez zutela irakurtzen, eta hori ekiditeko eta benetan irakurtzen dutela ziurtatzeko “frogak” egiten dituela.
Azterketa bukatu ondoren, besteek amaitu bitartean nahi dutena egiteko denbora izan dute, baita bideo-jokoetan aritzeko ere. Sakeleko telefonoak klasera sartzean kutxa batean utzi behar dituzte, eta gero kutxa hori armairu gotor batean gordetzen dute. Lehen bazkaltzeko tartean telefonoak berreskuratzeko aukera ematen zieten, baina ez omen zuten elkarrekin hitz egiten, eta orain ikastetxetik irten arte ez dituzte sakelekoak bueltan jasotzen. Telefonoak, hala ere, beharrezkoak dituzte, eta ez ekartzeko eskatzea ezinezkoa da; Suedia oso digitalizatuta dago, eta garraiorako txartelak digitalak direnez, oso gaztetatik izaten dute askok sakeleko telefonoa. Datorren urtetik aurrera lege berri bat onartu omen dute Suedian, ikasleen poltsikoak eta jakak ere berrikusi eta sakelekoak konfiskatu ahal izateko.
Filipek dio ikastetxeen artean konpetentzia handia dagoela ikasleak erakartzeko. Jaiotze-tasek behera egin dute, ikastetxe asko dago, eta ikastetxe pribatuek “kaptazio gerra” moduko bat hasi omen zuten ikasleei doako ordenagailuak emanez, ikasleak erakartzeko asmoz. Konpetentzia honetan ikastetxe publikoak ere sartu ziren, “bezerorik” gabe ez geratzeko. Orain, arriskuak eta pantailen gehiegizko erabileraren eraginak ikusita, atzerapausoak ematen ari dira arlo honetan, eta digitalizazioa nahiko hedatuta badago ere, liburu fisikoak eta eremu analogikoak indartzen ari direla dio ikasgeletan.
Frogaren ondoren taldeka liburua komentatu dute (5 bat minutuz), eta ikasleek beraien ikuspuntua eta iritzia eman dituzte liburuaren inguruan. Gai bat agortzen zen bakoitzean beste galdera edo hausnarketa-gai bat proposatzen zuen Filipek, eta ikasleek beraien ikuspegia adierazten zuten. Harrituta gelditu naiz ikasleen parte-hartze zabalarekin eta modu errespetutsuarekin: txandak errespetatu, eskua altxatu… mutilen parte-hartzea, neskena baino askoz handiagoa izan da. Beste klase batzuetan ez omen da horrela, baina klase honetan hala dirudi; orokorrean, neskek konfiantza gutxiago omen dute beraien iritzia adierazteko, nahiz eta sarritan beraien hausnarketak sakonagoak eta aberatsagoak izan. Ez da gai berria guretzat, eta badirudi patroi berak errepikatzen direla hemen ere; azken urteotan sare sozialetan zabaltzen ari diren ultraeskuineko diskurtsoen ondorioz, mutilen neskenganako jarrera misoginoak eta komentario iraingarriak asko hedatu direla esan dit, inguru pribilegiatu honetan ere bai.
Ondorengo jarduerarako 1-3 orri bitarteko istorio labur bat idatzi beharko dute. Ausaz, Filipek prestatutako animalia bana eta “egoera” bana banatu die; pare bat saio izango dituzte honetarako, eta bukatu ondoren klasearen aurrean irakurri beharko dute beraien istorioa, animaliaren izena inoiz aipatu gabe, eta gainontzeko ikasleek zein animaliaz ari diren asmatu beharko dute. Oso gogotsu, inplikatuta eta aktibo ikusi ditut, beraien ideiak eta zirriborroak egiten; harro daude, beraien ideiak partekatzeko irrikitan, eta proiektuari hasiera emateko ez dute batere denborarik galtzen. Adin honetako ikasle talderik ez dut inoiz ikusi ikastetxeko proiektu batekin hainbeste emozionatu eta inplikatuta; bai banaka, baina ez orokorrean, klase honetan antzematen den moduan. Filipi ere komentatu diot hau, eta eskertu dit nire azalpena, batzuetan perspektiba galtzen dela onartuz.
Entregatu beharreko lana denez, lehen aipatutako aplikazio bera erabiliko dute hau bidaltzeko. Hala ere, batzuk papera, margoak eta boligrafoa hartu dituzte, eta zertan ari diren galdetu diedanean, pare batek beren istorioaren mapa mentala egingo dutela aurrena esan didate. Ikasturte hasieran ikasteko eta lanerako teknika ezberdinak gogorarazten dizkietela azaldu dit Filipek, bai ikasgaietan eta bai tutoretza-saioetan ere.
Klasea puntualki amaitu ondoren, Montessori denbora dute. Astean suedierazko 3 ordu dituzte, eta horien erdia beren lan pertsonala garatzeko izaten da; gaur 10:30etik 11:30era bitartean beraien proiektuetan egingo dute lan. Filipek laguntzen die: lana antolatzen, zalantzak eta galderak argitzen… baina ez du “polizia” lanik egiten, behintzat 9. mailan. Beraien denbora kudeatzen eta erantzukizunez jokatzen ikastea da saio hauen helburua, eta denbora alferrik galtzen badute, beraienak izango dira ondorioak: edo etxean bukatu beharko dute lana, edo ez dituzte emaitza onak lortuko. Institutuan eta unibertsitatean sartzeko presioa nahiko altua omen dago, eta ikastetxe eta adin honetan, orokorrean, erantzukizunez jokatzen dutela dio.
11:30ean bazkalordua da. Ikasle guztiek doako bazkari osasuntsua jateko eskubidea dute Suedian, eta ikastetxean sukalderik ez dutenez, catering-enpresa batetik ekartzen dute janaria, eta ikasleek atontzen dute guztia: gero, txandaka, bakoitzak bere janaria zerbitzatu eta azken zikloko geletan nahi duten tokian eserita jaten dute. Portzio handiegiak ez hartzeko lanketa egiten dutela esan dit Filipek, janari gehiegi alferrik ez galtzeko. Gaurko menuan barazkiak (aza ozpindua, ilarrak eta azenorioak labetik pasatuak) eta espagetiak boloniar erara zeuden; espagetiak zirenez, ikasle guztiek bazkaldu dute gaur ikastetxean. Bestela, normalean, askok ez omen dute gustuko hemen ematen dieten janaria, eta herrira joaten omen dira bertan zerbait erosi eta jatera. Filipek eta biok ere, bai eta gainontzeko irakasleek ere, ikasleekin batera jaten dute ikasgeletan.
Bazkaldu ondoren beste klase batzuk dituzte, baina ni Filip-ekin ikastetxean zehar ibilaldi gidatua egitera joan naiz. Txikienen txokotik hasi eta gela guztiak erakutsi dizkit; maila baxuagoetan erabiltzen dituzten materialak, guztiz Montessori estilokoak, zentzumenen estimulazioaren eta garapenaren bidez ikasteko pentsatuta daude. 5 urteko gelan jadanik kontinenteak, banderak eta haietako landaretza eta animaliak ikasten dituzte, era ludiko eta didaktikoan.
Ikastetxea ezagutzen ari ginela, asko hitz egin dugu Filip, Christiane (Alemaniatik etorritako hezkuntza bereziko irakaslea) eta hirurok. Gai guztiak ezin ditut orain gogoratu, baina suediar hezkuntza-sistemaz aritu gara: eskola publikoak eta kontzertatuak dituzte hemen ere, eta familiek ez dute kuotarik ordaintzen batean ere, Gobernuak ikasle bakoitzeko diru kopuru bera ematen baitu ikastetxe guztietan. Kudeaketan dago alde nagusia: publikoak udalek kudeatzen dituzte, eta kontzertatuak, batzuk enpresa pribatuen esku daude, eta beste batzuk —ni nagoen eskola kasu— guraso eta irakasle batzordeek kudeatzen dituzte.
Zuzendariaren papera azpimarratu dute, bai Suedian eta bai Alemanian ere. Bere eskumenen artean daude irakasleak kontratatzea, kaleratzea eta soldatak igotzea; behin zuzendari bihurtuta, normalean ez omen dira irakasgelara itzultzen. Beste puntu aipagarri bat da egunero, goizeko 08:00etatik 16:00etara, irakasle guztiak ikastetxean egoten direla. Klase lektiboak gutxiago badira ere, ikasleekin denbora asko partekatzen dute: bazkaldu, mahai-jolasetan aritu… ikasleekin egiten dituzte; irakasle-gelan oso irakasle gutxi izaten da, eta eguneroko jarduna ikasgelan egiten dute ikasleekin. Horren ondorioz, harreman sendoak eta elkar-ulermen eta konfiantza handia eraikitzen dira.
13:30etik 15:30era bitartean beraien zalantzak argitzeko, proiektuak aurreratzeko… denbora dute, eta “borondatezkoa” izan ohi da. Ikasleek ostiralero aste horretako agenda prestatzen dute, batzuek paperean eta beste batzuek modu digitalean, INIKA moduko aplikazio baten bidez; tarte horietan gela bakoitzean irakasle bat egoten da zalantzak argitu eta lana bideratzen laguntzeko, baina ikasleek beren kabuz egiten dute lan. 7-9 mailetako ikasleek (eraikin berean daude) nahi duten gelan eseri eta lan egiteko aukera dute, adin ezberdinetako ikasleak elkarrekin aritu eta elkarri lagunduz.
Ikasle batzuk etxera lehenago joateko aukera ere badute. Ikastetxera goizeko 7:45 eta 8:00ak bitartean iristen badira, denbora hori pilatu eta eguerdian lehenago irteteko aukera irabaz dezakete; Flexitime deitzen diote sistema honi. Filipek ez du gustuko; alde batetik, irakasleek kudeatu behar dutelako eta lan handia suposatzen duelako, eta, bestetik, uste duelako ikasleek ikastetxean egon beharko luketela, beren kabuz lan asko egiten dutenez, irakasleek gainbegiratzeko aukera izan dezaten beraien lana.
Gabonetako azoka
Gaur musikako saioarekin hasiko dute eguna. Atzo etxekoekin komentatu nuenean zein harrituta nengoen ikasleen jarrera eta parte-hartzearekin, ahizpak txantxetan esan zidan: «Musikako saioan ikusiko duzu, bakoitzak bere instrumentua atera eta izugarrizko orkestra filarmonikoa izango dute. Txirularik ez dute joko hor!». Espektatiba altuak ditut… ea zer egiten duten!
Anders da musikako irakaslea. Famatua omen da Suedian, 2000ko hamarkadan emaztearekin batera umeentzako telebista programa oso arrakastatsua izan zuelako. Aurkezpenak egin ondoren, klasera sartu eta lasai hitz egiten eta gauzak komentatzen daude; ez dakit oso ondo zeri buruz ari diren, baina giro lasaia eta interakzio handia dago ikasleen eta irakaslearen artean.
Malmöko futbol taldearen ereserkia abestu dute lehenik, Filip zirikatzearren, aurkako taldearen jarraitzailea baita, Helsinborgena. Ondoren, abenduaren 19an egingo duten Gabonetako jaialdirako abestia entseatuko dute: “It’s beginning to look a lot like Christmas”. Lehenik hitzak entseatu dituzte musikarik gabe, eta gero Filip gitarran eta Anders pianoan jarrita abestu dute abestia.
Zazpigarren mailako ikasleekin historia eta suedierazko klasea emango du talde txikian ondoren Filipek. Klasean azalpenak eman ditu, eta bere saioetan agindutako etxerako lanak egiten lagunduko die.
Hiri-estatu baten eta inperio baten arteko ezberdintasuna adierazi behar dute lehenengo ariketan. Ikasle batek ingelesez erantzuten dute klasean; gero jakin dut hegoafrikar jatorria duela (bere arreba ere ikastetxeko ikaslea da, 8. mailan). Aita suediarra bada ere eta suediar moduan erregistratuta egon erroldan, erraztasun handiagoa dute ingelesez, eta beraien parte-hartzea saioetan normalean hizkuntza horretan izaten da. Edukien egokitzapenik egiten ez badiete ere, naturaltasun osoz erantzuten diete irakasleak eta gainerako ikasleek suedieraz, beraiek ingelesez hitz egin arren. Sei ikasle daude klasean; horietako bat borondatez etorri da, baina geroago joan egin da. Gainerakoentzat ez da aukerakoa: hemen egon behar dute (nolabait derrigorrezkoa da ariketak egiteko laguntza behar duten ikasleentzat). Beraien Montessori denboraren barruan dago saio hau, baina zailtasunak dituzten ikasleen kasuan, irakasle eta gurasoekin batera adostu dute aparteko denbora hau behar dutela irakaslearekin.
Lanean eta ariketak egiten ari dira, kontzentratuta eta parte hartzen. Jarrera oso ona dute, eta lana aurrera ateratzeko borondatea eta interesa erakusten dute. Galderak egiten dizkie irakasleak, eta hauek liburuan, powerpointean edo aurrezagutzetan oinarrituta bilatu behar dute informazioa; Googlen ere bilatu dezakete. Erromatar gizarteko talde ezberdinak landu dituzte, piramide baten egitura moduan antolatuz, ikasleen parte-hartzea eta irakaslearen azalpenak tartekatuz.
Ondoren, Suediar abizenen jatorria eta esannahia aztertu dute. Bost kategoria omen dituzte:
Seme-alabatasunari lotutakoak: …son atzizkia dutenak (langile klasekoak dira eta ez omen da oso desiragarria abizen mota hau gaur egungo gizartean).
Naturako elementuak: industria-iraultzaren ondoren sortuak dira, langile klasetik aldentzeko.
Soldadu-izenak: beren etxe edo posizioaren arabera hartu ohi zituzten.
Noblezia-izenak: XVI. mendeaz geroztik ageri direnak; ikastetxean bi ikasle identifikatu dituzte era honetako abizenekin.
Asmatutako izenak: nahiko ohikoak dira, XIX. mendetik aurrera sortuak batez ere, burgesiaren artean, nekazal gizartearekiko distantzia markatzeko.
Gaur egun ere legez abizenak aldatu ditzakete; izen bereziak izatea gustuko dute, eta talde txikien abizena hartu edo, irainkorra ez den bitartean, beraien abizena asmatu eta aldatzeko eskubidea dute.
Bat-batean hanka-hotsak entzun dira alboko gelan, korrika ariko balira bezala. “Brain breaks” jarduerak direla azaldu dit Filipek; matematikako irakasleak saio guztietan sartzen omen ditu horrelako jarduerak, eta hurrengo batean hauek ikustera joateko gogoa azaldu diot.
Ondoren gaztelerako klasera noa 7. mailakoekin. Danek ematen ditu saio hauek irakasle titularra itzuli bitartean. Dan amerikarra da eta ingeleseko irakaslea berez; Costa Rican bizi izan da, eta gaztelera ondo menperatzen du. Hala ere, klaseak ingelesez ematen ditu. Ikasleek oso oinarrizko maila dute; aditz irregularren konjugazioa lantzen ari dira. Saioan ez dut ezer ez-ohiko edo nabarmenik antzeman, ikasleak oso arduratsuak eta saiatuak iruditu zaizkidala esateaz gain. Aditzak konjugatu eta hutsuneak betetzeko ariketa nahiko arrunta izan da, eta ahalik eta ondoen egiten saiatu dira. 7. maila honetan maila akademiko oso baxua dutela aipatzen dute irakasle gehienek, eta jarrera aldetik ere oso umeak direla eta astoratuta egoten direla diote. Niri, aldiz, nahiko gela lasaia eta talde saiatua iruditu zait; badirudi beraien estandarrak eta nireak ez datozela bat…
11:30ak iritsi dira eta bazkalordua denez, ikasleek atera dute janaria sukaldean. Gaurkoan Viktor eta Filipen (ikaslea) txanda da janaria atera, platerak, edalontziak eta mahai-tresnak jarri eta, bukatutakoan, dena bildu eta garbitzeko. Sare sozialetako plataforma bat erabiltzen dute irakasleek informazio hau partekatzeko (Facebook bidez): nork duen lehenago irten beharra, nork zerbitzatu duen janaria egun bakoitzean… talde edo kanal ezberdinak dituzte informazio mota ezberdina partekatzeko.
Bazkaldu ondoren, 5. mailakoen eskulan tailerrean eseri naiz. Arratsaldean jaialdia dute, 9. mailan egingo duten bidairako dirua biltzeko, eta saio horretarako pelutxeak eta gantxilozko panpintxoak egiten ari dira. Giro lasaia dago klasean; lan egiten ari diren bitartean, irakasleekin hitz egiten dute, elkarri txantxak egin, eta konfiantza eta giro ona nabari dira. Nirekiko interes handia ere badute, eta galderak egiten dizkidate gure ikastetxeari, nire familiari, adinari, Suediatik gehien harritu nauena zein izan den… buruz. Konfiantza handia dute beraien buruarengan, eta gustuko dute helduekin elkarrizketan aritzea. Suediar kulturari buruz ere hitz egin dugu; bertako jendeak ez duela aintzat hartzen eta baloratzen esan didate ikasleek, eta Filip ere ados dago iritzi horrekin. Bertako janaria eta ohiturak sarritan gutxietsita geratzen direla diote, eta maila sozioekonomiko altuagoa duen jendeak atzerriko janaria, bidaiak… gehiago baloratzen dituela, tokikoa bigarren mailan utzita. Ikasleek Kötbullar med potatismos, kanelbulle, skagenröra, sill eta prinskorv probatzea gomendatu didate. Badela Malmön horrelako janaria zerbitzatzen duen jatetxe bat esan didate, eta bertako datuak emango dizkit Filipek; hala ere, ez dela oso ohikoa hirietan bertako janari tipikoa eskaintzen duten jatetxeak aurkitzea, eta normalean nekazal eremuetako herrixketara joan behar izaten dela horretarako. Azkenik, ikasleei eta familiari Marabou txokolatinak eta Bubs goxokiak eramatea gomendatu didate; TikTok-en agertu omen dira eta biral bihurtu dira. Gure ikastetxeko ikasleek ere ezagutuko dituztela uste dute.
Ondoren, zientzia tailerra dute 9. mailakoek, eta eremu elektromagnetikoak sortuz uhinak bidali eta komunikazioa garatzen saiatzen ari dira, oinarrizko telegrafo bat sortuz. Materialak eta jarraibideak eman dizkie Madeleine irakasleak, eta beraien kabuz ari dira binaka lanean proiektuan. Humore onarekin eta txantxen artean, gogotsu ari dira lanean, nahiz eta badirudien inork ez duela lortu oraindik telegrafoa martxan jartzea eta mezurik bidaltzea.
Klaseak bukatu ondoren, bilera dute irakasleek, asteko gertakarien inguruan egunean jartzeko. Christiane eta biok —nirekin batera behaketa egiten ari den behar berezietako irakasle alemaniarra— portu aldera joan gara paseatzera, eta ondoren txokolate bero bat hartzera. Ugglenabben ingurua, Falsterbo penintsularen muturrean, zoragarria da: garbia, txukuna, hondartza ederrak eta urmael eta natura-erreserba ikusgarriak ditu. Baltiar itsasoko itsas-txakur kolonia handiena bertan omen dago. Portu aldetik itsas-argirantz joan gara ibilbidea egiten, baina hemen oso goiz iluntzen du (15:30etarako), eta eguna guztiz ilundu aurretik itzuli egin behar izan dugu, itsas-argira iritsi gabe. Ondoren, txokolate bero bat hartzera joan gara biok Ljungskogenen dagoen Annas Bageri izeneko kafetegira.
Arratsaldeko 17:00etarako ikastetxera bueltatu gara berriro, gaur Gabonetako merkatua egingo baitute. Urtero antolatzen dute 7., 8. eta 9. mailako ikasleek, ikas-bidairako dirua biltzeko. Ordu beteko tartea izaten dute ikastetxean taldean ideiak jasotzeko, eta gero beraien kabuz antolatu behar izaten dute guztia. Azoka oso ondo antolatuta dagoela iruditu zait: bigarren eskuko arropak, gurasoen dendetan edo enpresetan lortutako toailak, maindireak, zuekoak, janaria, edariak, eskulan tailerrak, jolasak…; azoka oso anitza eta giro zoragarria lortu dute, ikasle, guraso eta irakasleek elkarrekin denbora partekatu eta komunitate txiki hau sendotuz doan bitartean. Aurtengo 9. mailako ikasleek Krakowiara joan nahi dutela esan didate, Auschwitz bisitatu nahi dutelako. Bidai hezigarri eta interesgarria; ea nahikoa diru lortzen duten!