15 egun pasatu dira Suediatik bueltatu nintzenetik. Eragin sakona eta inspiragarria izan du bertako bisitak, eta handik itzuli nintzenetik nire jarduna, lehentasunak eta ikasleekin ditudan hartu-emanen inguruan hausnartzen eta planteamendu berriak egiten ari naiz.
Konturatuta nago bertan ikusitako guztia gure ikastetxera ekartzea ezinezkoa dela, batez ere errealitate oso ezberdinak bizi ditugulako: ikastetxearen tamaina askoz handiagoa da gurean, ikasle guztiek ezagutu eta harreman sendoak eraikitzea zailduz; irakaslegoaren %60 inguru ez da ikastetxean finkoa, eta horrek proiektuen planteamendu eta garapenena, harremanen eraikuntza eta ikasleen jarraipena oztopatzen ditu; azkenik, gure ikaslegoaren heterogeneotasun handiak (baliabide ekonomiko, famili jatorri eta hizkuntza-mailen artekoak --ikaslegoaren portzentaje handi batek euskara ez du menperatzen, eta beste batzuek ez euskara ez gaztelera--) baliabideen mugekin bateratuta, erronka berriak eta zailtasunak sortzen dizkigu ikasleen beharrei erantzuteko orduan.
Egia da ezberdintasun handiak daudela Juan Orobiogoitia BHI eta Skanör Falsterbo Montessoriskolaren artean. Hala ere, oinarrizko planteamendu batzuk txertatu daitezkeela gurean pentsatzen dut, ikaslegoaren motibazioa eta autoestima hobetzeko, ikasle-irakasleen arteko harremanak sendotzeko eta bizikidetza hobetzeko:
Kexu izaten gara sarri ikasleen autonomia falta eta lanerako motibazio faltaz. Beste eredu bat ikusi ondoren, pentsatzen dut hauek landu eta trebatu beharreko gaitasunak direla. Autonomia ez da irakasten, baina garatu ahal izateko espazioa, denbora eta aukerak behar dituzte ikasleek. Motibazioa sortzeko ez dago errezeta magikorik, baina ikasleentzat esanguratsu eta garrantzitsuak diren gaiak lantzeko aukera ematea ezinbestekoa da.
Ikasteko, ikastetxea ikasleek beraien espazio gisa identifikatzeko, irakasle-ikasleen arteko loturak sortzeko, gatazkak gutxitzeko eta gure arteko harremanak hobetzeko ezinbestekoa da ikasleekin denbora ematea, entzutea eta inporta zaizkigula ulertaraztea. Sarri edukiekin eta kurrikulumaren presioari erantzunez, hori bihurtzen dugu lehentasun, baina oinarrizko loturak eta harremanak garatu ezean, eduki eta jakintzen garapena ez da batere esanguratsua izango. Ikasteko konexio emozional positibo eta eraikitzaileak behar ditugu, eta agian fokua hemen jarri beharko genuke.
Nerabeen energia amaigabea eta jakinmin naturala gure aliatuak dira, ez etsaiak. Daukaten energia kanalizatu eta bideratzen ikasi beharra dugu. Lasaitzeko, arreta berreskuratzeko, parte-hartzea inpultsatzeko, teknika eta ariketak badaude; hauetan trebatu behar dugu, eta momentuko energiaren arabera ikasgela bideratzen ikasi ikasketa prozesua esanguratsua eta aktiboa izan dadin. Lo, apatiko eta ekarpenik egiten ez duen ikasleak ez du bere potentziala garatzen, ezta ikasketa prozesu esanguratsua burutzen ere. Gure eskema mentala eta plangintza ez dira kolokan jartzen, baina ikaslea ez da bere prozesuan agente aktiboa izaten ari. Irakasleok malguak izan behar dugu, saioak unean uneko pultsu eta gertaeren arabera moldatuz, eta klasearen energia kanalizatzeko ariketa, teknika eta jarduera ezberdinak erabiliz.
Nire ikasgaian planteamendu berri honetatik abiatzeko asmoa daukat: lanerako prozedura berriak, arau berriak, energia eta harreta kanalizatzeko ariketak eta ikasleekin harremantzeko modu berriak probatuko ditut, Suedian ikusitakoan inspiraturik. Gauza batzuk funtzionatuko dute, beste batzuk ez, eta ohitzeko eta lan egiten ikasteko denbora beharko dugu, bai ikasleek eta baita nik ere. Noizbehinka argitaratuko ditut egunerokoan nire aurrerapausuak, espero ditudan emaitzak, hutsegiteak eta zailtasunak… eta ea bidaia honek nora eramaten gaituen.