Eskola ez-presentzialetatik haratago, arreta ez-presentzialak laburbiltzen du aparteko egoera honetako Ikastolaren jardueraren muina. Ikastolak martxan jarraitzen du, baina beste modu batera.
Egoera honetan, Ikastolaren helburu nagusia ikasleen eta familien bidelagun izatea da, akonpainamendua egitea. Finean, ezohiko egoera hau eraikitzen laguntzea. Horretarako, honako lan-ildoak lehenetsiko dira:
Ikasleen eta familien beharretara adi egotea eta horiek kudeatzen ahalegintzea.
Ikasle eta familiek egoera sozial, ekonomiko eta emozial ezberdinak dituztela kontuan izanik, euren arteko aldeak bere horretan mantentzen saiatzea.
Ikasleei eskatu edota proposatutako zereginen eta plangintzen bidez, beren errutina orekatzen eta planifikatzen laguntzea, alde kognitibo, fisiko eta emozionala uztartuz.
Jarduna eta proposamenak egingarriak, ulerterrazak, denboran banatuak eta autonomia sustatuko dutenak izatea.
Miquel Àngel Prats (hezkuntza-teknologian doktorea eta irakaslea)
Ikasleek gauza bera ikasiko dute? Adinak adin, ikasleek modu ezberdinean ikasiko dute eta modu berri hori bera ere irakasgai bat izango da. Ikasteko beste estrategia batzuk erabili beharko dituzte. Berdinen arteko laguntza, esate baterako, baliabide ederra eta ezinbestekoa izango da gaztetxoentzako.
Adinaren, helburuen eta beharren arabera jarduten dira Ikastolako ikasle eta irakasleak. Ikas-etapa bakoitzeko jarduna, ezberdina da, beraz. LHren kasuan, ikas-etaparik luzeena izanik, gazteenen eta zaharrenen aritzeko moduak ere ezberdinak dira.
Baliabide teknologikoak dira ikasle, familia, irakasle eta Ikastolaren arteko harremana mantentzeko bide, hartu-eman ahalik eta zuzenena eskaintzen dutenak hobetsiz.