COVID-19 koronabirusak eragindako aparteko egoera honi aurre egiten eta hura arintzen laguntzeko asmoz sortu du Ikastolak weborri hau. Salbuespenezko egoerari lotutako informazioa eta euskarriak bertan bateratu dira, dena gune berean izateak guztiari osotasuna eman eta testuinguruan jarriko duelakoan, eta erreferentziazko gune bat izatea lagungarria izan daitekeelakoan.
Ateak itxita bada ere, Ikastolak irekita jarraitzen du ikasleei eta familiei ahalik eta arreta egokiena eskaintzeko eta harremana mantentzeko asmoz. Horrela, zuen ahalegina batuta, denok elkarrekin, Ikastolako gure patioa bizirik mantentzeko esfortzua egiten ari gara bakoitza bere leihotik. Horretan lagundu nahi du weborri honek.
Aparteko egoerako hezkuntza-jardueraren helburuak, lan-moduak eta jarduerak, baliabide osagarriak, Ikastolarekin eta irakasleekin harremanetan jartzeko bideak, eta IKT arreta-zerbitzua topatuko dituzue hemen.
Guztiok ari gara ezohiko egoera honetara ahalik eta txukunen nahiz ardurarik handienarekin egokitzen. Guztiok eta guztiok elkarrekin. Egoerak zein bilakaera izango duen eta zenbat luzatuko den ez dakigun arren, egunez egun eta pausoz pauso, ziur bideak zerbait irakatsiko digula eta bidean zerbait ikasi ere egingo dugula.