2018-2019

IPUINAK

ASTOA, ZAKURRA, KATUA,...


Baserri hartako astoa osoa zaharra zen. Ezin zuen lanik egin. Egun batez esan zion morroiak nagusiari:

-Astoa hori zahartu egin da. Ez du ezertarako balio. Hil ezazu bihar.

Astoak orduan baserritik ihes egin zuen. Eta zakur batekin egin zuen topo.

-Zergatik zaude hain triste? - galdetu zion astoan zakurrari.

-Bihar hil egingo naute zahartu naizelako - erantzun zion zakurrak.

-Zatoz nirekin - esan zion astoak.

Eta elkarrekin joan ziren astoa eta zakurra. Etxe bat ikusi zuten eta leihoan katu bat. Oso “miau” tristea egiten zuen katuak. Zer gertatzen ote zitzaion katu gixajo hari?

-Zergatik zaude hain triste? - galdetu zioten katuari.

-Etxekoandreari haragi pusketa bat lapurtu diot. Eta bihar hil egingo nauela esan dit - esan zuen katuak.

-Etorri gurekin eta ez zaituzte hilko - esan zioten astoak eta zakurrak

Oso urrutira iritsi ziren hirurak. Eguerdiko hamabietan oilar bat aurkitu zuten bidearen erdian. Baina oilar hark ez zuen kukurrukurik egiten. Astoa, zakurra eta katua oilarra zegoen lekura joan ziren. Oilarrari galderak egiten hasi ziren.

-Zer egiten duzu hor bakar-bakarrik?

-Zergatik ez duzu kukurrukurik egiten?

Oilarrak esan zien:

-Etxekoandreak hil eta eltzean sartuko nau bihar

-Zatoz gurekin - esan zioten.

Eta elkarrekin joan ziren. Lau lagunak oso pozik zihoazen elkarrekin. Han urrutian ahari bat ikusi zuten. Aharia soka batetik loturik zegoen eta hura ikustera joan ziren lau abereak.

-Zergatik ez duzu belarrik jaten? - galdetu zioten ahariari.

Ahariak triste zegoela esan zien. Handik aste betera hil egingo zutela.

-Zatoz gurekin eta ondo biziko zara - esan zioten ahariari.

Ahariari soka askatu zioten eta denak elkarrekin joan ziren. Gauean etxe bat ikusi zuten. Hura lapurren etxea zen. Lapurren etxe ondora joan ziren. Zakurra zaunkaka hasi zen, eta aharia atea jotzen. Katua, astoa eta oilarra ezkutatu egin ziren. Barruko lapurrak beldurturik zeuden. Ahariak, kolpeka, lapurren etxeko atea hautsi zuen. Eta abere guztiak barrura sartu ziren orduan. Astoak putz egin eta argia itzali zuen. Abereak ezkutatu egin ziren: katua su ondoan, oilarri tximinian, zakurra ate atzean, aharia eskailerapean eta astoa ukuiluko atean. Lapur guztiak beldurrez zeuden. Inork ez zuen behera jaitsi nahi.

Baina azkenean lapur bat jaitsi zen behera zer gertatzen zen ikustera. Katuak atzaparka egin zion lapurrari. Gero oilarra mokoka hasi zitzaion. Lapurrak bi begiak estali zituen. Oilarrak mokoka eta mokoka jarraitu zuen. Lapurra kanpora irteten hasi zen, baina zakurrak ozka egin zion. Ukuilura joatea pentsatu zuen lapurrak orduan. Baina ahariak trapu zaharra bezalaxe bota zuen behetik gora. Ukuiluko atean astoa zegoen. Atzeko bi hankak luzatu eta ostikoz jo zuen lapurra. Goiko sabairaino bota zuen.

Eta han geratu zen lapur gizajoa hezur guztietako minez. Beste lapurrek erabat beldurturi, leihotik egin zuten ihes. Eta bost abereek lapurren afaria jan zuten gau hartan.

BARBANTXO


Behin batez, herri txiki batean, aita, ama eta Barbantxo bizi ziren. Barbantxo txiki-txikia zen. Bere aitak basoan egiten zuen lan.

Egun batean, ama gaixorik zegoen, eta ohean gelditu zen. Horregatik, Barbantxok prestatu zuen bazkaria, aitari mendira eramateko.

  • Kontuz ibili! -esan zion amak-. Eta ez erori!

Baina Barbantxo bazkaria prestatzen ari zenean, eltze barrura erori zen. Igotzen hasten zen, baina txirrist egiten zuen. Azkenean ahal zuen bezala irten zen. Bazkaria hartu, eta astoaren belarrian sartuta, mendira joan zen. Bidean mutil batzuk topatu zituen. Haiek astoa bakarrik zihoala pentsatu zuten. Dinbi-danba astoa jotzen hasi ziren. Barbantxok, oso haserre, esan zuen:

  • Arraioa! Astoan bakean utzi!

Eta mutilek ihes egin zuten. Bueltan lehengo mutilak topatu zituen.

  • Nora zoazte mutilak? -galdetu zuen Barbantxok.

  • Apaizaren etxera. Txerria hil du eta debalde jango dugu.

Eta denak saltoka eta korrika joan ziren. Apaizaren etxean, Barbantxok, txerriaren belarritik oihuka, esan zuen:

  • Zein goxoa, apaiz jauna!

Apaiza etorri zen, eta hasieran ez zuen inor ikusi. Gero Barbantxo topatu zuen txerriaren belarrian. Barbantxok ihes egin zuen eta belarretan ezkutatu zen. Han behi bat zebilen, eta belarrarekin batera Barbantxo jan zuen. Ilunabarrean, Maddi ukuilura joan zen. Maddi apaizaren neskamea zen. Han ahots bat entzuten zuen:

  • Hemen nago, hemen nago!

Hasieran Maddi beldurtu egin zen, baina gero Barbantxo ezagutu zuen:

  • Non zaude, Barbantxo?

  • Behiaren barruan.

  • Eta noiz irtengo zara?

  • Behiak tur-tur egitean.

Behiak kaka egin zuen. Barbantxo zikin-zikina atera zen. Gero oso ederki bizi izan zen.

BIGANTXAREN ORDAINA

Denok ezagutzen duzuen herri bateko etxe eder batean, Begain izeneko mutil bat bizi zen.

Etxean bigantxa bat zuten, eta hura saltzeko garaia ailegatu zenean, Begainen aitak horrela esan zion:

- Bigantxa saltzeko garaia duk. Beraz, merkatura eramazak, eta ez eman gero prezio txarrean.

- Lasai, aita. Salmenta ona egingo dut, ikusiko duzu.

Eta azokarako bidean jarri ziren Begain eta bigantxa.

Giro ederra zegoen eta, presarik gabe, ttipi-ttapa bazihoazen Begain eta bere bigantxa.

Bide ondoan zegoen etxe batean lapurrak bizi ziren. Beren etxeko leihoetatik bidetik pasatzen zirenak ikusten zituzten.

Begainen bigantxa ikusi zutenean, haientzat izan behar zela pentsatu zuten. Mutiko mukitsu hari behia lapurtu behar ziotela, alegia.

Beraz, lapurretako asmotan etxetik irten ziren.

Denak batean Begainengana inguratu ziren, eta Kapitainak honela esan zion:

– Egun on, mutil! Zer habil hemendik?

- Bigantxa hau genuen etxean. Saldu egin behar dela, eta berarekin azokara noa. Prezio onean saldu behar dut.

Kapitainak, barrezka, lapurrak zirela adierazi zion, eta bigantxa ez zela gehiago Begainena izango, lapurrena baizik.

Begainek, noski, ez zien bere bigantxa eman nahi, baina lapurrek, indarrez, kendu egin zioten.

- Bigantxa nirea da esaten zien Begainek.

- Hirea huen -esan zion kapitainak, haserre-, eta oraintxe bertan etxera ez bahoa, ikusiko duk hirea den ala ez.

Hori entzun zuenean, Begain, isil-isilik, etxera joan zen.

Etxera ailegatu zenean, amak galdetu zion: – Bigantxa saldu al duk?

- Bai, ama -esan zion-, ongi saldu dut. Dirua hiru plazotan emango didate.

- Ederki egin duk, Begain.

Hurrengo egunean, herriko neskatxarik ederrenaren etxera joan zen eta mesede bat eskatu behar ziola esan zion:

- Zer nahi duzu, Begain? —galdetu zion neskak.

- Zure jantzirik politena utziko al didazu? - Bai, noski, erantzun zion neskak.

Jantzia hartu eta emakume bat bezala jantzita lapurren etxera joan zen.

Atea jo zuen eta ireki zion lapurrari hauxe esan zion:

– Kaixo, lagun! Kapitaina bisitatzera nator.

– Bai, bai, sar zaitez —esan zion irribarrez lapurrak.

Lapur Kapitaina oso pozik jarri zen neska bera bisitatzera zetorrela jakin zuenean. Eta lasaiago egoteagatik, bere lapur lagunak gela batean sartu zituen eta atea giltzapetu zuen.

Kapitaina neskatilarekin gelditu zen, bakar-bakarrik. Orduan neskak, irribarrez, hauxe esan zion:

- Kapitain Jauna, zuretzako oparitxo bat ekarri dut.

Eta gonen azpian zeraman makila atera zuen. Dinbi-danba, dinbi-danba, makiladaz Kapitaina ongi berotu zuen.

- Ni ez naiz neska, ez, ni bigantxaren jabea naiz -esaten zion Begainek.

Eta Kapitainak:

- Ez jo, ez jo! Diru kutxa bat emango dizut, baina ez nazazu gehiago jo.

Begainek Kapitainak emandako diru kutxa hartu zuen eta etxera joan zen.

Neskatxari jantzia itzuli zion eta sendagilearen etxera joan zen Begain.

- Egun on, sendagile jauna! Zaldi baten beharra dut. Zurea utziko al didazu?

- Noski, Begain -erantzun zion sendagileak—. Ukuiluan dago, har ezak.

Zaldia hartu zuen eta etxera joan zen. Han dotore-dotore jantzi zen sendagilearen antza hartuz.

Horrela jantzita, zaldiaren gainean, lapurren etxe aldera inguratu zen.

Lapurrek ikusi zutenean, beren etxera joateko eskatu zioten, Kapitaina gaixorik baitzegoen.

Beraz, Begain, Kapitainaren gelan sartu zen. Kapitain gaixoa, ohean zegoen, etzanda.

Begain begira-begira gelditu zitzaion eta oso serio honela esan zion:

– Norbaitek jo egin zaitu, eta horregatik zaude gaixorik.

- Bai, hala da. Dena asmatu duzu —esan zion harrituta Lapur Kapitainak.

- Nik badut honentzako erremedioa. Iturriotzen dauden belar batzuen ura hartu behar duzu, eta berehala sendatuko zara.

- Nire lagunak joango dira bila.

-Ederki. Nik bitartean ura prestatuko dut -esan zuen sendagileak.

Lapurrek alde egin zutenean, Begainek makila hartu zuen eta Lapur Kapitainaren gelan sartu zen.

- Belar hauek oso onak dira -esan zion Kapitainari-. Baina azkarrago sendatuko zara gorputza bero-bero izanez gero.

- Bai, sendagile jauna, zuk esaten duzuna egingo dut. Mesedez, jar ezazu beste manta bat ohe gainean.

- Ez dago beharrik, nik berotuko zaitut, erantzun zion sendagileak.

Eta makila hartuta Kapitaina gorri-gorri jarri zuen.

– Ai, ai! —esaten zuen Lapur Kapitainak, ahal zuenean-. Mesedez, sendagile jauna, erotu egin al zara?

– Ez naiz ni sendagilea -erantzun zion Begainek—. Ni bigantxaren jabea naiz, zuek lapurtu duzuen bigantxaren jabea.

- Ai, ai! Armarioan dago kutxa bat urrez beteta. Har ezazu, baina ez nazazu gehiago jo.

Begain, kutxa hartu eta bere etxera joan zen.

- Hara, ama —esan zion—, hemen duzu bigantxaren bigarren plazoa.

- Ederki, seme -erantzun zion amak.

Kutxa urrez beteta ikusi zuenean, eta oraindik beste plazo bat falta zela gogoan harturik, barrez esan zion Begaini:

- Hi komerziante ona egina hago! Garesti samar saldu duk…

- Esan nizun, ama, prezio onean emango nuela.

Herrian biolinjole bat bizi zen. Hanka arinak zituen biolinjoleak. Korrika inork ez zuen harrapatzen.

Goiz batetan, Begain biolinjole honen etxera joan zen. Atea joa zuen eta...

- Egun on! – Baita hiri ere. Zer behar duk, Begain?

Gertatu zitzaion guztia kontatu zion Begainek biolinjoleari. Bukatu zuenean galdetu zion:

- Hi, Lapurbiden dagoen etxe aurretik pasako al haiz kantari hire biolina joz?

– Bai, pasako nauk. Eta zer kantatu behar dut?

Begainek kantatu behar zuena adierazi zion. Biolinjoleari ongi iruditu zitzaion eta Begain eta biak ados gelditu ziren.

Biolinjolea lapurren etxe aurretik pasa zen biolina joz eta kantari. Lapurrak etxe barruan zeuden beren Kapitainarekin.

Musika entzun zuten, eta ohean zegoen Lapur Kapitainak galdetu zuen:

- Zer da kanpoan entzuten den musika hori?

- Norbait biolina jotzen eta kantatzen ari da.

- Eta zer ari da kantatzen? galdetu zuen Kapitainak.

— «Ni naiz bigantxaren jabea, ni naiz bigantxaren jabea».

– A, hori Begain da —esan zuen Kapitainak-. Harrapa ezazue, mutilak!

Eta denak korrika irten ziren kanpora, Kapitaina bakarrik utzita.

Begain kanpoan zegoen, ezkutatuta. Lapurrak korrika irten zirela ikusi zuenean, etxean sartu zen eta Kapitainaren gelara joan zen.

- Kaixo, Kapitain Jauna -esan zion irribarrez-. Hemen nauzu!

– A, esan zuen pozik Kapitainak. Nire gizonek harrapatu zaituzte, e?

- Ez, ez, ni bakarrik etorri naiz. Zure gizonak kanpoan daude, biolinjole baten atzetik korrika.

Eta hau esaten zuen bitartean, makila atera zuen eta Kapitain gaixoa dinbi-danba ederki astindu zuen berriro.

- Ai, ai, ai! -esaten zuen Kapitainak-. Nahikoa da, geldi zaitez, faborez.

– Bigantxa nirea zen, bigantxa nirea zen -esaten zuen Begainek Kapitaina jotzen zuen bitartean.

- Gelditzen zaidan diru guztia ematen badizut, bakean utziko al nauzu?

- Bai, utziko zaitut -erantzun zion Begainek. - Baina, betirako, e? -esan zuen Kapitainak - Bai, betirako.

- Hor armarioan daukazu urrez betetako zaku bat. Har ezazu eta zoaz hemendik. Ez zaitut gehiago ikusi nahi.

Begainek ere ez zuen Lapur Kapitaina gehiago ikusi nahi; beraz, zakua hartu zuen eta bere etxera joan zen.

Amari bigantxaren hirugarren plazoa eman zion.

Gero oso ederki bizi izan omen ziren Begain eta bere gurasoak.

Haiek ondo bizi izan baziren gu ere ondo bizi gaitezen.

MARTIXIO

Herritxo batetan Martixio izeneko zapatari txiki bat bizi zen.

Oso langilea zen, baina zapatari txarra. Ez zuen inoiz zapatarik behar bezala konpontzen. Azkenerako lanik gabe geratu zen. Inork ez zion zapatarik eramaten konpontzeko. Eta ez zuen jateko hainbat ere irabazten. Oso pobre bizi zen Martixio zapataria.

Egun batez eskale bat joan zen Martixioren etxera. Tan-tan, atea jo zuen.

– Nor zara? Zer nahi duzu? —galdetu zion Martixiok.

– Eskale bat naiz. Hiru egun hauetan ez dut ezer jan. Mokadutxo baten eske nator.

Martixiok ogi bat besterik ez zeukan etxean. Baina bihotz oneko gizona zen eta oso-osorik eman zion eskaleari.

Eskaleak buruan zeukan kapela eman zion hau esanez:

— Tori kapela hau. Hori buruan jantzita daukazun bakoitzean gauza guztiak asmatzeko gai izango zara.

Handik aurrera oso ospetsua bihurtu zen Martixio. Jende guztiak hari buruz hitz egiten zuen; gauza guztiak asmatzen baitzituen. Harriturik zeuden denak gizontxo haren jakinduriaz.

Erregeak ere jakin zuen zein asmatzaile ona zen Martixio. Eta bere jauregira deitu zion. Bazeukala gizon huraxe ezagutzeko gogoa esan zuen. Gizontxo hari buruz jendeak esaten zuena egia ote zen jakin nahi zuen erregeak.

Pozik joan zen Martixio erregearen jauregira. Gizon pobrea zenez, horrelako leku dotoreetan inoiz sartu gabe zegoen. Baina ez zuen uste ezer asmatu beharko zuenik eta kapelarik gabe joan zen.

Erregeak lehenengo proba jarri zion. Oso proba xelebrea, gainera.

Kaxa itxi bat jarri zion Martixiori aurrean. Kaxa hura kakaz beterik zegoen.

- Ea, Martixio! Asmatuko al zenuke kaxa honen barruan zer dagoen? -galdetu zion erregeak.

Martixiok ez zuen halako galderarik espero eta larritu egin zen; ez baitzeukan kapelarik buruan. Eta Martixiok, larritzen zenean, «kaka zaharra» esateko ohitura zeukan.

Martixio isilik egon zen denbora luzez kaxaren aurrean. Nola asmatuko zuen, ba, han barruan zer zegoen, ez zeukan kapelarik eta? Gero eta larriago zegoen. «Kaka zaharra», esan zuen haserreturik.

Erregeak kaxa irekitzeko agindu zuen. Barruan kaka zegoela ikusi zutenean, harriturik geratu ziren han zeuden guztiak.

- Asmatu egin du, asmatu egin du! —esaten zuen jendeak.

Eta izugarrizko festa antolatu zuten egun hartan jauregian.

Oso pozik zegoen Martixio. Bera zela munduko gizonik jakintsuena esaten zioten.

Baina erregeak beste probaren bat jarriko ziola pentsatzen zuen Martixiok. Eta etxera joateko baimena eskatu zion erregeari.

- Bai, bai, joan nahi baduzu. Baina azkar etorri! -esan zion erregeak.

Korrika joan zen Martixio bere etxera. Kapela jantzi zuen buruan eta laster zen berriro jauregian. Edozer gauza asmatzeko prest zegoen.

Jauregi hartako erreginak haurtxo bat espero zuen, haurdun zegoen. Erregeak alaba ala semea jaioko ote zen jakin nahi zuen. Martixiori galdetzea izango zela egokiena pentsatu zuen. Baita galdetu ere:

— Martixio, asmatuko al zenuke erreginak sabelean daukan haurra semea ala alaba izango den?

– Saiatuko naiz, saiatuko naiz -erantzun zion Martixiok.

Erregeak erreginari deitu zion. Martixiok hau esan zion erreginari:

- Zoaz hara, eta gero etorri hona. Erreginak Martixiok esandakoa egin zuen.

– Ez dakit, errege jauna! Hara doanean semea izango dela iruditzen zait eta hona datorrenean, berriz, alaba -esan zion Martixiok.

Erregea haserretu egin zen hori entzun zuenean. Gizontxo hura adarra jotzen ari zitzaiola pentsatu zuen.

— Nik ere badakit horrenbeste! —esan zion erregeak oso haserre-. Hori al da asmatzaile baten erantzuna? Zigortu egingo zaitut.

Eta Martixio gizajoa kartzelan sartu zuten. Kartzela beltz eta ilunean. Orduan jakin zuen Martixiok zein tristea den kartzelako bizitza.

Handik egun batzuetara bi haur izan zituen erreginak: semea eta alaba. Erregea eta erregina harriturik zeuden.

– Gizontxo horrek nola asma ditzake hain gauza zailak? —esaten zuten elkarri begiratuz.

Martixio kartzelatik ateratzeko agindu zuen erregeak.

Izugarrizko festa antolatu zuten ondoren jauregian.

– Aupa Martixio, aupa Martixio! —esaten zioten denek.

Erregea oso kezkaturik zegoen bere alabarekin. Oinetakoak puskatzen zituen gauero neskatilak.

– Nire alabak oinetakoak puskatzen ditu gauero. Asmatuko al zenuke non puskatzen dituen? —galdetu zion erregeak Martixiori.

Gau hartan erregearen alabak lo egiten zuen lekura joan zen Martixio eta zelatan jarri zen. Ezkututik begiratzen zion.

Gauerdian, «hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik» esan eta ziztu bizian irten zen erregearen alaba bere gelatik.

Martixio harriturik geratu zen. Hegan zihoan erregearen alaba.

Orduan, Martixiok, «hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik» esan zuen eta atzetik jarraitu zion erreginaren alabari. Nora joaten zen jakin nahi zuen.

Hala, erregearen alaba urrutiko errege baten etxera iritsi zen eta barrura sartu. Martixio ere bere atzetik sartu zen. Gertutik ikusi nahi zuen neskatxa hark zer egiten zuen gero erregeari esateko.

Erregearen alaba gau guztian dantzan ibili zen oinetakoak puskatu arte.

Goiz aldera, «hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik» esan zuen berriro erregearen alabak eta etxe aldera abiatu zen.

Martixio ere bere atzetik abiatu zen. Baina «sasi guztien gainetik» esan beharrean, «sasi guztien azpitik» esan zuen. Han joan zen Martixio gizajoa sasipetik sasipera. Gorputz guztia urraturik iritsi zen jauregira.

Martixiok erregeari kontatu zion ikusi zuen dena. Beste errege baten jauregira joaten zela gauero esan zion eta dantzan puskatzen zituela oinetakoak.

Herriko enparantzara eraman zuten erregearen alaba. Han egur bati lotuta jarri zuten. Sorgina baitzen.

Martixiori nahi zuen dena eman zion erregeak. Bera zen handik aurrera inguru haietako gizonik aberatsena.

Hori hala bazan sar dadila kalabazan

eta irten dadila Gasteizko plazan.


OTSOA ETA AZERIA

Otsoa eta azeria elkartu ziren behin batez. – Hau duk gosea hau! -esan zion otsoak.

– Neuk ere aspaldian ez diat ezer jan. Joango al gaituk biok jan bila? Ea zerbait lapurtzen dugun! Bestela gosez hilko gaituk.

Otsoari ongi iruditu zitzaion eta biak jan bila abiatu ziren. Azeriak bazekien nora joan.

- Begira, ikusten al duk horko baserri hori? Hor aurkituko diagu nahiko jan -esan zion azeriak otsoari.

Eta horrela gerturatu ziren baserri ondora.

Uda zen eta baserri hartako familia osoa belarrean zebilen. Etxetik urruti samar zebiltzan belarretan. Lanean jo eta ke ari ziren eta ez ziren konturatu baserrira lapurrak iritsi zirenik.

Etxe inguruan izugarrizko isiltasuna zegoen eta etxe barruan ez zegoen inor ere.

Otsoa eta azeria laster konturatu ziren baserrian inor ez zegoela.

- Zer moduzko tokia iruditzen zaik hau lapurretan egiteko? —galdetu zion azeriak otsoari buztana dantzatuz.

– Leku askotan ibili nauk lapurretan, baina hau bezalako toki egokirik ez diat inon aurkitu -erantzun zion otsoak hortzak zorroztuz.

Hori esan eta, tipi, tapa, tipi, tapa, otsoa etxe barruan sartu zen.

– Beldurtu egiten al haiz ala? Hator barrura, hemen ez zegok inor eta —deitu zion otsoak azeriari.

Baina azeria ez zen tontoa. Ez zen barrura sartu. Etxe inguruan buelta bat eman zuen eta etxe atzealdeko leihoan pertz bat ikusi zuen. Pertza ahiez beterik zegoen. Ahia, esnez eta irinez egindako janari goxo bat da. Leihora salto egin zuen eta muturra pertzean sartuz, jaten hasi zen. Baina aldian behin, burua kanpora ateratzen zuen norbait ote zetorren ikusteko.

Eta otsoa? Zer ote zebilen etxe barruan? Ikus dezagun.

Otsoak katua ikusi zuen sukaldeko txoko batean. Katua harrapatu nahirik abiatu zen etxe guztian zehar.

Baina otso gizarajoak ez zuen suerterik izan. Katuaren atzetik zebilela, baserri hartako familia osoa sartu zen etxera.

Etxean otsoa ikusi zutenean, atea itxi zuten lehenengo. Gero, eskuan zeuzkaten sarde eta eskuareak dantzatuz, izugarrizko paliza eman zioten otsoari. Saihets hezurrak hautsita bidali zuten etxetik. Saihets hezurrak hautsita eta lehen baino gose handiagoarekin.

Baina azeria ez zuten harrapatu. Ahia jaten ari zela, otsoaren garrasiak entzun zituen.

Leihotik salto egin eta tximista baino azkarrago ezkutatu zen etxe ingurutik. Buru gaina ahiez zuriturik gelditu zitzaion.

Barre egiten zuen bere artean otsoari gertatu zitzaiona pentsatuz.

Handik pixka batera, bidagurutze batean topo egin zuten azeriak eta otsoak. Otsoak esan zion azeriari:

- Ikusten duk nola nagoen. Hezur guztiak puskatuta utzi zizkidatek. Eramango al nauk bizkarrean?

Azeriak, bere burua erakutsiz, erantzun zion:

- Hiri hezurrak puskatu dizkiate baina niri barruko muinak atera zizkidatek. Ni hi baino okerrago nagok. Hik eraman behar nauk ni bizkarrean.

Eta biak eztabaidan hasi ziren.

Otsoak ez zuen azeria bizkarrean eraman nahi eta azeriak ere ez otsoa.

Horrela zeudela, gizon bat pasatu zen handik. Eta gizonari galdera hau egin zioten.

- Aizu, gizon, zer da okerragoa, hezurrak puskatuta edukitzea ala muinak burutik kanpora irtenda edukitzea?

Orduan, gizonak honela hitz egin zuen:

- Ni ez naiz sendagilea, baina galdera horri erantzutea oso erraza da. Begira, hezurrak, puskatuta konpontzen dira; baina buruko muinak kanpoan dauzkana hil egiten da, hori ez dago sendatzerik. Nahiago dut hezurrak puskatuta eduki muinak burutik kanpora eduki baino.

- Nik ere horixe esaten nuen. Mila esker, gizon! -esan zion azeriak gizonari pozaren pozez.

Otsoa oso haserre jarri zen. Ez zitzaion gustatu gizonaren erantzuna.

Azeriak esan zion:

– Aditu al duk zer esan digun gizonak? Nire zoritxarra hirea baino handiagoa duk. Niri tokatzen zaidak hire bizkarrean joatea.

Otsoak burua makurtu zuen eta ez zion ezer erantzun. Orduan, azeriak, otsoaren bizkarrera salto egin zuen.

Han zihoan otso gizarajoa azeria gainean zuela. Otsoaren hezurrek, krik, krak, krik, krak, egiten zuten. Hankak arrastaka zeramatzan. Azeriari otsoaren sufrimenduak ez zion penarik ematen. Otsoari honela burla egiten zion:

Azeri txomoletero

ahia jan eta putza bero

otsoaren gainean kaballero.


Azeriak bide ondoko zuhaitz baten ipurdian zeukan bere gordelekua. Gordelekuaren ondora iritsi zirenean, azeriak bere azken-agurra kantatu zion otsoari.

Azeri txomoletero

ahia jan eta putza bero

otsoaren gainean kaballero.


Gero, otsoaren gainetik salto egin zuen eta bere ezkutalekuan sartzen hasi zen.

Otsoa gero eta haserreago zegoen. Bere bizkarretik salto egin eta azeria ezkutalekura zihoala ikusi zuenean, pentsatu zuen:

«Honaino bizkarrean ekarri haut. Bidean barrezka eta burlaka etorri haiz. Orain ihesi al hoa? Ez duk ba ihesik egingo, nazkagarri horrek. Ikusiko duk."

Eta otsoak azeriari buztanetik heldu zion. Ez zion zuloan sartzen utzi nahi. Azeriak gorputza zuloan sarturik zeukan; baina buztana otsoaren atzaparretan. Bere indar guztiz ahalegintzen zen otsoaren atzaparretatik ihes egiten.

Otsoak azeriak baino indar handiagoa zeukan. Azeriaren indarrek ez zuten balio otsoari ihes egiteko. Orduan, azeriak otsoa engainatzea pentsatu zuen, eta horrela hitz egin zion:

– Ja, ja, ja! Otso tontolapikoa! Hi ez hago burutik sano. Ba al dakik zertan ari haizen? Nire buztana heldu ordez, zuhaitz baten zuztarrari heldu diok. Eta ez haiz konturatu ere egin. Nik esan ez banik, horrelaxe egongo hintzen egun osoan.

Otso tontolapiko hark sinetsi egin zuen azeriak esan ziona. Azeriaren buztana utzi eta zuhaitz baten zuztarrari heldu zion gogor eta estu.

— «Orain ez duk ihesik egingo, ez. Alferrik ibiliko haiz» -pentsatu zuen bere artean.

Baina otsoa zuhaitz zuztarrari tiraka ari zen bitartean azeria bere zuloan ezkutatu zen.

Orduan bai lasai barre egin zuela azeriak: – Ji, ji, ji, ja, ja, ja!

Azeriaren barrea entzun zuenean, otsoak, orduan eta gogorrago heltzen zion zuhaitzaren zuztarrari. Baina azeriak ez zuen minik hartzen. Gero eta barre algara handiagoak egiten zituen. Nahiko barre egin zuenean esan zion otsoari:

- Baina ez al haiz konturatzen zertan ari haizen? Nire buztana delakoan, zuhaitz baten enborrari tiraka ari haiz! Proba ezak ea zapore ona daukan!

Orduan konturatu zen otsoa esku artean zeukana zuztar lodi bat besterik ez zela.

Haserre eta burumakur alde egin zuen handik otsoak.

Hori hala bazan sar dadila kalabazan

eta irten dadila Gasteizko plazan.

PATXI ERREMENTARIA


Patxi Errementaria oso gaiztoa zen. Horregatik, Zart deabrua bere bila joan zen.

  • Oso gaiztoa zara, Patxi, eta infernura eramango zaitut.

  • Bai. Baina lehenago gosaldu egingo dugu.

Bukatu zuten gosaria, baina Zart ezin zen altxa. Patxi gaiztoak bikea jarri zion aulkian, eta Zart deabrua erantsita zegoen. Horrela, hiru urte egon zen aulkian.

Orduan beste deabru bat joan zen Patxiren bila. Deabru hau Axut zen.

  • Oso gaiztoa zara, Patxi, eta infernura eramango zaitut.

  • Bai. Baina lehenago gosaldu egingo dugu, jarri mahaian.

  • Ez, ez naiz jarriko.

  • Orduan etzan ohean.

  • Bai, hori bai.

Baina ohean ere bikea zegoen, eta erantsita geratu zen Axut deabrua. Horrela hiru urte egon zen ohean.

Orduan, hirugarren deabru bat joan zen Patxiren bila. Deabru hau Gatz zen.

  • Oso gaiztoa zara, Patxi, eta infernura eramango zaitut.

  • Bai. Baina lehenago jan egingo dugu. Jarri mahaian!

  • Ez, ez naiz jarriko.

  • Etzan, ba ohean!

  • Ez, eskerrik asko.

  • Orduan, joan pikuak jatera!

  • Bai, hori egingo dut.

Baina pikondoan ere bikea zegoen, eta Gatz gizarajoa erantsita geratu zen. Horrela hiru urte egon zen, eta haurrek harriak botatzen zizkioten.

Patxi hil egin zen. Eta orduan, infernura joan zen.

  • Kax-kax kax.

  • Nor da?

  • Patxi errementaria naiz.

Orduan deabru guztiek atea itxi zuten. Patxi haserre zegoen. Deabru bati begia atera zion. Beste deabru bati belarria atera zion. Deabruek ez zuten Patxi maite. Orduan, zerura joan zen.

  • Kax-kax kax

  • Nor da?

  • Patxi Errementaria.

  • Patxi Errementaria? Oso gaiztoa zara, eta ez zara zeruan sartuko.

Baina emakume bat zegoen zeruan, eta hau esan zion San Pedrori:

  • Patxi oso ona da.

Orduan Patxi zeruan sartu zen.

SORGIN GAIZTOA

Aita, ama eta semea bizi ziren herri txiki batean. Amak egunero eramaten zuen bere semea paseatzera. Amaren izena Kattalin zen, eta semearen izena Urtzi. Behin batean Kattalin eta Urtzi eserita zeuden. Atso zahar bat etorri zen, eta esan zion Kattalini:

  • Nahi al duzu ile hori orraztea?

Eta Kattalinek erantzun zion:

  • Ez, eskerrik asko!

Atso zaharrak esan zion orduan:

  • Ile hori oso nahastuta daukazu. Momentu batean orraztuko dizut.

Eta andre gazteak, orduan baietz esan zion. Atso zahar hura sorgina zen. Oso sorgin gaiztoa, gainera. Lehenengo orrazten hasi zen. Gero “zazt”, eta orratz bat sartu zion buruan. Kattalinek min hartu zuen, eta garrasi handi bat egin zuen. Orduan, Kattalin uso bihurtu zen, eta hegan hasi zen. Sorgina oso pozik zegoen.

Urtzi amari deika hasi zen:

  • Ama, ama! Non zaude?

Orduan esan zion sorginak:

  • Ni naiz zure ama. Lasai egon.

Sorgina zuhaitzaren azpian eseri zen. Bidetik jende asko pasatzen zen. Jendeak ez zuen ezagutzen atso zahar hura. Eta atsoari galdetu zioten:

  • Aizu, nor zara zu?

  • Ni? Mutikoaren ama naiz ni.

  • Baina mutiko horrena ama gaztea da, eta zu oso zaharra zara.

  • Bai, badakit. Sorgin gaizto bat agertu zait, eta zahartu egin nau.

Jendeak sinistu egin zuen. Gero, atso zaharra, andre gaztearen etxera joan zen mutikoarekin. Kattalinen arropak jantzi zituen, eta bertan gelditu zen etxekoandre. Aitak asko maite zuen bere semetxoa. Baratzera eramaten zuen paseatzera. Askotan, uso txuri polit bat agertzen zen baratzean. Baina atso zaharrak usoa bidali egiten zuen. Aitak usoa harrapatu nahi zuen, baina bizirik. Sorginak ez zion usoa harrapatzen uzten.

Aitak ez zion atso zaharrari kasurik egin. Sare bat gainera bota zion usoari, eta harrapatu egin zuen. Gero, eskuekin laztantzen hasi zen. Buru gainetik eskua pasatu zion, eta orratz bat ikusi zuen. Poliki-poliki atera zion orratza. Eta orratza atera zionean… Kattalin agertu zen berriro. Aitak segituan ezagutu zuen bere andre ederra. Eta elkar besarkatu zuten.

  • Ai matia!

Amak gertatutako dena kontatu zion aitari.

  • Uf eta hau gertatu da.

Atso zahar hura sorgina zela konturatu ziren orduan.