5.1 JARDUERA

Nafarroako Ollo bailarako Goñi herrian sarera konektatutako instalazio fotovoltaiko bat ezartzeko ikerketa txiki bat egitea eskatu dizu bertako udalak. Udalak ezertarako erabiltzen ez diren lur sailak ditu, eta horietako batean 100 kWp -ko instalazio bat ezartzeko lehen kalkuluak jakin nahi ditu. Urtean zenbat energia sortuko luketen eta horrek zenbateko diru-sarrera ekarriko liokeen jakin nahi du, zehazki. Zuk erantzun azkar bat eman ahal izateko PVGIS ( Photovoltaic Geographical Information System) dohainezko on-line plataforma erabili duzu.

http://re.jrc.ec.europa.eu/pvgis/apps4/pvest.php?lang=es&map=europe

Baliabide horrek kontuan hartzen ditu sistema osoaren galerak eta, aukeratu dugun tokiko irradiazioaren arabera, guk emandako parametroekin hainbat kalkulu egingo dizkigu.

Parametroak:

Herria: Goñi (Nafarroa).

Potentzia: 100 kWp (200 Wp-ko 500 modulu).

Kokagunea: posizio librea, 1000 m2 inguruko lur-eremuan.

Sistemaren galerak: % 14

Norabidea edo azimuta: 0º (hegoaldea).

Modulu-mota: silizio kristalinoa.

Moduluen inklinazioa: ahalik eta onena (sarera konektatutako instalazioetan latitudea – 10º).

Eguzkiaren jarraipen ardatzak: bat ere ez, egitura finkoa izango da diru-inbertsioa murrizteko. Parametro horri dagokionez, bigarren kalkulu batean 2 ardatzen jarraipena aukeratzen baduzu, ikusiko duzu energia ekoizpenean dagoen aldea.

Kalkulatu urtean ekoizten den energia kWh-tan eta ikertu egungo legediarekin urtean zenbateko diru-sarrera gordina lortuko litzatekeen. Datu horrekin jakingo dugu egin beharreko inbertsioa zenbat urtetan berdindu ahal izango dugun eta hortik aurrerako urteko mozkinak zenbatekoak izango diren.