Sarrera


Ezkerraldea, izan zirelako gara unitatea Batxilergoko edozein ikasle-talderekin landu badaiteke ere, esan behar da Ezkerraldeko ikasleentzat eta Euskara eta Literatura arlorako sortutako unitatea dela. 

Ezkerraldeko ikasleei, sarritan, arrotzak eta urrunak gertatzen zaizkie Euskara eta Literatura arloko material gehienetan agertzen edo aipatzen diren tokiak, ohiturak edo hizkuntza bera, eta erabiltzen diren bideo, testu, audio, argazki eta jolasak. 

Unitate honek uztartu egin nahi ditu ikasle horien mundua eta euskara; Ezkerraldeari buruzko hainbat topiko apurtu eta hizkuntza bereago senti dezaten lortu nahi du. 

Erreportajea idazten ikasiko dute, eta, horretarako, Ezkerraldeari buruzkoak izango dituzte ikasmaterial guztiak. Unitatea bera formatu digitalean eskaintzen zaie ikasleei, eta hala sortu beharko dute ikasleek ere eskatzen zaiena. 

Ikaslearen esku Sitea jarri da: hiru fasetan antolatutako 12 jarduera nagusi ditu. Hasierako fasean ikaslea programazioan jasotako konpetentziekin erlazionatutako egoeran kokatuko da. Garapen-faseko jarduerek konpetentziek eskatutako eduki-baliabideak eta bestelako baliabideak bereganatzen lagunduko diote. Amaierako fasean, berriz, ikasleak eduki-baliabideak transferituko ditu, eta konpetentziak garatzea lortu duela frogatuko du. 

Irakaslearen lana errazte aldera, gida honetan programazio didaktikoa, zenbait ariketaren erantzunak eta ikasleen ebaluazioa egiteko errubrika jasota daude.