(2025-08-28an, osteguna)
Gaurkoan, abuztuak 28, Babia bailarako San Emiliano herrira etorri gara. Eguraldi freskoa baino nahiko atsegina izan dugu. Oskarbia eta laino batzuek tarteko, 9etan eman diogu ibilbideari hasiera. Ibilbide hau Babiako ederrenetako bat bezala jotzen dute.
Egia da edozein puntutan 360ºtan edo buelta osoan ikuspegi ederrak dituela eta hortaz gozatu dugu.
Punturik altuena La Molestina gainean genuen eta gero izenik gabeko tontor bat ere igo dugu. Bueltakoa Puerto de Naves ondotik eta El Robezo-ko ibarretik egin dugu, bukaeran pista bat hartuz. Ikusgarriak dauden larreak eta zein ondo dagoen bertan dabilen ganadua, zaldiak eta behiak batik bat.
Bazkaria San Emilianora iritsi aurretik errepide ondoan dagoen atsedenleku batean eginez pasa dugu gaurkoa.
Ibilbidea eta denborak:
San Emiliano (hasiera)(1.205 m), Kanposantua (1.216 m; 0,5 km; 0,15), Alberca de Alhama erreka (1.270 m; 1:50 km; 0:35), Gaina (1.380 m; 2 km; 0:50), Begiratokia (1.500 m; 2,95 km; 1:15), La Molestina gaina (1.739 m; 5,5 km; 2:35), Izenik gabeko tontorra (1.727 m; 6 km; 2:50), Puerto de Naves ibarra (1.630 m; 6,25 km; 3:05), El Robezo ibarra (1.680 m; 6,85 km; 3:15), Pista (1.470 m; 9,9 km; 4:15), Burdin hesia (1.340 m; 10,9 km; 4:30), Atsedentokia (bukaera)(1.160 m; 13,5 km; 5:10).
Desnibel metatua: Igoeratan: 790 m; jaitsieratan: 760 m.
San Emiliano - San Emiliano (Ibilaldi motza)
Goizeko bederatzietan 9 lagun abiatu gara Santu Michanu (leonesez) edo San Emiliano (gazteleraz) herritik giro freskoarekin. Inguru ederra dauka herri honek eta gure tertulitxoak eginez iritsi gara Peña Castrora (1429 m). Itzulera San Emilianoren beste aldetik egin dugu. Bukatzeko, herrian dagoen zikoinen behatokira igo gara.
Bazkaltzeko tokia herritik km batera dagoen atsedenleku batean geneukan eta haruntz joan gara prestatzera; talde nagusikoak etorri direnean elkarrekin gustora dastatu dugu guztia!!!!
Luzera: 10,230 km
Mapa
Profila
Aireko bista
San Emiliano herrian abiatzeko prestatzen
Eguraldiaren iragarpenak direla eta, aurreikusitako ibilaldiak utzi eta beste bi berri antolatu behar izan dira. Gaurkoan, bada, San Emiliano herrira etorri gara (Santu Michanu Leongo eta Asturiasko patsuezu hizkeran). Babiako lurretan gabiltza eta horietan egingo ditugu ondorengo bi ibilaldiak ere. Herriaren erdian utzi gaitu autobusak eta hantxe egin ditugu abiatu aurreko prestaketak.
Talde osoa bitan banatu aurretik
San Emilianotik elkarrekin abiatu gara denok mendi aldera. Metro batzuk egin ostean, talde osoaren argazki dotore hau egin dugu, bi taldetan banatu baino lehen. Eguraldi ederra dugu eta atzealdean han ageri dira Ubiña mendi ikusgarriak. Talde nagusiak hemen ikusten den bidetik aurrera egin du; B taldeak, aldiz, hemendik eskuinaldera doan beste bide bat hartu du.
Lekuko bereziak
Talde nagusikoak hasi gara abiatu garen herria atzean uzten. Han, urrunean, ageri da San Emiliano. Eguzkitan aurrera goazela, lekuko bereziak topatu ditugu: larrean dabilen zaldi-saila. Hauek ere gustura daude, gu inguratzean zerbait aztoratu badira ere. Gu saiatu gara haiei inolako eragozpenik eragin gabe aurrera egiten, eta lortu dugulakoan nago.
Ubiña mendiak begi bistan ditugula
Bidea tentetu egin zaigu eta ilaran jarrita goaz goranzko bidean. Ubiña mendiak begi-bistan ditugula, giro bikaina dugu mendian ibiltzeko. Ubiña mendietan handienak (2.417 m) txapela du tontorrean eta ezkutaketan ari dela ematen du: orain azaldu, orain ezkutatu. Bidea ere erosoa denez, egunaz gozatzen ari gara.
Mendian gora...
(…haritza, dio kantuak) Tarteka atsedenaldi batzuk eskaintzen ditu gaurko ibilaldiak. Leku laiotzak eta eguterak tartekatuz, mendiarte atseginean goaz goiko mendien bila. Egia esan, nahiko bide lausoa da eta erne ibili behar da; gure gidariak bezperan prestatu behar izan zuten ibilaldi hau eta haien lanari esker asko erratu gabe egin dugu aurrera.
Zulo ikusgarria mendi tontorrean
Ezker-eskuin holako opariak eskaintzen dizkigute bide ertzetako mendiek. Gaurkoan ez gara iritsi aurreko egunetako adinako leku garaietara, baina ikuskizuna parekoa izan da. Laster, aldapa tentetuko zaigu gaurko mendi altuenera bidean, baina hura baino lehen atsedenaldi txiki bat egin eta indarrak hartzea komeni zaigu. Gu bakarrik ez, gure inguruko zaldiak ere hantxe ari dira larrean.
La Molestina menditik jaisten
Hamaiketakoa egin orduko, denok ilaran jarrita La Molestina mendira (1.739 m) igotzeari ekin diogu. Tontorrean harri-pila bat dago eta gerrako lubaki antzeko bat ere bai. Hantxe egin dugu haraino igotako taldekideon argazkia, handik jaisten hasi baino lehen. Leku harritsua denez, kontu handiz jaitsi gara, erorikoren bat izanez gero, ondorioa ez baita gozoa izango.
San Emilianora itzultzen
Molestinatik jaitsi eta izenik gabeko baina garaiera bertsuko (1.736 m) beste tontor batera igo gara. Mendi artean jarraitu eta El Robezo ibarretik Naves errekara jaitsi gara; lehen zaldiak bezala, orain behiak izan ditugu gure ibiliaren lekuko. Bide belartsua pista harritsua bilakatu zaigu segidan, San Emiliano herria bistaratzen hasi zaigunean. Santu Michanu herritik, berriz, kilometro inguruko bidea egin behar izan dugu espaloitik, B taldekoek bazkaria prestatu duten tokiraino.
B taldea maldan gora
Talde osoaren argazkia egin orduko, B taldeko kideak (gaurkoan 9 lagun) beste bide batetik aurrera egin eta Peña Castro tontorrera hurbildu dira. Gero, mendiaren beste aldetik, itzulerako bidea hartu dute goizean abiapuntu izandako San Emiliano herriraino.
B taldea San Emilianoko begiratokian
San Emilianora itzuli eta hango begiratokira igo dira B taldeko kideak. Handik, herria ez ezik, amiamoko edo zikoinen habiak ere bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte. Gero herriaren kanpoaldera joan behar izan dute, hango atsedenlekuan talde osoarentzat bazkaria antolatzera.
Bideoa
Estekak/Enlaces