(2025-08-27an, asteazkena)
Gosaldu ondoren, goizeko 8etan irten gara La Cueta herrira autobusez. Leku estu batzuetatik pasa ondoren, 9ak aldera hasi gara oinez. Eguraldi estalia baino garbia izan dugu. Sil bailaran goraka, Covalancha txabola ondotik eta gero Cuetalbo mendiaren albotik igo gara Peña Orniz tontorrera.
Bueltako bidean, Sil ibaiaren jaiotzako iturburuetatik igaro eta gero, hor ginen La Cueta herrian berriz, bost ordu eta laurden pasa ondoren.
Deskuiduak ordaindu egiten dira eta gaur ogirik gabeko janaria izan dugu (hotelean gelditu da).
Ibilbide motzekoak gaur ere dena prest zuten gu iritsi aurretik eta hori eskertu egiten dugu.
Ibilbidea eta denborak:
La Cueta (hasiera) (1.460 m), Bustusilgo zubia (1.550 m; 2 km; 0:35), Covalancha saroia(1.758 m; 4 km; 1:10), Orniz lepoa (2.020 m; 6,5 km; 2:20), Orniz gaina (2.190 m; 7,2 km; 3:00), Sil ibaiaren iturburuak (1.900 m; 8:95 km; 3:50), Covalancha saroia (1.750 m; 10,95 km; 4:25), Abeseu saroia (1.645 m; 11,8 km; 4:40), Bustusilgo zubia (1.550 m; 13,2 km; 5:00), La Cueta (bukaera) (1.460 m; 14,6 km; 5:20).
Desnibel metatua: Igoeratan: 870 m; jaitsieratan: 860 m.
La Cueta - Sil bailara - La Cueta (Ibilaldi motza)
La Cueta (1460 m) Leongo herririk altuenera goizeko 9ak aldera iritsi gara. Bederatzi lagunek aldapari ekin diogu eta eta errekatxoa pare bat alditan zeharkatu Covalanchako artegira iritsi gara. Aurrera jarraituaz Sil ibaiaren iturburuak zapaldu ditugu; batzuek lehortearen ondorioz agortuta daude eta beste batzuek emari hobea dute. Hamaiketakoa refugioan egin ondoren itzulerako bideari ekin diogu. Herrira iritsi garenean, bertako eliza ikusi eta harrizko hartzei argazkiak atera ostean bazkaria prestatu dugu.
Luzera: 13,2 km
Mapa
Profila
Aireko bista
Gaurko abiapuntua, La Cueta herria
Leongo Babia eskualdeko herria da gaurko abiapuntua: La Cueta. Babiakoa ez ezik, Leon probintziako herririk garaiena ere bada La Cueta (1.460 m). Villablinotik hara joatea, ordea, ez da erraza, batez ere autobusez joanez gero. Bizpahiru gunetan errepidea estutu egiten da, baina gidari trebeari esker eta gure kide batzuen laguntzarekin inolako eragozpenik gabe heldu gara. Herriaren sarreran, Sil ibaiaren gaineko zubiaren inguruan azken prestaketak egin eta mendia gora abiatu gara.
Sil ibaiaren ondotik gora
Sil ibaia izango da gaurko ibilaldiko protagonista handienetako bat. Haren ondoan joan gara tarte luze samarrean eta haren inguruan ibiliko gara ia ibilbide osoan. Bide zabal eta erosoan goaz mendian gora ibai horren iturburuen bila. Iturburu asko ditu, ordea, eta ez da erraza zehaztea zein den horietan nagusia. Bideko seinaleak direla eta, une batez taldea bitan zatitu da, baina laster elkartu eta guztiok batera jarraitu dugu Peña Orniz mendi aldera.
Basa-ahuntzak gugandik ihesi
Poliki-poliki hurbildu gara goiko mendietara. Une batez hamaiketakoa egitera gelditu eta, gu ikustean, inguruan zebiltzan basa-ahuntzak aztoratu egin dira. Ezkerrera nahiz eskuin aldera, gora edo behera, hura txinparta erakutsi digutena. Ikuskizun aparta inolako dudarik gabe. Ez du asko iraun eta, hamaiketakoa amaituta, berriro gure bideari ekin diogu, nahiko gertu baitugu gaurko tontorrik garaiena.
Tontor aurreko azken aldapa
Kantauriar mendikatean gabiltza, Leongo mendietan. Argazki honetan eta gainerakoetan (begiratu beheko Argazkiak atalean) garbi ikusten da ingurune honetako handitasuna eta edertasuna. Horien artean aurkitu dugu tontorrerako bidea eta hor goaz emeki-emeki eta arreta handiz ezbeharrik ez izateko. Bidea egoera onean egon arren, toki hauetan komeni izaten da arduratsu jokatzea.
Peña Orniz mendiaren gailurrean
Lortu dugu tontorrera heltzea. Argazkian ez da aurpegi tristerik ageri. Denok pozik. Leon eta Asturias arteko mugan gaude. Mendi honen Leongo zatia Babiako parke naturalean dago eta bere erraietatik sortzen da Sil ibaia. 2.191 metroko garaierarekin, Peña Orniz mendia erpin hidrografikoa ere bada, bere magaletatik irtendako urak Miñora ez ezik, Duero ibaira edota Kantauri itsasora ere bai baitoaz.
Sil ibaiaren iturburuetan
Gustura egon gara Peña Ornizen gailurrean, baina itzultzeko garaia ere bada. Goitik beherakoan, hasieran berriro tentuz ibili behar izan dugu eta goiko maldak jaitsi ostean lasaiago. Zoru oneko bidean gabiltza eta laster ikusi ditugu Sil ibaiaren iturburuak izan daitezkeen errekastoak. Sigi-saga doaz gure bide berean arro handiagoen bila.
Covalancha-ko aterpean
Ganadua ere badago goiko larre hauetan. Covalancha izeneko saroian, aterpe txiki bat ere badago eta han, inguruan, behi sail handia topatu dugu. Gero goitik behera jarraitu dugu, Sil ibaiko urak bezala. Ibaiari jarraituz iritsi gara abiatu garen La Cueta herrira. Badirudi 2015. urteko otsailean herri honetan balkoietarainoko elurra egin zuela. Ez zen giro izango! Alde ederreko eguraldia izan dugu guk gaurkoan.
B taldekoak ere Covalanchako aterpean
B taldeko kideak ere heldu dira ttipi-ttapa Covalanchako aterpera. Gero inguruan dagoen leize-zulo batera hurbildu dira, goitik behera La Cueta herrira arteko bidea hartu baino lehen.
B taldeko emakumeak errekatxoa zeharkatzen
Gorakoan nahiz beherakoan, B taldeko lagunek errekatxo hau zeharkatu behar izan dute. Argazkietan ikusten denez (hemengo honetan ere bai), inolako arazorik gabe jarraitu ahal izan dute.
Amaieran, abiatutako leku berean
Talde nagusikook La Cuetara itzuli garenerako, B taldekoek prest zuten bazkaria eta giro paregabean bazkaldu dugu denok elkarrekin (deskuidu txiki bat tarteko, gaurkoan ogirik gabe). Gero astia izan dugu herria elkarrekin bisitatu, kontu-kontari aritu eta, Villablinora itzuli aurretik, honelako argazki dotoreak ateratzeko. Itzulerako bidea hobeto ezagutzen genuenez, leku estuenak tentuz zeharkatu eta inolako arazorik gabe itzuli ahal izan gara gure ostatura.
Bideoa
Estekak/Enlaces