(2025-08-29an, ostirala)
Gaurkoan asteko azkeneko ibilaldia egin dugu. Laino batzuk eta haize pixka bat tarteko heldu diogu ibilaldiari.
Autobusak LE 481 errepidean utzi gaitu (La Ventana-ko portuan, Torrebarriotik kilometro pare batera). Pistan aurrera egin eta alanbrezko itxitura batzuk pasa ondoren heldu diogu aldapari. Hasieran leku nahiko traketsa pasatuta gero, gora igo ahala garbitzen joan da mendia, goiko larreetaraino iritsiz.
Ubiña mendizerraren alboan aurkitzen gara. La Pierna txabola pasa, dena zeharka joan eta Peña las Cuevas izeneko mendia igo dugu. Aurrera jarraituz, Txabola eder baten parera iritsi eta dena jaitsierako bidea izan dugu; amaieran, San Claudio eliza bisitatu eta Torrebarrio herrian bukatu dugu, aska batean freskatua hartuz.
Gaur ere bazkaria prest gure lagunei esker.
Ibilbidea eta denborak:
LE 481 errepidea (hasiera) (1.306 m), Vachalacha errekastoa (1.334 m; 1,5 km; 0:20), La Cruz de los Arrequeros erreka (1.371 m; 2,7km; 0:45), La Pierna-ko etxola (1.700 m; 4,4 km; 1:35), Peña las Cuevas (1.829 m; 7,4 km; 3:00), Etxola (1.730 m; 8,6 km; 4:35), Los Muriales errekastoa (1.740 m; 9,4 km; 4:40), Torrebarrio (bukaera)(1.240 m; 13,3 km; 4:50).
Desnibel metatua: Igoeratan: 690 m; jaitsieratan: 750 m.
Torrebarrio - Torrebarrio
Laugarren irteeran ibilaldi luzekoak La Ventana portuan utzi ondoren, gu 11 ibiltari, Beheko Torrebarrio deitzen den herrira itzuli gara gure ibilaldiari hasiera emateko. Hemendik LE-481 errepidea gurutzatu eta ibilbidea jarraituaz Goiko Torrebarriora iritsi gara. Jarraian, Villar de Murias bailaran izendatuta geneukan gune batera iritsi arte. Hasi gera gunera itzuli eta artean goiz xamar zenez, Villar de Murias-koa ezik, beste zatia errepikatu egin dugu.
Ordu biak aldera etorri da beste taldea eta egunero bezela, umore onean bazkaldu dugu.
Luzera: 11,2 km.
Mapa
Profila
Aireko bista
Torrebarrio ingurutik abiatzen
Babiako Torrebarrio herrixkatik kilometro pare batera edo utzi gaitu gaurkoan autobusak, La Ventana izeneko mendatearen hasieran. Egonaldi honetako azken ibilaldiari eguraldi lainotuarekin ekin diogu, baina ibilgiro apartarekin. Hasi eta berehala, inguruan ganadua zaintzen ari zen zakur bat gehi zaigu taldera eta gurekin egin du ibilaldia guztia.
Garai bateko ikatz meategien aztarnak
Ez da bidean aurkitu dugun zakur bakarra izan. Hasiera honetan, ganadua zaintzen ari ziren beste zakur batzuk zaunka hasi zaizkigu, baina arazo handirik gabe jarraitu dugu aurrera. Leongo eskualde hauetan ikatz meategi ugari izan ziren garai batean, baina gaur egun horien aztarnak besterik ez dira ikusten. Argazki honetakoak, esate baterako.
Oztopo guztien gainetik
Ibilaldia hasi eta aurrera goazela, zenbait hesi gainditu behar izan dugu. Hurrena bidea estutu eta trakestu egin zaigu, baina oztopo guztiak gaindituta bide erosora heldu gara. Handik aurrera, maldan gora izan arren, bide ona izan dugu. Hori bai, mendiz inguraturik uneoro: mendiak aurrean, mendiak atzean, mendiak ezkerrean nahiz eskuinean. Mendiak alde guztietan.
Peña las Cuevas mendian
Mendi magalean egin dugu, zehar-bidean, hurrengo tarterik handiena. Bidezidor estuetan ibili gara, malkarrak gure azpian ditugula, baina eragozpenik gabe egin dugu denok aurrera. Mokadutxo bat jan ondoren, indarberriturik ekin diogu eguneko mendi-tontorra igotzeari. Laster iritsi gara, bada, Peña las Cuevas izeneko mendi-gailurrera. Hantxe egin dugu igotako mendizaleon argazkia, taldekide berria gurekin dugula.
Aurrez aurre Ubiña mendi ikusgarria
Peña las Cuevastik jaitsi eta Ubiñas mendiaren magaletik jarraitu dugu. A ze ikuskizuna! Zenbat argazki atera ote diogu! Begiak zabal-zabalik ditugula, bidean aurrera egin dugu; hura gozamena! Izugarriak dira, halaber, higadurak eragindako hango harrikariak. Zenbat urte behar izan ote ditu horrelako harri-pilaketa burutzeko. Auskalo! Txabola baten ondotik ere igaro gara, beherako bidea hartu aurretik.
Talde nagusiko emakumeak
Bagoaz Torrebarrio herrirantz. Jendea lasai doa, kontu-kontari, inguruko edertasuna miretsiz. Taldearen beraren edertasuna ere ez da nolanahikoa; hona hemen horren adibidea. Emakume mendizaleak pozik ageri dira, ibilaldiaz gozatzen ari diren seinale. Laster helduko gara gaurko helmugara, baina aurretik beste geldialdi bat egiteko aukera izan dugu.
Torrebarrioko San Claudio elizaren ondoan
Hurrengo geldialdi hori Torrebarrioko San Claudio elizaren inguruan egin dugu. Muino baten gainean dago, herriaren kanpoaldean, oso leku dotorean. Badirudi eliza hau eraikitzeko lehenago toki berean egondako gaztelu zaharraren harriak erabili zituztela. Taldearen argazki batzuk atera eta Torrebarrioraino jaitsi gara, non aska bat izan dugun nahi duenak freskatu eder bat hartzeko.
B taldekoak Peña las Cuevas mendiaren magalean
Talde nagusiak 13 kilometro pasatxoko ibilaldia egin bitartean, B taldekoek ere 11 kilometro pasatxokoa egin dute. Hemen atseden hartzen ageri dira, talde nagusikoek igo duten Peña las Cuevas mendiaren magalean. Argazkian ikus daitezke mendiaren izenari dagozkion leize-zuloak.
Dira, dira...
(…zezenak dira) Torrebarrion zebiltzala, B taldeko kideek honako idisko edo zezen honekin egin dute topo. Itxura denez, hesituta dago eta eskerrak. Guk ere ikusi ditugu abereak mendian, zaldiak eta behiak gehienbat, ia bide guztian taldearekin batera etorri den zakurraz gain.
B taldea txintxo-txintxo bazkaria prestatzen
Astean zehar egin duten bezala, B taldekoek bazkaria prestatu dute, gero denok elkarrekin bazkaltzeko. Eskertzekoa da egin duten lan hori guztia. Antolaketa onaren emaitza ere bada; beraz, antolatzen eta lanean aritu zareten guztioi: bejondeizuela!!!
Caboalles de Abajo herriko meategiak
Iritsi zaigu maletak egin eta etxera itzultzeko garaia. Gustura egon gara Villablinon eta gustura hango Francisco Giner de los Rios ostatuan. Goierrirantz abiatu baino lehen, Villablinotik gertu dagoen Caboalles de Abajo herria eta garai bateko hango meategia bisitatu ditugu. Meategi inguruko eraikinak eta instalazioak ikusgarriak dira, baita inguruko etxe, iturri, eliza eta gainerakoak ere.
Caboalles de Abajo herria
Caboalles de Abajo herrian leku askotan ikusi ditugu aurreko egunetan Lacianart museoan ezagutu dugun Manuel Sierra artistaren lanak. Museoan baino aire librean hobeto daudelakoan nago.
Herri interesgarri hau bisitatu eta miretsi ondoren abiatu gara Goierri aldera. Bidean, ordea, etenaldi bat egin dugu, Kantabriako Islares herrian, hango Erillo erretegian bazkaltzeko (Islares, Kantabria. Tel.: 942 86 20 91). Oso giro onean bazkaldu ostean berrekin diogu Goierrira arteko itzulerako bideari. Pozik etxeratu gara denok eta gauza handia da hori. Jarraitu horrela lagunok!!!
Bideoa
Estekak/Enlaces