(2025-11-18an, asteartea)
Gaur asteartea, azaroak 18, goizeko 7:00etan Goierrin elkartu eta autobusez Nafarroara joan gara 48 mendizale, Milagro-Aezkoa abelbideko 5. zeharkaldia egitera, Subitza eta Noain artean. Goizeko 8:25ak aldera abiatu gara, giro haizetsu eta hotzarekin, baina zeru garbiarekin. Etapa honen zatirik handiena pistaz egin dugu.
Subitzako herrixkatik abiatuta igotzen hasi gara eguneko aldaparik luze eta gogorrena. Gurutze Santuaren baselizatik igaro ondoren, Erreniagako tontorrera iritsi gara. Handik aurrera, goitik beherako bidea izan dugu aldapa koxkorren bat edo beste kenduta. Besteak beste, Erreniagako erromesen monumentua eta hobietako memoriala ikusi ditugu. Azken honen inguruan eta babesean, haize asko eta hotza egiten zuelako, hamaiketakoa egin dugu. Gero, Zarikiegi, aurri-egoeran dagoen Gendulain, Galar eta Esparza herriak zeharkatu eta Noaingo guduaren oroigarrira iritsi gara. Azkenean, 14:15ak aldera Getze herrian amaitu dugu ibilbidea. Autobusa hartu eta Noain herrira joan gara bazkaltzera, eta arratsaldeko 17:00ak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Subitza (624 m), Aizkibel (1.012 m; 2,2 km; 0:50), Bordatxar (997 m; 3,2 km; 1:00), Gurutze Santuaren baseliza (1.016 m; 4,3 km; 1:15), Erreniega (1.033 m; 4,8 km; 1:25), Erreniegako hobien memoriala (765 m; 8,3 km; 2:20), Erromesaren monumentua (766 m; 8,35 km; 2:30), Zarikiegi (629 m; 10,7 km; 3:00), Gendulain (539 m; 13,2 km; 3:35), Galar (542 m; 15,5 km; 4:15), Espartza (524 m; 17,4 km; 4:40), Noaingo batailaren monumentua (490 m; 20,4 km; 5:40) eta Getze (443 m; 21,3 km; 5:50).
Desnibel metatua: igoeratan: 564 m; jaitsieratan: 749 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Subitzatik abiatzen
Zazpi euskal hiriburuetako zeharkaldia amaituta, Milagrotik Aezkoara doan Abelbideari berrekin diogu. Iruñea inguruko Subitza herrixkara joan eta Subitzako jauregiaren ondotik abiatu gara, Abelbideko 5. etapa egiteko asmoz. Eguzkiak jadanik eguna argitzen duen arren, Subitzan hotza egiten du eta haizea indarrean dabil. Hezurretaraino sartzen den haize horren eraginez hotz handiagoa egiten duela ematen du.
Hasi eta berehala aldapan gora
Landa-bideetatik goazela, pottoka batzuk ikusi ditugu lastoz ongi hornituak; janaririk ez zaie falta, baina mugitu ahal izateko barruti txiki samarrean daude. Gu haiek utzi eta udazken koloreak dituen basoan gora jo dugu, goiko mendietara igo eta hasierako hotzak uxatzeko. Lehenbizi Aizkibel mendiaren ingurura hurbildu gara eta ia jarraian Gurutze Santuaren baseliza ondora. Behetik urrunean ikusten genituen haize-errotak, bidelagun izango ditugu hemendik aurrera tarte luze batean.
Erreniega tontorrean
Gurutze Santuaren baselizatik aurrera gainez gain joan gara. Lehenbizi Erreniega (1.036 m) mendiko tontorrera iritsi gara. Lehen aipatutako haize-errotez gain, antenatzar ugari daude gain hauetan. Tramankulu teknologiko hauen artean, deigarria gertatu zaigu irrati-faro baten eraikina. Dirudienez, gune horietatik aireontziek hegaldian jarraitzeko erabiltzen duten irrati-laguntza eskaintzen dute. Beti ikasten da zerbait.
Haize hotzari aurre eginez
Haize-errota ilara luze baten ondotik jarraitu dugu Erreniegako gainaldean aurrera. Haizeak indar handia du gaurkoan, batez ere goialde honetan, eta nola edo hala hari aurre egin behar izan diogu. Errotak etengabe lanean ari dira; hemen dagoen sailarekin, hauek sortutako energia ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango.
Erreniegako Hobietako Memorialean
Erreniegako hurrengo gune berezian gaude; alde batean Erreniegako hilobien memoriala dago, hemen erail zituzten gizon eta emakumeen omenez. 20 harriz osatua dago eta 2017an inauguratu zen. Erdiko harri bat, Peio Iraizozek landutakoa eta desagertutako pertsona guztiak gogorarazten dituena, eta 19 inguruan, espiral ireki moduan, jatorrizko herri bakoitza irudikatzen dutenak.
Erreniegako erromesaren monumentua
Senide, herritar, elkarte eta zenbait erakunderen laguntzarekin eraikitako oroigarritik hurbil, erromesen omenez eraikitako monumentua dago. Vicente Galbete artistak egin zuen eskultura eta 1996an inauguratu zen. Eskulturak hamabi erromesen profila erakusten du, batzuk animaliekin, eta aro desberdinetako itxura dute.
Zarikiegiko San Andres eliza
Erreniegatik behera erromes batzuk ikusi ditugu, batzuk atzerritarrak, eta euren ohiko diosalarekin (“Buen camino”) agurtu gaituzte. Donejakue Bidea egiten ari dira eta gu haiek zeharkatu duten herrietako batera iritsi gara: Zarikiegira. Zarikiegiko San Andres eliza XIII. mendekoa da, erromaniko berantiar estiloan eraikia. Gaur egun, familia bakarreko eraikin ugariek handitu dute bai herria, baina ez datoz bat hirigune historikoan daudenekin.
Gendulain
Zarikiegi igarota, garai batean kontzeju izandako eta gaur egun hustuta dagoen Gendulain herrixkara inguratu gara. Erdi Aroan garrantzi handiko jaurerria izan zen eta Donejakue bidea herritik igarotzen zenez, merkataritza garatu ahal izan zuen. 1817an, kondearen jauregiaz gain, 23 etxebizitza zeuden herrian, baina gaur egun kontserbatzen den eraikin bakarra, XVII. mendean eraikitako San Andresen eliza da.
Espartza
Gendulain ondoko urmaelaren inguruan, errekatxo bat zubi gainetik igaro eta Galar herrixkara joan gara, non pilotaleku estalia eta San Martinen eliza ikusi ditugun. Handik errepidez hurrengo herriraino joan gara, argazkian ageri den Espartza herrira. Hango kaleetan ikusgai daude garai batean nekazaritzan erabiltzen ziren hainbat tresna. Hura atzean utzita, segidan Espartzako industrialderantz jarraitu dugu.
Noaingo batailaren monumentua
Industrialdetik irtetean, soro ertzetik joan gara tarte batean han ereindako haziari ahalik eta kalterik txikiena egiteko. Mendi bidean goazela, Noaingo batailaren monumentura heldu eta geldialdia egin dugu, han 1521eko guduari buruz taldekideek emandako argibide zinez interesgarriak entzuteko.
Haiek entzun eta laster heldu gara gure gaurko helmugara: Getze herrira. Handik, autobusez, Noainera joan gara, hango kiroldegiko El Rincón del Txanga tabernan bazkaltzera (La Lostra etorbidea, 1. Noain. Tel.: 642 17 95 27). Tabernako arduradunak adeitsu eta jator portatu dira gurekin eta zutenetik nahi genuen guztia eskaini digute. Hori zortea gurea!
Bideoa
Estekak/Enlaces