(2025-05-06an, asteazkena)
Gaur asteazkena, maiatzak 7, goizeko 06:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Nafarroara joan gara 46 mendizale, Milagro-Aezkoa abelbideko 4. zeharkaldia egitera, Mendigorria eta Subitza artean. Goizeko 08:00ak aldera Mendigorria ingurutik abiatu gara, primerako eguraldiarekin. Ibilbideko zatirik handiena landa-bideetatik egin dugu.
Mendigorria herriaren kanpo aldetik hasi eta etengabe gora egin dugu, harik eta Arnotegiko baselizara iritsi arte. Handik Obanos herrira jaitsi eta Eunateko ermitara joan gara. Bertan mokadu bat jan ondoren, San Pedro baselizatik igaro gara. Hemendik aurrera ibilbideko aldaparik handienak igotzen hasi gara, Aizkibel mendiko haize-erroten azpian. Azkenean, jaitsiera labur baten ondoren 14:25ak aldera Subitza herrian amaitu dugu ibilbidea.
Ibilbidea eta denborak:
Hasiera, Mendigorrian (356 m), Milagro-Aezkoa Errege Abelbidea (357 m; 0,4 km; 0:08), Bidegurutzea (394 m; 1,7 km; 0:25), Behien ukuilua (358 m; 2,6 km; 0:35), Aintzira (425 m; 4,6 km; 1:10), Arnotegiko baseliza (514 m; 6 km; 1:30), NA-6010 errepidea (375 m; 7,2 km; 1:55), Obanos (412 m; 7,9 km; 2:05), Eunateko Andre Mariaren ermita (392 m; 10,5 km; 2:55), Adios (481 m; 13,5 km; 3:40), San Pedro baseliza (480 m; 14,8 km; 3:55), Goi-tentsioko linea (552 m; 16,2 km; 4:10), Milagro-Aezkoa Errege Abelbidea (582 m; 17,2 km; 4:25), Eraikuntza (642 m; 18,3 km; 4:45), Frankoandiako bidea (684 m; 19,3 km; 4:55), Aldizkako erreka (665 m; 20,7 km; 5:20), Bidegurutzea (748 m; 22,3 km; 5:50) eta Subitza (623 m; 25 km; 6:25).
Desnibel metatua: igoeratan: 703 m; jaitsieratan: 424 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Paisaia
Gaur maiatzak 7 ditu eta asteazkena da. Nafarroako Mendigorria ingurutik abiatu gara 46 mendizale Milagro-Aezkoa errege abelbideko 4. etapa egiteko asmoz. Eguraldi eguzkitsu ederrarekin ekin diogu ibilaldiari eta NA-601 errepideko hasierako metroak arreta eta kontu handiz egin behar izan ditugu, harik eta bihurgune batean soroetako bide zabal bat hartu arte. Poliki-poliki bideak gorantz egiten du, baina zailtasun handirik gabe eta inguruan honelako opariak eskainiz.
Gares
Bidean aurrera goazela Gares herria agertu zaigu begi bistan. Une batez hango zubi sonatuaren zati bat ikusi dugu, baina ez bere osotasunean. Autobusean, Mendigorriara gindoazela, autobidetik ikusi ahal izan dugu unetxo batean, baina hemendik mendialdetik ez da osorik ikusten. Soroak eta mendiak berde kolorez apaindurik ageri dira, eguzkiaren erreinuez argituta. Gauden lekutik Iruñetik Logroñora doan autobidea ikus daiteke eta, atzerago, Artazu herria ere bai.
Arnotegiko baseliza aldera
Aurreko egunetako euriak kontuan izanik, lokatza biltzeko beldurrez abiatu gara gaurkoan, baina azken zatiko putzu batzuk izan ezik, bide ona izan dugu ibilaldi osoan zehar. Argurutzen Isabel infantaren gotorleku izandakoaren ondotik igaro ostean, muino baten tontorrean dagoen Arnotegiko baselizarantz jo dugu. Inguruan ikusi ditugu urte asko ez dela izandako sutearen ondorioak. Naturaren indarrari esker sailik gehienak bere onera etorri diren arren, zenbait zuhaitz belztuta ageri dira oraindik ere.
Baselizako igoera
Une batez, taldea bitan banatu da; talde handiena ilaran jarrita bidezidorretik doan bitartean, taldetxo bat bide zabalago batetik doa, baina laster elkartuko dira berriro. Hasiera honetan, tarteka, izan ditugu honelako aldapatxoak, baina ez dute zailtasun handirik, eta zorua bera ere lehor dago, ondo ibiltzeko moduan. Ikusten denez, batez ere soro arteko bideak dira, tarteka mendi edo muinoetara ere egiten duten arren. Halaxe igo gara ingurune paregabean dagoen Arnotegiko baselizara.
Obanos
Arnotegiko baselizatik, besteak beste, Obanos herria ikusten da. Hara joan gara hurrena, eta NA-6010 errepidea gurutzatu ondoren, Obanosko kaleetan murgildu gara. Herri polita da Obanos eta hango etxe bateko balkoian pankarta bat ikusi dugu euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz idatzia. San Joan Bataiatzailearen eliza galantaren inguruan, Foru plaza, frontoia edota udaletxea daude. Obanosen elkartzen dira Nafarroako eta Aragoiko Donejakue bideak. Obanosen famatua da Obanosko Misterioa, Erdi Aroko kondaira batean oinarritzen den formatu handiko antzezlana.
Taldea Eunaten
Obanosko kaleak utzi eta landetara jo dugu berriro. Laster heldu gara gaurko beste gune garrantzitsuenetako batera: Eunateko Andre Mariaren ermitara. Heldu aurretik, istripu txiki bat izan eta taldekide batek min hartu du. Ikusi egin beharko da zenbaterainoko ondorioak izaten dituen, baina gaur behintzat, tamalez, hantxe utzi behar izan du ibilaldia. Eunate leku xume eta ederra da, hango lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen duena. XII. mendearen bigarren erdian eraikitako arkitektura erromanikoaren harribitxia da egitura oktogonaleko Eunateko eliza.
Koltza soroen artean
Eunaten hamaiketakoa egin eta taldearen argazkia atera ondoren, aurrera segitu dugu. Lehenbizi Adios herria agurtu dugu eta jarraian Aurizko herri abandonatutik igaro gara, hango San Pedro baselizaren ondotik. Altxonbide edo abelbidean gabiltza eta, tarteka, hori adierazten duten mugarriak ikusi ditugu bide-ertzetan. Soro eta zelaiak lorez koloreztaturik azaldu zaizkigu: lore horizko koltzak, berde koloreko gariak edota mitxoleta gorriak. Hau da hau, landare eta kolore festa!
Oztopoak saihestuz
Aurrerago abelbidea utzi eta Frankoandiako bidetik jarraitu dugu. Hemen izan dugu eguneko igoerarik luzeena, baina ez da batere aldapatsua izan. Tarteka, ordea, argazkikoa bezalako putzuak daude bidearen erdian eta nola edo hala horiek saihestu egin behar izan ditugu. Baina moldatu gara. Aizkibel mendiaren magalean gabiltza, hango haize-erroten azpian.
Halaxe, astiro-astiro, gaurko helmugara hurbildu gara. Subitzako sarreran zaldi dotore batzuek eman digute ongietorria. Hantxe daukagu autobusa zain eta laster abiatu gara ondoko Beriain herrira hango Erretiratuen eta Pentsiodunen elkarteko egoitzan (Larre plaza, 4. Beriain) bazkaltzera. Iritsi garenerako mahaiak prest ditugunez, giro ezin hobean bazkaldu dugu berriro Goierrira itzuli aurretik. Mila esker Beriaingo Erretiratuen eta Pentsiodunen elkarteko zerbitzari jator eta prestuei.
Bideoa
Estekak/Enlaces