(2025-03-12an, asteazkena)
Gaur asteazkena, martxoak 12, Goierrin elkartu eta Nafarroara joan gara 49 ibiltari, Milagro-Aezkoa abelbideko bigarren etapa egitera Azkoien eta Lerin artean.
Lehen herri horren ingurutik abiatu gara goizeko zortziak eta erdiak aldera nahiko giro hotzarekin. Eguzkia ere badugun arren, haize fina dabil eta ondo jantzita egin ditugu hasierako kilometroak. Galeperren kantuak entzunez, lokatza izan dugu bidelagun ibilbideko lehen erdian. Gero egoera hobean zeuden bideak izan ditugu eta fruta-arbolen, soroen edota mahastien artean ibiliz Lerin inguruko El Saso industrialdeko gasolindegiaren ondoan amaitu dugu gaurko ibilaldia.
Ibilbidea eta denborak:
Azkoien (Mazelako bidea)(292 m), Na-624 errepidea (310 m; 3,5 km; 0:43), Gurria kortaren parean (363 m; 6,2 km; 1:20), Royales idoia (385 m; 9 km; 1:58), Camino de Las Suertes bidea (401 m; 10,4 km; 2:28), Na-6210 errepidea (367 m; 14,2 km; 3:15), Ánimas (389 m; 16,3 km; 3:45), Blancoren korta (389 m; 18 km; 4:08), Aintzira (380 m; 18,2 km; 4:11), Gorritxoren korta (386 m;19,6 km; 4:29), Uretaren korta (383 m; 21,3 km; 4:49), Lerin (El Saso industrialdea, gasolindegia)(365 m; 23 km; 5:08).
Desnibel metatuak: igoeratan: 198 m; jaitsieratan: 142 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Ibilaldi hasierako soro berdeak
Azkoien herrira hurbildu gara, Milagrotik Aezkoara arteko abelbidearekin jarraitu nahirik. Na-115 errepide ondoan dagoen Mazelako bidetik abiatu eta, abelbidea bera oso egoera onean ez dagoenez, haren parean doazen pistetatik joan gara, ibilbideko abere ia bakarrak (behiak eta ardiak) beren ukuilu eta artegietan utziz.
Geldialdi ''teknikoa''
Hasierako kilometroetan lokatza azaldu zaigu bidean eta pilatzen joan zaigu galtza barrenetan eta, batik bat, oinetakoetako zoletan. Eskerrak, halere, aldapa handirik ez dagoen, horrek nekea areagotu egingo bailiguke. Holakoetan ondo etortzen dira bideko geldialdiak, arintze-lanak egin ahal izateko.
Eguzki ederra, baina haize hotza
Eguraldi hotzarekin abiatu gara Azkoiendik, eta haize fin biziarekin, baina laster hasi da eguzkia eguratsa epeltzen. Aldameneko lagunekin solasean joateko parada izan dugu eta, tarteka, galeperren kantuak aditu ditugu. Taldekide batzuk erne zihoazen eta haiei esker besteok ere entzun ahal izan ditugu hegazti horien txorrotxioak.
Sigi-saga bidean aurrera
Bide guztiak, ordea, ez daude lokaztuta. Hemen ortziak mugatzen dituen sail handiak daude eta horien artean gabiltza gu. Landatutako soroetan garia eta antzeko zerealak, berde-berde, indarra hartzen ari dira; beste sail batzuetan fruta arbolak dira nagusi; eta olibondo gazteak behin baino gehiagotan ikusi ditugu.
Lokaztia saihestu nahirik
Zenbait lekutan lokatza dago, baina hura saihesteko bide ertzetara jo dugu, garai bateko abere transhumanteek egin ohi zuten bezala. Guk ez dugu hango belarrik jango, baina ondo etorriko zaigu oinetakoetako zama arintzeko. Ertzetakoak ez ezik, bide erdian daudenez ere baliatu gara (ikusi bestela hemen beheko Argazkiak estekan agertzen diren argazkiak).
Mendizale taldea aintziraren ondoan
Soro eta zelai artean ibili gara, baina ibilaldi osoan ez dugu etxe bakar bat ere ikusi. Han-hemenka kortaren bat edo beste bai, eta gehienak erorita edo erdi erorita. Lerinera hurbiltzen ari garela, aintzira eder bat topatu dugu eta eguneko mendizaleon argazkia bertan egitea pentsatu dugu.
Kolore festa
Pier Paul Bertzaiz kantariak bere kantu batean dioen bezala: “Mila kolorez dantzan bihotzetan”. Halaxe irudikatu dute gure argazkilariek euren argazki eta bideoetan gaurko ibilaldiko zenbait une eta gune. Honako argazki honetan, esate baterako. Berdea nagusi den arren, zeru urdinak edo laino zuriek, besteak beste, distira berezia erakusten dute.
Lerin herria begi bistan
Ari gara gaurko helmugara hurbiltzen. Amaiera aldera ederki ikusi dugu lehenago urrunean azaldu zaigun Lerin herria. Ez gara herrira joan, ordea; kanpoaldean dagoen El Saso industrialdean amaitu dugu ibilaldia, eta etapa amaierako garbiketak egin ostean (gaur bereziki), Allo herrira joan gara bazkaltzera (Centro Cívico Allo taberna eta jatetxea. Paseo de la Fuente, 4. Allo. Tel.: 948 523 789 eta 629 575 468).
Bideoa
Estekak/Enlaces