(2025-02-26an, asteazkena)
Gaur otsailak 26, asteazkena, goizeko 6:30etan autobusez irten gara 51 mendizale Ordiziatik, Beasaindik eta Idiazabaldik, Milagrotik Aezkoara bitarteko Errege Abelbideko 1. ibilaldia egitera. Goizeko 8:30ak aldera Castejondik abiatu gara, zeru oskarbiarekin, baina giro hotzarekin. Ibilbide gehiena nahiko laua izan da eta Ebro, Aragoi eta Arga ibaiak izan ditugu bidelagun.
Ibilbidea Ebro ibaiaren ondoan hasi dugu soro eta fruta-arbolen artean. Zazpigarren kilometroaren inguruan Aragoi ibaiak bere urak Ebro ibaian isurtzen dituen lekura iritsi gara. Handik Aragoi ibaiari jarraitu diogu, eta, Milagro herria pasa baino lehen, mokadu bat jaten gelditu gara. Gero, igotzen hasi eta bidean mahastien artean eta eguzki-parke batean ibili gara. Peñalen ezproiaren ingurura heldu garenean, Arga eta Aragoi ibaien elkargunea ikusi dugu. Hortik, igotzen jarraitu dugu Peñalen amildegira iritsi arte. Jarraian jaisten hasi eta Funes herrira iritsi gara. Azkenean, Arga ibaiari jarraituz, Azkoien herrian amaitu dugu ibilaldia 14:00ak aldera eta bazkaltzera joan gara.
Ibilbidea eta denborak:
Castejón (260 m), Trenbidea (267 m; 1,1 km; 0:15), Ubidea (267 m; 3,6 km; 0:44), El Espeso parajea (270 m; 7,2 km; 1:30), Milagro (294 m; 11 km; 2:35), La Corraliza de Sanchez eskorta (370 m; 14,5 km; 3:05), Peñalen (368 m; 18,9 km; 4:00), Funes (283 m; 22,5 km; 4:50) eta Azkoien (284 m; 24 km; 5:30).
Desnibel metatua: igoeratan: 304 m; jaitsieratan: 275 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
51 mendizale Castejón ingurutik abiatzen
Castejondik igarotzen diren errepideetako baten (N-113) ertzetik abiatu gara. Ibilaldian zehar nagusi izango den landetako pista zabaletik hurbildu gara trenbideko zubira lehenik eta Ebro ibaira geroxeago. Eguraldi freskoa dugun arren eta oraindik berotzen ez badu ere, eguzkia da jaun eta jabe zeru urdinean.
Fruta arbolak
Bide laua izan dugu ia ibilaldi osoan. Alde batean Ebro ibaia eta beste aldean soro-zelai handiak ditugula egin ditugu lehenbiziko kilometroak. Landa emankor hauetan fruta arbolak dira nagusi, errenkadan txukun asko landatu eta zaindutakoak. Nabaria da zenbat eta zeinen ondo lan egiten duten inguruko nekazariek.
Ibar-basoa Ebro ibaiaren inguruan
Inguru hauetan ezagunak dira ibai ondoko ibar-basoak. Ibar-basoa edo ibaiertzeko basoa ibaiaren ibilguaren ertzetan hazten diren zuhaitz eta zuhaixken multzo estua da. Oso ekosistema aberatsak dira eta ibilgua babesteko ezinbestekoak. Landare-espezieak ibaiaren ibilguan zehar sortzen dira: ur gehien behar dutenak ibaitik gertuen kokatzen dira, sustraiak arroan bertan hondoratuta (sahatsak), eta, atzerago, ur gutxiago behar dutenak kokatzen dira: haltzak, makalak, lizarrak, zumarrak, etab.
Milagron, Aragoi ibaiaren ondoan
Urrunean Milagro herria ageri zaigula, Aragoi ibaiak bere urak Ebrorenetan isurtzen dituen gunera hurbildu gara. Aragoi ibaiaren ertzetik gabiltza orain, baina hango urak ez bezala, gu ibaian gora goaz. Milagrotik hurbil atsedenleku leku polit bat topatu dugu eta hantxe indarberritu gara aurrera jarraitu ahal izateko.
Milagro herria eta Aragoi ibaia
Milagro izenak ez du zerikusirik erlijio gaiekin. Latineko miraculum (begiratokia) hitzetik dator eta argazkia ikusita garbi dago guztiz izen egokia dela. Aragoi ibaia zeharkatzen duen zubitik herri dotorea ikusten da. Harantz goazela, zikoinak ikusi ditugu arbola puntetan, gure argazkilarien zain baleude bezala.
Zikoinak euren habian
Bidean ez ezik, Milagro herrian ere ikusi ditugu amiamokoak. XVII. mendean eraikitako Abateen Andre Mariaren elizako kanpandorrean lehenbizi, eta Erdi Aroko gazteluko horma bakanen gainean geroago. Famatuak dira Milagroko gereziak eta fruta horri eskainitako egun berezia ospatzen dute herri honetan ekainaren bigarren asteburuan.
Eguzki panelen artean
Gaztelurako bidetik Milagro behean utzi eta mendialdera igo gara. Goi lautada hauetan, fruta arbola eta mahasti artean, baratze berezi bat topatu dugu: eguzki-panelez betetakoa. Tramankulu erraldoi hauek zeregina izango dute gaurko eguzkiarekin. Hauek ere, lehenago fruta-arbolak bezala, errenkadan ondo eta zuzen ipinita ageri zaizkigu.
Peñalen, Arga eta Aragoi ibaien elkargunea
Hurrengo geldialdia Peñalengo amildegia ikusteko. Anai-arrebek amildegi honetatik bota zuten Antso IV.a 1076an. Hemendik Aragoi eta Arga ibaien elkargunea ere ikusten da. Elkargune hartatik aurrera Aragoi ibaiak kilometro batzuk egiten ditu bere urak Ebrorenetan isuri aurretik. Jarraian Funes herrira jaitsi eta Arga ibaiaren ertzetik jarraitu dugu Azkoienen amaitu arte.
Bideoa
Estekak/Enlaces