Intxaurrondo arrunta (Juglans regia) Juglans generoko zuhaitza da, jatorriz Ekialde Hurbilekoa baina Europa osotik Himalaia eta Txina hego-ekialdea arte etxekotua. Intxaurrak ematen ditu.
Hosto-erorkorreko zuhaitza da, eta 30 m garai izan daiteke. Itxura sendoa du, eta adaburu zabala eta biribildua.
Enbor lodia du. Azalak zilar-koloreko grisa du, eta arrail sakonak sortzen zaizkio azalean adinarekin.
Hosto handi eta konposatuak dituzte intxaurrondoek, eta 3tik 9ra foliolo. Hostoak apurtzean, oso usain bereizgarria nabaritzen da.
Lore arrak eta emeak desberdinak dira: arrak aurreko urteko adarretan zintzilik dauden infloreszentziatan baturik daude (gerba erakoak); emeak, aldiz, urteko adaxken puntan jaiotzen dira, 2-3 ale txikiko taldetan.
Fruitu globularrak —drupak— ematen ditu intxaurrondoak. Fruituaren kanpoko alde berdea belztu eta deskonposatu egiten da, eta intxaurra uzten du agerian. Intxaurra oso fruitu gozoa eta elikagarria da
Baso misto eta haltzadietan da ugaria.
Ebanisterian oso preziatua da zura.
Gaur egun, barietate frantziarrak eta amerikarrak interes handia dute, berehala hazten direlako.