Lasaitasuna, momentu honetan gehien behar dudana. Ur lasaiak, txorien kantuak, hostoen kolore berdea eta errekan behera datozen zuhaitzetatik eroritako adarrak. Ezaugarri hauek guztiek biltzen dute Argaren ertzeko giro lasaia. Nire gorputzak eskatzen duen giro lasaia.
Beti goitik behera gimnasioan, azterketetarako ikasten, klasean, mundu guztiaren mina baretzen saiatzen, eta nirea zer?
Galdera honek egoista samarra dirudi, eta, aldi berean, barregarria. Baina nire bizitzako momentu honetan konturatu naiz “arazo” moduko batzuk ditudala lasaitasun hori izaten uzten ez didatenak. Eta zer egin horien aurrean? Ez dakit.
Ezer gutxi da, baina tira, Argaren ertzera etortzeak bultzatu nau hau idaztera. Konturatu naiz nire sentimenduak idazteak lasaitasun horretara hurbiltzen nauela.
Iratxe Ridruejo
Oso goiz esnatu nintzen, soinekoa bainujantziaren gainetik jantzi ondoren, egunero bezala, nire txoko maitera iritsi nintzen. Zuhaitzen artean nire liburua topatu nuen, baina, egun hartan, ez nintzen asmatutako istorio batean galdu.
Nora ezean nenbilen, naturaren baitan galduta, zer aurkitu ez nekiela. Momentu batean, sua isiltzeko gai ziren bi begik lore sorta baten aurrean pausatu zuten begirada, liluraturik. Ibaiak sortzen zuen soinu azkarra, gogorra (ko)loreztatzen zuten nire begietan islatzen ziren loreek. Sorginkeria hartan murgildu nintzen, lore bakoitzak adierazten zuena sentituz, esanahi bakoitzarekin amestuz.
Bat-batean, nire begiek ikusten zuten kolore bakarra beltza izan zen. Bi esku leunek nire aurpegia laztantzen zuten, hain liluratuta ninduen paisaiatik urrunduz, bananduz. Hala ere, haren ahotsak zoratuta utzi ninduen. Kantu lasai eta goxo batek nire belarrietan aurkitu zuen ezkutalekua, eta hegan egiteko nahia asetuz disfrutatu nuen doinu zoragarria.
Esku bat poliki aldendu zen nire begietatik eta naturaren kaosaren erdian, nire eskua harrapatu zuen. Oraindik ez dakit nola, baina, soinekoa loreen beroki bihurtu zen, eta (h)ura, dantzaren eszenatoki. Eguzkiak argitzen zuen obrarik ederrena, eta nahi ez izan arren, suaren aliatu bihurtu zen, urak deklaratutako gudaren aurrean. Nire begiek, gainera, jai hartu zuten, eta ondorioz, momentu hartan, urak lehenengo aldiz indarrez astindu zuen bandera zuria.
Begiak ireki nituen, dena sutan zegoen, eta (ko)lore laranja antzezlanaren protagonista bihurtu zen. Esku leuneko neskaren kamiseta zuria, jadanik bandera izateko beharra ase zuena, laranja zen; haren ilea laranja zen eta baita oinak erei.
Azkenean, dena berezi izatetik eguneroko izatera pasa zen. Azkar ohitu nintzen ohitura hartara, baina, gauza batek harritu egiten ninduen oraindik. Neska zoragarriaren oinek laranja kolorea zuten beti.
Maria Urmeneta
Bizitza osoa egon naiz zure ondoan, ibaia, ibai, nire anaiaren izena daukazu. Jendeak ez zaitu maite, zikinkeriaz betetzen zaitu, eta hasieran zarena baino itsusiago ikusten zaitut. Nire haurtzaroaren zati zara, baina ez nire nerabezaroarena, tamalez.
Ze polita zaren lasai zaudenean, eta nola urduritzen eta beldurtzen nauzun haserretzen zarenean.
Barkaiguzu, ez zaitugu baloratzen, ezta zaintzen ere, badirudi ez daukagula zure beharrik. Umeak zurekin jolasten, agureak zure ondoan paseatzen, faltako zaren egunean, ez dakit zer egingo dugun.
Gehien maite dudan pertsonak Ibai du izena. Hain izaki txiki batek nola eman dezake hainbeste, zuk bezala.
Bizia zara, eta badakizu zer esaten duten, ez garela konturatzen daukagunaz, galtzen dugun arte, amaiera tristea bizi batentzat, ez baitauka atzera bueltarik, zure urak bezala.
Uste dut, ibaiertzera eramaten ditugun pertsonak jada garrantzi gutxi daukatela baina gure bizitza osatu dezaketela. Haiekin noizbait gure bizitzaren zatitxo bat partekatu dugu, eta gu geure buruarekin hobeto sentitu gara, pertsona on, eskuzabal, heldu, zu handittu eta beste ibaiekin elkartzean sentitzen zaren bezala. Zein modu politean hiltzen zaren, eta zein izen polita daukan heriotz horrek, Itsaso. Beraz, norbaitek zure beharra izanez gero, mesedez, han izan, guztiok maite dugu lasaitasuna.
Zure barnean bizi diren arrainek hitz egingo balute, istoriotxoekin betetzeko liburu lodi baterako adina emango lukete, zure ondoan lasai irakurtzeko, momentu batez gure kezka guztiak alde batera uzteko.
Aroa Cosin