Bilatzaileak

Orain gutxi arte liburutegi publiko eta pribatuak ziren dokumentazio gune nagusiak. Internetek mundu bete aukera ekarri digu: ordenagailutik aldendu gabe, kalitatezko kontsulta asko egin ditzakegu.

Internet mundu osoan zabalduta dagoen sareen sare erraldoi bat da, eta sare honen barruko edukien artean bilatzeko nabigatzaileak erabili behar dira. Hona hemen, beraz, euskaraz bilatzeko existitzen direnak.

Interneteko bilatzaile handiak

Google izena entzun eta Interneten edukiak aurkitzeko bilatzailea da burura datorren lehenengo gauza. Izan ere, munduko bilatzailerik erabiliena da, besteekiko oso alde handiarekin gainera, %80 inguruko erabilera kuota du azken estatistiken arabera.

Oso simplea da oinarrizko erabilera, bilatu nahi den hitza edo nahi diren hitzak hasierako pantailan idatzita eta berehala emaitzarik egonez gero, webgune zerrenda agertzen da orrialdekatuta. Hainbat hizkuntzatan dago bilatzaile hau, euskaraz barne, eta hizkuntza zein orrialdeko emaitza kopurua eta beste aukera batzuk konfigura daitezke idazteko kutxaren alboan dagoen “hobespenak” izeneko estekari sakatuta. Oinarrizko bilaketaz gain, bilaketa aurreratua egiteko aukera eskaintzen du dagokion estekan klik eginda. Hor esaldi zehatz bat, hitz batzuk edo hitz guztiak dituen emaitzak bilatu egin daitezke, hizkuntza zehatz batean edo webgune bateko emaitzak zein webgune baterako estekak edo formatu bateko emaitzak bila daitezke. Irudiak ere bila daitezke; gainera, bilatzen ari den irudiaren neurria, mota, kolorea... aukera daiteke.

Bing, Microsoften bilatzailea. MSN eta Windows Live Microsoften aurreko bilatzaileak ordezkatu ditu Bingek. Bilatzaile honek Interneten webguneak bilatzeko aukera ematen du, baina, era berean, irudietan, bideoetan, erosketetan, albisteetan eta mapetan egin daitezke bilaketak. Gainera, atal haietariko bakoitzean bilaketa ezaugarri bereziak zehaztu daitezke; adibidez, irudiaren kolore nagusia zein nahi dugun eta tamaina, edo prezio tartea erosketetan.

Bing bilatzailearen hobespenetan, nagusientzako edukiak iragaztea baimentzen du eta orrialdeko agertu behar den emaitza kopurua.

Bing bilatzailearen itxura grafikoa ez da Google eta beste bilatzaileena bezain apala, eta egunero, munduko lekuren baten irudia du bilatzailearen atzealdean.

Munduko estatistiketan Googleren atzean agertzen da Yahoo bilatzailea, baina tarte handiarekin. 2009ko uztailean Microsoftekin hitzarmena sinatu zuen, eta harrezkero Bing erabiltzen du bilaketa motor moduan, baina bere interfazea du oraindik. Hitzarmenak hamar urteko iraupena du, eta haren xedea Googleri aurre egitea omen da.

Bilatzaile honek ere webguneetan, irudietan, bideoetan, albisteetan eta erosketetan egin ditzake bilaketak, besteak beste.

 

Bilatzaile euskaldunak

Informazioa ingelesez edo gazteleraz lortu nahi bada, goiko bilatzaile handiek emaitza onak ematen dituzte, baina zer gertatzen da lortu nahi diren webguneak euskarazkoak badira? «Energia» hitza bilatuz gero, zenbatgarren azaltzen da lehenengo euskarazko webgunea?

Internetek Euskal Herrian izan duen historian, euskarazko bilatzaileek izan dute beren lekua; proiektu garrantzitsuenak Kaixo!, Jalgi eta Aurki izan dira.

Kaixo! bilatzaile elebiduna 2008an sortu zen (Google handia baino urte bat geroago), Euskal Herriko webguneen lehenengo bilatzailea izan zela esan daiteke. Bertan, euskarazko eta gaztelerazko edukia duten web orriak agertzen dira, eta, euskarazko bilaketak egiterako orduan, ez du teknologia berezirik erabiltzen.

Elebilaeuskarazko lehen Internet bilatzailea da. Interneteko bilatzaile ezagunenen funtzioak eskaintzen ditu baina kalitatezko euskarazko emaitzak lortzeko bermearekin. 

Horretarako, bilatzaileak Windows Live Search bilatzailean azterketa linguistikoa egiten du euskarazko informazioa besterik ez iragazteko. Gainera, deklinabidea ere kontuan hartzen du.

 

Aurki proiektua Eibar.org elkarteak jarri zuen martxan 1999an; euskarazko webguneak soilik bilatuko zituen bilatzailerik ez zegoela-eta, webgune horiez osatutako direktorio gisa hasi zen. 2005 hasieran RSS jarioen bilgune bihurtu zen. Han, euskarazko hedabideak, blogak, agendak eta RSS jarioa eskaintzen duten webguneak biltzen dira oro har.

 

Jalgi bilatzailea EHUko Informatika fakultateko proiektu baten fruitua izan zen eta euskararen tratamendurako teknologiak aplikatzen zituen lehen bilatzailea izan zen. Jalgi, bere jarduerak lehenagotik hasi bazituen ere, 2000 urtean hasi zen bilaketak eskaintzen. Gaur egun ere martxan da webgunea; ohiko bilaketez gainera, entziklopedietan eta mapetan egitekoak ere eskaintzen ditu.

** Badirudi ez dagoela indarrean.